Ongi etorri Poeten Hilerrira!", adierazi du Giuseppek. Sarreraren ondoan, kanposantura sartzen diren bisitari guztiak jasotzeko prest dago atezaina. Giuseppe hilerriaren zaindaria da eta urteak daramatza lorategia zaintzen eta belarra mozten. "Han goian, Augustvon Goethe, Johann Wolfgangvon Goetheren semearen hilobia dago. Eskuinera bira eginez gero, Gramsciren hilarria aurkituko duzu. Ezkerrean, berriz, Percy Bysshe Shelley poetak atseden hartzen du". Giuseppek buruz dakizki txoko guztiak. "Baina isiltasuna beharrezkoa da. Kanposantu batean gaude eta hildakoen senideak etorri ohi dira bisita egitera", erantsi du.

Inork ez daki noiz ireki zuten Erromako Hilerri Protestantea, baina badirudi hilobirik zaharrena XVIII. mende hasierakoa dela. "Clemente XI. aita santuari bururatu zitzaion halako kanposantu bat sortzea, izan ere, katolikoak ez ziren herritarrek ez zuten eremu kontsakratuan hilobiratzeko eskubiderik", azaldu du Giuseppek. Kontua da garai hartan kanpoko artista, poeta eta idazle askok bisitatzen zutela Erroma, eta batzuek heriotza ere aurkitzen zuten hemen. Hala, agintariek protestanteentzako kanposantua irekitzea erabaki zuten, baina Ingelesen Hilerria izena hartu zuen laster. Bada, barruan Erroman bizi ziren poeta eta idazle ingeles andana daude lurperatuta. Denborarekin, halere, kristau ortodoxoen, juduen, budisten eta musulmanen hilobiak ere onartu dituzte.

Hilarrietan, hildakoen omenez idatzita dauden hitzak ederrak dira. "Haren ezer ere ez da desagertu, baina aldaketa erradikala pairatu du, aberatsa eta bitxia", irakur daiteke itsasoan itota hil zen Percy Shelley poetaren hilarrian. Pixka bat urrunago, JohnKeats poetaren hilobia dago. Keats tuberkulosiaren ondorioz hil zen Erroman, eta bere hilarrian zera idatzi zuten: "Hemen atseden hartzen du bere izena uretan idatzi zuen batek".

Giuseppek uste du giro berezia arnasten dela Hilerri Protestantean. "Cayo Cestio piramideak babesten gaitu", adierazi du hunkituta. Egiptoar estiloko piramidea, k.a 18. urtean eraiki zuten Cayo Cestio Epulón magistratua lurperatzeko. Orduz geroztik, Erromako eraikinik esanguratsuenetakoa da. Hilerri Protestanteak babesa bilatu zuen piramidearen eta Aurelianoren Harresien itzalpean eta egun ere horma horien atzean gordeta dagoela dirudi.

Hilarri ospetsuena Baina, zalantzarik gabe, hilarri guztien artean, Antonio Gramsci lider komunistarena da bisitatuena. Gramsci katolikoa zen, baina Julka Schucht errusiarrarekin ezkondu zen eta haren koinata kristau ortodoxoak partzela txiki bat erosi zuen kanposantuan. Filosofo marxistaren omenezko esaldia Pier Paolo Passolinik idatzi zuen. Koronabirusaren garaian, bisitariek metro bateko distantzia mantendu behar dute, beraz, Gramsciren hilobiaren aurrean ilara txiki bat egin da. Batzuek soinean daramate bandera komunista. Beste batzuek, berriz, loreak utzi dizkiote.

Edonola ere, kanposantuan kontsezioak egin dira katolikoentzat, alegia, fededun katoliko bat baino gehiago dago bertan hilobiratuta. "Montalbano komisarioaren "aita" ere hemen dago", adierazi du Giuseppek, "jende asko etortzen da argazkia ateratzea". Andrea Camilleri idazleak sortu zuen fikziozko pertsonaia ezaguna.

Idazle siziliarra ez zen fededuna eta ez zuen erlijio katolikoan sinesten, baina asko gustatzen zitzaion Hilerri Protestantea. Horregatik, kanposantu ederrean hilobiratua izatea eskatu zuen, eta bertako arduradunek azken nahiak onartu zituzten. Egun, lore gorriez eta Siziliako 'arancini' edo arrozarekin eginiko kroketa tipikoez inguratuta dago Camilleriren hilobia. Izan ere, detaile txikiez eta izen handiez beteriko eremua da Ingelesen Kanposantua.