- Oiartzungo Udalak urtero argitaratzen duen Mugarri bildumako azken atalaren ardatza -26. zenbakia da- Xabier Lete sortzaile oiartzuarra izan da. Bildumaren helburua herriko ondarea herritarren esku jartzea da eta Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile liburuaren bidez, irakurleek poetaren prosa ezagutzeko aukera izango dute. Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik sortu dute liburua, eta azala, aldiz, Idoia Beratarbide ilustratzaileak egin du.

"Poeta kantariak, nolabait, itzalpean utzi du alde prosalaria, pentsalaria edota ideiak beste modu batera kanporatzen dituen Xabier Lete", azaldu zuen atzo liburuaren aurkezpenean Perez Gazteluk. Horrenbestez, haren heriotzaren 10. urteurrena betetzen den honetan aukera ona iruditu zitzaien egileei "Lete bera den, baina beste itxura batez adierazten denaren" lana berreskura-tzeko eta jendearen artean zabaltzeko.

Sortzaileek egindako ikerketaren arabera, Letek bere lehen lana hitz lauz egin zuen, 1965ean Zeruko Argian Carrasquedo Olano jauna eta beste batzuei testua idatzi zuenean. "Horrek esan nahi du Lete prosalaria lehenago plazaratu zela letren plazara Lete poeta baino", azpimarratu zuen Perez Gazteluk. Hala ere, Mugarri bildumaren tamaina kontuan izanik, liburuak ez du prosaz idatzi zuen guztia biltzen. Orotara, euskaraz idatzitako 67 eta gaztelaniaz egindako beste 22 lan jaso dituzte. Gehienbat iritzi generoko kazetaritza testuak dira: artikuluak, kritikak eta ukitu literario nabarmenagoa duten beste lan batzuk.

Euskarazko artikuluak Zeruko Argia, Jakin, Euskaldunon Egunkaria, Hegats eta Erlea egunkari eta aldizkarietatik hartu dituzte eta baita Errenteriako Oarso eta Oiartzungo eta Hernaniko urtekarietatik ere. Gaztelaniazkoak, aldiz, Garaia eta batez ere Mugako artikuluak dira. Haizea Saez de Eguilazek azaldu zuenez, Leteren prosa-lanen zerrenda osatzea ez da erraza izan. "Letek argitaratutako lan guztiak ez daude katalogatuta eta digitalizatuta, eta digitalizatuta egonda ere, ez daude inprentara eramateko moduko formatuan. Bestalde, COVID-19ak eragindako itxialdiak ere galarazi egin digu liburutegietara nahi eta behar adina bisita egitea", deitoratu zuen Saez de Eguilazek.

Liburuaren hitzaurrea Anjel Lertxundirena da eta bere lagun Leterekin dituen oroitzapenak gordetzen ditu bertan. Lan honetan parte hartzeak aberastu egin omen du poetarekiko zuen ezagutza: "Uste nuen Lete ezagun batekin topo egingo nuela artikuluak irakurtzerakoan. Ez dut esango poeta berri bat deskubritu dudanik, baina bai askoz ere osotuago bat aurkitu dudala".

Letek euskaraz idatzitako 67 eta gaztelaniaz egindako beste 22 lan jaso dituzte; batez ere, iritzi generoko testuak gailentzen dira