Nork ez du gogoan prakak kendu eta alkandora lotu ezin zuen gizon hura? Eta portaleko lehenengo kalentoi horiek? Urte batzuk pasa dira Gatibu musika taldeak bere lehen abestia egin zuenetik. Ordutik, bestalde, Euskal Herriko plaza eta aretoak alaitu dituzten beste hamaika doinu sortu dituzte gernikarrek. Hogei urteko ibilbidean, badira nabarmentzeko moduko hainbat datu, esperientzia eta bizipen.

SORRERA Ajangizko Kanpantxu auzoko eskola zaharretan sortu zen Gatibu, 2000. urtean. Alex Sardui (Exkixu), Jose Alberto Batiz (Akelarre, Fito y Los Fitipaldis eta Tapia eta Leturia), Josu Artetxe (Exkixu) eta Haimar Arejita (Birth Cake, Einbigu, Frik, Noiz?...)batu ziren hasiera batean. Azken horrek azaldutakoaren arabera, Sarduik eta berak zuten proiektu musikalari forma emateko asmoz: "Alexek eta biok gogoa geneukan elkarrekin musika sortzeko, eta desio horri tiraka sortu genuen Gatibu, ilusioz beteta geunden".

Handik gutxira, bestalde, hamarkada bi elkarrekin daraman laukotea osatu zuten: Alex Sardui (ahotsa), Haimar Arejita (gitarra), Mikel Caballero (Baxua) eta Gaizka Salazar (bateria). Esaten dutenez, bizi garen munduaren gatibu sentitzen direlako ipini zioten izen hori taldeari, "maitasunaren gatibu, arauen gatibu edota diziplina politikoaren gatibu".

Elkartu eta berehala hasi ziren abestiak sortzen, 2002an lehenengo diskoa argitaratu zuten arte. Hasiera hartatik, bestalde, denbora asko igaro da, eta egindako lanak izan ditu bere emaitzak.

GATIBUREN ARRAKASTA Guztira zortzi disko grabatu dituzte hogei urtean. 2002an kaleratu zuten euren lehenengo lana: Zoramena, hamar abestiz osatutako diskoa, eta 20.000 ale baino gehiago saltzea lortu zuten. Muxikako La Casa de Iñaki izeneko estudioan grabatu zuten, eta Gatibu taldeak berak ekoitzi zuen. Horrez gain, bazterrak nahastu zituen taldearen lehenengo kantak. Musturrek sartunde izena du eta kantu onenaren Gaztea saria irabazi zuen.

Disko Infernu izan zen bigarrena. 2005eko urtarrila eta martxoa artean grabatu zuten, hau ere Muxikako La Casa de Iñaki estudioan. Hirugarrena 2008ko udan sortu zuten, Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik. Azken honetarako, bestalde, betiko La Casa de Iñakiz gain, Berrizko LorentzoRecords estudioan ere izan ziren grabatzen. Lan honekin, disko eta kantu onenaren Gaztea sariak irabazi zituzten, azken hori Bangbang txiki-txiki bang-bang izeneko abestiarekin.

2009ko udan taldea ordura arte eskainitako kontzertu bira handienean sartuta egon zen buru belarri. Hori baliatu eta zuzeneko dokumentala eta diskoa kaleratu zuten: Zuzenean Bizitzeko Gogoa (2010). DVD/CD horretan agertzen diren irudiak Donostia, Gernika, Bilbo eta Durangoko Plateruena Kafe Antzokian grabatu zituzten 2009ko abuztua eta iraila artean. Horrez gain, estudioko hiru abesti berri ere grabatu zituzten.

Handik bi urtera, 2012an, Zazpi Kantoietan izeneko lana eman zuten ezagutzera. Haimar Arejitak ekoitzi zuen diskoa, Iñigo Etxebarrietaren laguntzaz, eta Mungiako Muxikon estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu zuten. Gauza bera egin zuten 2014an kaleratutako Euritan dantzan diskoarekin, baita 2016an grabatutako Aske maitte, aske bizi lanarekin.

2018an sortu dute beraien azken lana: Azken Indioak. Kalitatea hobetzeko asmoz, betiko prozesua aldatu eta Ameriketako Estatu Batuetara joan dira. Zehazki Texasen dagoen Sonichranch estudioetan grabatu dute lana, Santi Garcia (Standstill, Nueva Vulcano, Delorean, La M.O.D.A, The New Raemon, The Unfinised Sympathy€) ekoizlearekin batera.

