DONOSTIA - Kimuakek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko ikertzaile eta irakasle den Bego Vicariok koordinatutako 'Ehiza' film laburra aukeratu du nazioko eta nazioarteko jaialdietan sustatzeko. Hirugarren aldia da Kimuakek Vicariok koordinatutako ekoizpena saritzen duena.

'Ehiza' animazio filma da, eta Rafa Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969an egindako "Homenaje a Tarzán" film laburraren jarraipena izan nahi du, lan hori izanik lehenengotariko euskal animazio filmetako bat. Bertan, gure errealitatearen gordintasuna islatzen da: jazarpena, indarkeria, suntsipena. 'Film labur' honetan, Bego Vicarioren taldeak Balerdiren proposamen estetikoa erreproduzitu nahi izan du, baina lan hura inspiratu zuen begirada kolonialistatik urrunduta.

Vicariok azaltzen duenez, proiektu honetan "Rafa Ruiz Balerdik bere filmaren amaieran utzi zigun mezua jaso dugu, zeluloidearen gainean "continuará" idatzi zuenekoa, eta hurrengo kapitulua bere teknika grafiko berberekin edo egungo baliokideekin egiteko erronka onartu dugu".

"Euskal Herriko eta Europako animazio zinemaren historiaren parte sentitzen gara, eta, haren oinordeko gisa, aurreko belaunaldietako artistek erdi abandonatutako kontzeptuak, teknikak eta proiektuak erreskatatu ditugu, eta aplikatu, birziklatu edo jarraitu ditugu, egungo paradigma sozialetik eta sortzaile gisa ditugun ikuspegietatik", adierazi du artistak.

Film hau "jarraituko du' hitzekin bukatzen da, eta Vicariok, ironieraz dio, "beharbada 50 urte barru geureak bezalako beste 'frikipanda' batek proiektuari jarraipena eman diezaion", Balerdik bere garaian proposatu zuen bezala.

HAUZAKENA TALDEA, LAGUN ZAHARRAK

Hauazkena taldea artista eta animatzaile talde bat da, eta izen desberdinekin (Ageda Kopla Taldea, Atxur Taldea, Armintxe Taldea), 2016az geroztik dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean. Talde lana da, eta proiektu bakoitzean hainbat artistak parte hartzen dute (irakasleek, ikasleek eta ikasle ohiek). Bosgarren film laburra da hau, eta, gaur egun, seigarrenean ari dira lanean, atariko izenburu honekin: "Hiria".

Oraingoan, hauek dira taldeko kideak: Ruth Escobar (animatzaile nagusia), Jugatx Aztorkia, Arrate López Arratibel, Naiara Mallabia, Andere Molinuevo, Angela Jurado, Miriam Inza, Uxue Reinoso, Roberto Zabarte (taldeko aholkulari teknikoa ere izan da), Oihana Leunda (diseinu lanak ere egin ditu) eta Bego Vicario (proiektua koordinatu du. Ekoizpen exekutiboa Patxi Azpillaga Ikus-entzunezko Komunikazio irakasleak egin du, Xabier Erkiziak soinu banda eta Eduardo Elosegik hartu du bere gain postprodukzioa.

Proiektuak Arte Ederren Fakultatearen , Eusko Jaurlaritzaren eta Mikel Laboa Katedraren laguntza izan du.