txean giltzapetuta gauden honetan sekula baino eduki kultural gehiago kontsumitzen ari gara. Liburuak irakurtzea, ikus-entzunezkoak kontsumitzea edota musika en-tzutea, gure eguneroko zereginen parte dira orain. Hala eta guztiz ere, kultura ez da hemen oinarrizko jarduera kontsideratzen, nahiz eta egunerokotasunean inguratzen gaituen krisi honetan argi izpi bat izan askorentzat.

Horregatik, datorren astearte eta asteazkenerako, apirilak 21 eta 22rako, greba digitala deitu dute euskal kulturako hainbat sortzailek Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, en-tzun gaitzazuen isilduko gara lelopean. Helburua bi egun horietan Interneten kultur edukirik ez partekatzea da, jende guztia kulturak benetan duen balioaz ohar dadin.

"Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu", adierazi dute 230 sina-tzaile dituen manifestuan. Izan ere, beraien asmoa paradigma errotik eraldatzea da eta itxialdia amaitzerakoan kulturaren balioa guztiek aintzat hartzea. "Alderdi politikoetako arduradun horiek, euren burua ekosistematik kanpo kokatuta, kulturgintzari duen balio soziala aitortuko diote, ala orain arte legez soilik entretenimendurako jarduera edo sektore gisa hartuko gaituzte?", galdegin dute manifestuan.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, programa bat jarri du abian kultura arloko profesionalei laguntzeko eta 2,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Horrela, baldintzak betetzen dituzten kultur langileek aurreko urteko errenta aitorpenean aitortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren %70 jaso ahal izango dute.

Egunkari honetan kulturgintzako hainbat arlotako profesionalekin hitz egin dugu konfinamendu garai honetan euren egoera nolakoa den jakiteko.

Aritz Salamanca Tio Teronen Semeakdantza konpainiako zuzendaria da. Taldea 19 pertsonek osatzen dute eta guztiek ogibide desberdinak dituzte, hau da, ez dira soilik dantzara dedikatzen. "Udaberrian eta udan izaten da gure denboraldia: maiatzean hasten gara eta azarora arte irauten du. Normalean kalean dantza-tzen dugunez, batez ere hori da gure denboraldia", azaldu du Salamancak.

Beraz, orain arte "nahiko zorte handia" izan dute martxoan eta apirilean emanaldirik ez zeukatelako. Maiatzeko emanaldi batzuk atzeratu egin dizkiete eta momentuz "puzlea osatzen" ari omen dira. "Ez dakigu egoera honek noiz arte iraungo duen, baina emanaldi batzuk uztailean jarri ditugu, beste batzuk irailean eta urrian... Hala ere, egoera hain berezia denez, ziur aski zenbait emanaldi bertan behera utzi beharko ditugu", deitoratu du zuzendariak.

Tio Teronen Semeak greba digitalaren sinatzaileetako bat da Salamancaren iritziz, kulturgintza osasuntsu mantentzeko emanaldiak bertan behera ez uztea funtsezkoa da: "Lehenik eta behin emanaldi bakar bat ere ez galtzen saiatu beharko genuke: atzeratuz edo proposamen berriak eskainiz, emanaldiak bertan behera ez geratzea izan beharko litzateke helburua", esan du.

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako programari dagokionez, aurrerapauso bat eman dela iruditzen zaio, baina guztia ondo aztertu behar dela dio: "Egoera oso aldakorra denez, diru-lagun-tza hori guztiontzat bermatuta dagoen eta denontzat duina den zehaztu beharko litzateke".

Xabier Zeberio musikaria da, biolinista. Alarma egoera ezarri zenetik berari ere bertan behera geratu zaizkio Alos Quartet taldearekin lotuta zeuzkan emanaldi guztiak; batzuk guztiz -ez dira berriz egingo- eta beste ba-tzuk maiatzera pasa ziren, baina berriz ere udazkenera mugitzekotan daude. "Dena airean dago, ezer zehaztu gabe eta ezjakintasun orokor batean", azaldu du Zeberiok.

Bera ere greba digitalaren sina-tzaileetako bat da eta uste du hori "kontzientziazio lana egiteko egokia" izango dela. "Bi egunetan itxialdi moduko hori egitea garrantzitsua da pixka bat zer pentsa eduki dezagun: zer den kultura, zer balio ematen diogun eta gure bizitzan nolako presentzia daukan", adierazi du.

