Síguenos en redes sociales:

Aitziber Garmendia oholtzetara itzuliko da

Aitziber Garmendia oholtzetara itzuliko da

- Gaurtik hasita igandera arte, egunero, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Aitziber Garmendia protagonista duen Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) antzezlana ikusteko aukera izango da, 20.00etan.

80 minutu irauten dituen bakarrizketaren jatorrizko testua Marta González de la Vegarena da (De Caperucita a loba en solo seis tíos), eta Kepa Errastik itzuli du euskarara. Antzerkiaren zuzendaria Fernando Bernués izan da eta Errastik zuzendari laguntzaile papera ere betetzen du.

Antzolatzaileen arabera, ikuskizuna harreman afektiboen inguruan egindako ikerketa baten ondorio da, eta maitasun kontuen patetismoa umorea besarkatuz gainditzeko "eskuliburu peto petoa". Izenburuak sei mutil medio badio ere, antzezlanak kalean aurki daitezkeen sei jarrerei buruz hitz egiten du. Azken finean, harremanen sei fase erakusten ditu: "lehenengo tipoa gau bateko rolloa; bigarrena, ukimen-eskubidea duen laguna; hirugarrena, flipatua; laugarrena, berragertzen dena edo bueltan datorrena; bosgarrena, ona; eta seigarrena, zure bizitzako mutila, tarte baterako bakarrik bada ere". Horrela deskribatu zituen iaz sei fase horiek Garmendiak antzezlanaren estreinaldia aurretik egunkari honi eskainitako elkarrizketa batean.

Euskarazko antzezlanerako, itzulpena egiteaz gain bertsioa ere egin dute. Izatez, bakarrizketa neska eta mutilen arteko harremanean oinarritzen da, eta moldaketa egin ostean, iruzkin txikien bitartez zenbait ñabardura sartu dituzte "heteroarau hori pixka bat hausteko eta betiko komentario horietatik aldentzeko".

Antzerki lan honetan norberaren buruaz barre egiten ikasi behar dela aldarrikatzen da, izan ere, horrela pasa baita Txanogorritxo otso eme izatera. Bakoitzak bere burua maitatzea zeinen garrantzi-tsua den azpimarratzea da emanaldiaren helburua.

Sarrerak salgai daude dagoeneko Victoria Eugenia Antzokiaren webgunean (www.victoriaeugenia.eus) eta prezioak lekuaren araberakoak dira: 9, 10, 13.50, 15, 18 eta 20 euroan erosi daitezke.

Antzezlana. Aitziber Garmendia protagonista duen Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) emanaldia gaurtik hasita igandera arte ikusgai egongo da, 20.00etan Victoria Eugenia An-tzokian.

Sarrerak. Salgai daude www.victoriaeugenia.eus webgunean eta salneurriak lekuaren araberakoak dira: 9, 10, 13,50, 15, 18 eta 20 euroan eskuratu ditzake nahi duenak.