OHOLTZA GAINEAN Horrez gain, urteetan zehar, ehunka areto eta plaza bete dituzte beren kantuek. Emandako kontzertuak zehatz-mehatz zenbatu ez dituztela dio Arejitak: "Kontua aspaldi galdu genuen, baina esango nuke 600 inguru eskaini ditugula". Besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen edizioan izan ziren 2006an Ben Harper & The Innocent Criminals, The Cult, The Cardigans eta Lori Meyersekin batera, eta EHZ jaialdian 2014an Ska-P eta Pendulum taldeekin.

Euskal Herritik kanpo ere izan dira askotan, estatu mailan Madril, Bartzelona, Valentzia, A Coruña eta Xixonen. Nazioartean, aldiz, London, Belfast, Paris, New York, San Francisco, Los Angeles, Washington eta Mexiko DF-n.

Etorkizunari begira, Euskal Herritik kanpo kontzertu gehiago eskaintzea gustatuko litzaiekeela adierazi du Arejitak. Dena den, gaur egun daukanarekin esker oneko sentitzen da taldea, gitarristak dioenez: "Hasieran dena zen ilusioa eta indarra. Etorkizunak ekarriko ziguna misterio bat zen, eta inola ere ez genuen pentsatzen hain urrun iritsiko ginenik". Arrakasta horren zergatiari arreta jarrita, arrazoi asko aurkitu daitezke. Besteak beste, beraien euskalkian kantatzeagatik nabarmentzen da taldea, baina baditu beste hainbat berezitasun ere.

ESTILOA Euskal rock taldea da Gatibu, nahiz eta pop musika-estilotik ere edaten duen. Esan bezala, bizkaieraz kantatzen dute, eta horrek bereizten du hein handi batean beste taldeetatik. Izan ere, oso gutxik erabiltzen zuten beren euskalkia musika sortzeko orain hogei urte. Azken batean, rocka eta popa euskaraz kantatze hutsa ere bada berezitasun bat.

Horrez gain, umorea da Gatiburen estiloan bereziki aipatu beharreko ezaugarri bat. Musika alaia egiten dute, melodiaz betea eta bizia, mundua dantzan jartzeko kapaza den horietakoa. Letren bidez zabaltzen dituzten mezu positiboek ere badute beraien garrantzia. Euritan dantzan egitera animatzen dituzte entzuleak, aske maitatzera, aske bizitzera edota aurrera altxatzeko jausten garen bakoitzean. Denbora pasatu den arren, Gatiburen esentzia aldatu ez dela defendatzen dute taldeko zale eta kideek, eta hogei urte hauetan poza, alaitasuna eta bizitzeko gogoa transmititu dutela gernikarrek, Zoramenetik Azken Indioetara.

HOGEI URTE Esan bezala, hamarkada bi igaro dira laukotea elkartu eta taldea sortu zuenetik. Urte horietan guztietan, noski, hamaika bizipen bizi izan ditu Gatibuk, baita gertakizun xelebre ugari ere. Horietako bat gogoratu du Arejitak: "Kontzertua geneukan Irlandan, eta ferryan geundela kristoren ekaitzak harrapatu gintuen itsasoan. Hamar ordu berandu iritsi ginen, eta, noski, Dublineko kontzertua galdu genuen".

Ibilbidean zehar sortu dituzten kanta guztien artean, Euritan dantzan izenekoa hautatu du gitarristak, eta kontzertuei dagokionez, 2003an Bilboko Kafe Antzokian eman zuten lehena. Orain, taldearen urteurrena ospatzeko, zita berezia prestatzen ari da laukotea. Urriaren 31n egingo dute kontzertua Bilboko Bilbao Arena-Miribillan, Arejitaren hitzetan: "Ezin dut ezer zehaztu oraindik, baina kontzertu berezi eta zirraragarri bat eskaini nahiko genuke". Izan ere, zaleekin batera ospatu nahi dute hogei urtetako ibilbidea, "ospakizun eta aldarri, gogoeta eta mugarri, etorkizun hobe baten egarri".

Baina, zelan laburbildu azken hogei urte hauek? Nola azaldu bi hamarkada hauetan bizitako eta sentitutako guztia? Galdera hori egiterakoan, erantzuna orain gutxi kaleratu duten Bixotzetik izeneko kantan dagoela esan du gitarristak.

Urte hauetan guztietan alboan izan dituzten zaleentzat egindako abestia da Bixotzetik, horiei eskerrak emateko asmoz sortu dutena. Letrak dioenez: hogei urte pasa dire hogei asteburuten, eta esateko erraza den arren, ez da gutxi. Hala ere, bide beretik jarraitzeko asmoa dutela adierazi du Gernikako taldeak, hortaz, etorriko dira beste asko, irribarreeta txiste artean. Azken batean, diotenez, umoriek eitten deu labur bidai luzie.