- Normaltasun berrira egokitutako 55. Durangoko Azoka prestaketa lanak hasi dira dagoeneko. Aurtengo edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean izango da eta Taupada! leloarekin euskal kulturgintzak bizirik jarraitzen duela erakutsiko du. Berriz ere, Durangoko Azokak euskal kulturaren topaleku izaten jarraitzea espero du, egoera berrira egokituta, osasun eta segurtasun neurriak betez, eta azoka birtualari ere ateak irekiko dizkio aurten.

Atzo goizean, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egindako agerraldian, Nerea Mujika Gerediagako presidenteak eta Arantza Atutxa elkarteko kudeatzaileak 55. Durangoko Azokak izango dituen berezitasun eta xehetasunen berri eman zuten. Guztietatik garrantzitsuena, Durangoko euskal liburu eta disko azoka mantendu eta ospatuko dela izan zen. "Osasun krisi honek guztia hankaz gora jarri du. Ezjakintasuna da nagusi. Inork ez digu ziurtatzen abenduan oraingo egoera honi eutsiko diogun, hobeto egongo garen edo itxialdi berri baten egongo garen. Ez dakigu. Beraz, parean daukagun egoera zaila da, batez ere ziurgabetasunez beteta dagoelako, baina dena den, egoera zail honen aurrean ere, erantzuteko asmoa daukagu eta 55. Durangoko Azoka egingo da" adierazi zuen Mujikak.

Izan ere, pandemiaren inguruan izan daitekeen egoera ezagutu ez arren, Azoka eusteko eta kultura babesteko gogoak irabazi du. Ildo horretan, Mujikak kulturak konfinamenduan zehar izan duen paper garrantzitsua azpimarratu zuen. "Kulturak salbatu egin gaitu konfinamenduan. Musikak, literaturak eta ikus-entzunezkoek, antzerkiak sarean€ Gure minutuak eta orduak bete dituzte, egoera ezohiko honetan sektore kaltetuenetako bat kulturgintza izan denean. Une batez gelditu egin zitzaigun bihotza, denoi, baina taupadaka hasi da berriro, Tau-pa-DA!", adierazi zuen.

Euskal kulturgintzak bizirik jarraitzen duela agerian utziko du 55 edizioak. Abenduaren 5etik 8ra, Landako Guneak Azokaren edizio berri bat hartuko du eta, nola ez, berezitasunez beteriko edizio bat izango da momentuko egoerari erantzun ahal izateko.

Besteak beste, abenduko azoka lau egunekoa izango da. Aurten, ikastetxeei eskainitako egunaren ordez, formatu digitaleko jarduerak antolatuko dira. Bestalde, protokolo berezi bat ere diseinatzen ari dira, momentuak eskatzen dituen osasun- eta segurtasun-neurriak bermatzeko. Ezaugarri nagusietako bat jende pilaketak ekiditea izango da, eta, adibidez, esparruetarako sarrera kontrolatuko dira.

Era berean eta programazioari dagokionez, zuzeneko aurkezpenen eta emanaldien kopurua murriztuko da, eta ikusle kopurua ere kontuan edukiko dute. Aldiz, programazioa birtualki ere gozatu ahal izango da, streaming bidezko emisioekin.

Lehenengoz, eta azoka burutuko den egunetan, www.durangokoazoka.eus webguneak 2020ko argitalpen eta diskoen denda birtuala hartuko du. Azoka etxetik bisitatu, urteko nobedadeak erosi eta etxean jaso ahal izango dira.

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak zehaztu zuenez, hurrengo edizioari begira oraindik lan handia dute egiteko. Momentuz, "kontsulta eta bilera asko egin ditugu liburu-etxeekin, diskoetxeekin eta erakundeekin, eta badakigu Azokan egon nahi dutela. Irailera arte ez da parte hartzeko epea irekitzen eta, beraz, ez dakigu zenbat stand izango diren, baina espazioa neurri guztiak errespetatuz beteko dugu eta Azokako gune guztiak parte hartuko dute", ziurtatu zuen Atutxak.

55. edizioa. 'TaupaDA!' lelopean Gerediaga Elkarteak euskal kulturgintzak bizirik jarraitzen duela erakutsiko du.

Abenduaren 5etik 8ra. Lau eguneko azoka izango da. Ikastetxeei zuzendutako lehenengo eguna formatu digitalean oinarrituko dute aurten.

Segurtasuna bermatzea. Egoera berrian jarraitu beharreko osasun- eta segurtasun-neurriak betetzeko protokoloa lantzen eta diseinatzen daude. Era berean zuzeneko ekitaldiak murriztu eta egokituko dira.

Azoka birtuala. 'Online' bertsioa izango du azokak. Etxetik nobedadeak erosi eta etxean jasotzeko aukera egongo da.