Alemanian adibidez, kultura oinarrizko beharren zerrendara gehitu dute eta bere ustez, hori hemen gertatzea "pentsaezina" da. "Nik argi daukat kultura oinarrizko behar bat dela, baina iruditzen zait gizartearen gehiengoak uste duela ondo pasatzeko momentuko plazer hutsa dela eta ez lanbide bat. Hortik hasi beharko genuke jendea kontzientziatzeko lana egiten", nabarmendu du Zeberiok.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak bideratuko duen laguntza begi onez ikusten du: "Oraindik ez dituzte xehetasunak eman, baina berri onak dira. Bide onetik hasi garela dirudi eta, behintzat, Eusko Jaurlaritzak erreakzionatu duela. Bide horretan sakontzen badugu gauzak errazagoak izango dira kulturari dagokionez Euskal Herri mailan".

Ainara Oskoz Irungo artista plastikoa da eta bere kasuan, egoera ez da aldatu konfinamenduaren ondorioz; izan ere, beti bezala lanean jarraitzen baitu. Hala ere, agintariek kultura ez dutela asko zaintzen pentsatzen du. "Ni ez naiz autonomoa ez zaidalako iristen, ez nahi ez dudalako. Baina ez dago inon hori babesten duen legerik eta kultura ere funtsezko jarduera kontsideratu beharko litzatekeela uste dut", esan du Oskozek.

Oskozek ARTgia aretoak martxan jarri duen erakusketa digital batean hartu du parte, eta horrelako ekimenek kultura sustatzen laguntzen dutela uste du. "Ikaragarria iruditzen zait hedapen aldetik ze lan ona egiten ari diren ARTgiakoak. Egia esan, ez dute askotan egiten. Galerian koadroak jartzen dituzte, baina komunikazioa eta hedapena ez dituzte gehiegi zaintzen", azaldu du.

Konfinamendua amai-tzen denean, orain sor-tzen ari diren ekimenek (museoak eta ikuskizunak birtualki doan ikustea, adibidez) modu batera edo bestera martxan jarraitzea gustatuko litzaioke Oskozi. "Horretarako, alde batetik, hemengo artistak zaindu behar dira; ez baikaituzte batere zaintzen. Eta bestalde, argi izan behar da artistaren lana beste edozeinena bezalakoa dela. Denbora asko ematen dugu lanean artista guztiok, bakoitzak bere ogibidean bezala", azpimarratu du Oskozek.

Koldo Zuazua produktore donostiarrak Kowalski Films ekoiztetxean hainbat proiektu zituen martxan konfinamenduaren aurretik. Horietako bakoitza fase desberdin batean dago eta horren arabera, martxan edo geldirik daude.

Alde batetik, Akelarre izeneko pelikula iaz grabatu zuten eta orain promozioarekin hasi behar zuten, baina prozesu hori orain geldirik dago. "Marketin lanak amaitzen ari gara, ahal izanez gero, pelikula urteko azken hiruhilekoan atera dadin", aipatu du Zuazuak. Bestalde, Ilargi guztiak izeneko filma grabatzen ari ziren Gipuzkoan. "Grabaketen laugarren astean geunden eta martxoaren 13an grabatu genuen azken aldiz", esan du.

Gainera, beste proiektu batzuetan finantzazio-bilatze fasean eta gidoiak egiten ari dira. "Horietako pelikula bat 2021eko lehenengo hiruhilekoan hastekoak gara grabatzen eta espero dut ordurako egoera normalduta egotea", adierazi du Zuazuak.

Bere iritziz, konfinamenduan zehar jendearen oinarrizko beharren artean dago kultura, janariarekin eta botikekin batera. "Uste dut bizitza eduki kulturalik gabe ezingo litzatekeela bizi", aitortu du produktoreak.

Aitziber Garmendia aktorea konfinamendua hasi aurretik bost antzezlan desberdinetan zebilen lanean, eta momentu honetan antzerkia bertan behera geratu denez, etxean dago. "Zorionez, ETB1eko Gure Kasa saioan astean behin graba-tzen ari gara bakoitza bere etxetik. Beraz, nik ez daukat erabateko langabezia egoera hori", azaldu du Garmendiak.

Bere iritziz, Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen programa "beharrezkoa" da. "Lagun asko ditut antzerki konpainiak dituztenak eta horietako batzuk itxi beharrean egongo lirateke horrelako laguntzarik gabe", azpimarratu du. "Herri batek kultura izan nahi baldin badu, eta hemendik bi edo hiru urtetara kultura izaten jarraitu nahi baldin badugu, iruditzen zait oso beharrezko neurria dela", gehitu du Garmendiak.

