DONOSTIA - Euskalduna Jauregiak 44 ikuskizun hartu ditu uztailean Aurrera Fest! jaialdiaren barruan. Ekimen honek 4.862 ikus-entzule bildu ditu eta 77.855 euroko diru-bilketa lortu du.

Covid-19ak eragindako geldialdiaren ondoren, "Aurrera Fest" "itxaropen eramaile" bilakatu da kultur sektorearentzat, kultura kontsumitzea segurua dela erakutsiz.

Uztailaren 4tik, programa hasi zen egunetik, eskaini diren 44 ikuskizunen (20 musika modernokoak izan dira, 10 musika klasikokoak, 6 antzerkikoak, 3 dantzakoak, 1 zartzuelakoa, 1 umeei zuzendutakoa eta 3 bestelako arte-motekin erlazionatutakoak) 46 emanaldi egin dira.

Hori guztia ezinezkoa izango zen Euskaldunako ikus-entzuleen laguntza barik; izan ere, Euskaldunan segurtasun neurriak ziurtatzeko ezarritako protokolo berrien aurrean ardura eta errespetua erakutsi dute une oro. Jauregiak eskerrak eman gura dizkie kulturaz segurtasunez gozatzera hurbildu diren guztiei, haien jarrera eta portaera eredugarria izan delako.

PROTOKOLO ETA ZERBITZU BERRIAK

Edukiera murrizketak ezarri dira eta seinaleztapen berezia instalatu da komunetan, igogailuetan eta leku komunetan. Modu berean, indartu egin da kanpoko sarbideetako eta barruko gune guztietako seinaleztapena, joan-etorriak eta sarrerak indarrean dagoen arautegia betez egingo direla ziurtatzeko. Beste alde batetik, Euskaldunak airea iragazteko sistema berria instalatu du (F9).

Euskaldunak segurtasun protokolo bereziak diseinatu ditu langileentzat, ekitaldietako sustatzaile eta antolatzaileentzat eta Euskalduna Bilbaoko higiene eta desinfekzio lanak egiteko, eta baita ekitaldi bakoitzaren aurretik, ekitaldian zehar eta ondoren gauzatu beharreko ekintzak ere (adibidez: behin bakarrik erabiltzeko aurikularrak bat-bateko itzulpen zerbitzuetan). Horrez gain, antolatzaileei eta sustatzaileei, euren jardueretan segurtasun protokolo bereziak sortzeko laguntza eman die.

Osasun agintari eskumendunen zainketa eta kontrol lan posibleen barruan, une honetatik aurrera Euskaldunak jasotzen dituen jarduera guztietara doazenekin harremanetan jartzeko datuak batuko ditu.

IKUSKIZUNETARA JOAN DIRENEN LANKIDETZA

Euskaldunatik inplementatzen ari diren neurriez gain, ikuskizunetara joateko zenbait jarraibide ezarri dira:

Garaiz heltzea, pixkanakako sarrera errazteko. Ateak ikuskizuna hasi baino 45 minutu lehenago irekitzea.

Maskara derrigorrez erabiltzea

Segurtasun tarteak errespetatzea

Sarrera inprimatuta edo telefonoan eramatea

Euskaldunak hartu duen konpromisoaren arabera, ikuskizuna bertan behera utzi behar bada, sarreren kostu osoa itzuliko da.