mirarte

'Europe At Home' ekimena aurkeztu da

01.05.2020 | 01:32
'Europe At Home' ekimena aurkeztu da

Portugalgo Faro hiriak bultzaturik, Europe At Home ekimenak Europako hamalau gune, Donostia tarteko, konektatu ditu literaturaren eta argazkigintzaren bitartez. Oso ezberdin eta askotarikoak izan arren, hamalauek badute elkarren artean antzeko egiten dituen ezaugarri bat: Europako Kultur Hiriburu izan dira edo horretarako lehian dabiltza.

Lehenengo taldean kokatzen da, jakina, Donostia; bigarrenean, Faro. Hauekin batera, Bodo (Norvegia), Novi Sad (Serbia), Vezprèm (Hungaria) eta Valetta (Malta) hiriek, besteak beste, bat egin dute proiektuarekin. Hasiera batean, Kultur Hiriburuekin erlazionaturik dagoen ekimena izan arren, "mugimendu ireki" bat bezala definitu zuten antolatzaileek, eta deialdia zabalduz, Europako edozein herrik edo hirik aukera du, nahi izanez gero, egitasmoaren parte izateko.

Faroko hautagaitza-bulegoaren zuzendari Bruno Ináciok, nazioarteko hainbat kazetarirekin eta Europe At Home ekimeneko parte-hartzaileekin, Internet bidezko prentsaurrekoa eskaini zuen atzo proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Konfinamendu garaian barrura begiratu beharrean kanpora begiratzeko proposamena egiten du ekimenak europeathome.eu plataformaren bitartez.

Guregana, proiektua, Donostia Kulturaren bitartez iritsi da, erakunde horixe baita 2016ko Kultur Hiriburu-tzak utzitako ondarearen ordezkaria. Azken asteotan buru-belarri jardun dute gai honekin lanean, eta behin betiko emaitzarekin pozik agertu ziren atzo. Oraingoz parte hartu duten hiriekin "Europaren nahiko irudi orekatua" lortu dela uste du Imanol Galdosek, erakundeko Zuzendaritza Laguntzarako teknikariak eta Donostian programa honen ardura hartu duenak.

Herrialdeek gaixotasuna ekiditeko muga fisikoak altxa dituzten garai honetan, kulturaren esparrutik horiek gaindituko dituzten zubiak eraikitzen ari den proiektu bat martxan jarri da. "Inoiz baino gehiago Donostiak kanpo harremanak behar ditu", zioen Galdosek, ekimenaren garrantzia nabarmenduz: "Honetatik elkarrekin aterako gara, ez dago besterik". "Momentu honetan herrialdeen artean, nazioen artean, zubiak behar dira eta kulturak izugarrizko zeresana eta indarra du horretan. Paradoxikoa dirudi, etxean gaude, inoiz baino isolatuago, baina inoiz baino behar handiagoa dago kanpoko errealitatearekin aurrera egiteko", esan zuen.

Idazlea eta argazkilaria

Egitasmoko partaide bakoitzari honako hau eskatu zaio: argazkilari eta idazle batekin kontaktuan jartzea, bakoitzak bere diziplinatik COVID-19ren ondorioz ezarri den berrogeialdiaren inguruan hausnarketa egin dezan. Guztira, 28 artistek parte hartu dute. Horien artean, Donostia ordezkatuz Juan Kruz Igerabide adunarrak testu bat idatzi du, Katua izenekoa –#DKEtxean ekimenean ere parte hartu du–.

Bestalde, Marcelo Utrerasek bere begiradatik izoztutako Donostia bat erakutsi nahi izan dio munduari, kaleak hutsik dituen hiri bat, batzuetan zuri-beltzean, bestetan, koloretan; proiektuaren helburutik hurbil beti: imajinaezinezko garai bat irudika-tzea, bai eremu pribatuan, zein publikoan. Txiletarra, argazkilaria izateaz gain, programatzaile kulturala ere bada itsasoaz bestaldean, eta Euskal Herrira etorri zen martxoan dFerian parte hartzeko –jaialdiaren amaierak eta konfinamenduaren hasierak hemen harrapatu ditu–, eta Donostian, orokorrean jendez gainezka dauden tokiak, huts-hutsik topatu zituen objektiboaren aurrean.