Etorkizuna nahiko "ezegonkorra" ikusten du aktoreak: "Ni beti saia-tzen naiz baikor mantentzen eta iruditzen zait honek bide berriak irekiko dituela, ezinbestean. Pentsatzen dut guk ere gure buruak nolabait berrasmatu beharko ditugula kultura eta artea eskaintzeko garaian. Baina ez dakit oraindik nola egingo dugun", aitortu du.

Harkaitz Cano idazleari agenda aldetik ez dio gehiegi eragin egoerak, izan ere, hilabete sabatiko batzuk hartzeko asmoa baitzuen 2020an. "Hala ere, Adur Larrearekin egin genuen Antzara eguna komikiaren gaztelaniazko, galegozko eta katalanezko itzulpenak inprentan zirela harrapatu gaitu pandemiak. Manipulazio estrategiak diskorako letrak ere egin nizkion Pettiri, eta bere diskoa biltegian dago, bukatuta, baina kaxatatik atera gabe, ez atzera eta ez aurrera", azaldu du Canok.

Greba digitala egitea egokia iruditzen zaio, baina bere ustez, ezin da bi egunetako greba egitera soilik mugatu. "Aspaldi egin behar genuen zerbait da eta normaltasun tranpati horretara itzultzen garenean modu irmoagoan ekin beharko diogu, kultur sektorearen baliabide-eskasia zerbait kronikoa izatera ohitu garelako. Bitartekariak eta plataformak sortzaileen lepotik gizentzen dira, trukean ogi papurrak eskainiz", salatu du.

Bestalde, kultura osasuntsu mantentzeko neurriei dagokienez, epe luzera begira, kultura "inbertsio" gisa ulertu behar dela uste du: "Gure osasun mentala eta garapen intelektualerako oinarrizko eskubideak dira", aldarrikatu du idazleak.

Alex López Donostiako Dabadaba aretoaren jabeetako bat da. Bera eta bere bazkideak ABEEn (Aldi Baterako Erregulazio Espedientea) daude eta beraiek ere garai honetarako antolatuta zituzten ekitaldi guztiak atzeratu egin behar izan dituzte. "60 ekitaldi baino gehiago geneuzkan antolatuta martxoa, apirila eta maiatza artean, eta ahal den neurrian uda ondoren egiteko atzeratzen ari gara. Batzuk iragarri ditugu eta besteentzat data bila gabiltza, baina era berean, bertan behera geratuko ote diren beldur ere bagara", azaldu du Lópezek.

Bere iritziz, kultura sostenga-tzea ezinbestekoa da une honetan, "ahal den neurrian" behintzat. Eusko Jaurlaritzak eskainiko dituen laguntzek ez dutela kulturaren sektore osoa aintzat hartzen dio: "Nire ustez jende asko laguntza horiek jaso gabe geratuko da. Oker ez banago, sortzaile edo kultura arloko langile autonomoen-tzat dira soilik, eta bizi dugun errealitatea beste bat da: sostengua eta laguntzak behar dituzten enpresak ere badaude, gurea bezala, eta uste dut hari-mutur asko lotu gabe geratu zaizkiela", adierazi du.

Horregatik, laguntzak kulturaren alor guztietara hedatu behar direla azpimarratu du: "Kulturaren sektorea industria oso bat bezala ulertu behar da eta guztiak aintzat hartu, ez norbanakoak eta langile autonomoak soilik".

Bertsozale Elkarteko zuzendaritzak ere greba digitalarekin bat egiteko erabakia hartu du, eta bi egun horietan ez du edukirik partekatuko beraien webguneetan euskal kulturgintzako sortzaileen eta eragileen egoera salatzeko.

Bertsolaritza ere gogor astindu du konfinamenduak. "Lehen egunetik erori da plaza, bertso saioak. Martxoa, apirila eta maiatza oso hilabete onak dira, uda bezala, eta aurten martxoko bigarren astetik aurrera iragarrita zeuden bertso saio guztiak jauzi dira", azaldu du Jon Agirresarobek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaile nagusietako batek. Iazko datuei erreparatuz, iazko martxoan 164 saio egin ziren eta aurten 43 baino ez. Lehengo urteko apirilean 112 saio egin ziren, eta aurten, sarean egindakoak kenduta, ez da bat bera ere egin. "Kezkatuta gaude erori diren saio kopuruarekin", deitoratu du Agirresarobek.

Bertsozale Elkartearen ustez, sor-tzaileen diru*sarrera nagusiak galdu direnez, egoera honi buelta emateko neurriak hartzea premiazkoa da. "Kultur ekitaldi guztiak berreskuratzeko denok beharko ditugu laguntzak eta bitartekoak", adierazi du.