Euskalduna izatea eta emakume izatea. Bi biak subjektu zapaldua izatea direla aspaldi ohartu ziren Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) eta Lorea Agirre (Beasain, 1968). Zapalkuntzak non eta nola gurutzatzen diren gogoetatzen, ordea, 2014an hasi ziren. Mahai inguru batean, Arrasaten, hurrengo galdera bota zieten: "Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?". Erantzunaren bila egindako gogoetak batuz eta ordenatuz plazaratu dute Trikua esnatu da (Susa, 2019) liburua, Lisipe bildumako zazpigarrena.

"Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?" galdera bota zizueten 2014an Arrasateko Emakumeen Txokoak antolatutako mahai inguruan, orduantxe hasi zenuten bidea.Zer suposatu zuen galdera horrek zuentzat?

LOREA AGIRRE: Galdera horrek argitzen zuen edo markoa jartzen zion guk ordura arte pentsatzen eta gogoetatzen ari ginen horri. Eta, noski, galdera horren beste aldea ere bai: "Izan gaitezkeen euskaltzale feminista izan gabe?". Gure erantzuna da ezin garela izan euskaltzale feminista izan gabe, eta ezin garela feminista izan euskaltzale izan gabe. Erantzuna nondik nora arrazoitu eta horri testuinguru bat ematea izan da azken bost urteetan egin duguna.

IDURRE ESKISABEL: Oharkabean zegoen gabezia bati ere erantzuten dio gure gogoetak. Euskal Herrian oso presente egon da hizkuntzaren arloa; hizkuntza gatazka, eta horri eman zaio erantzuna bai eragile sozialen aldetik eta baita eragile politikoen aldetik ere. Gogoeta bide ere izan da jende askorentzat, baina, akaso, gabezia bat zegoen detektatu gabea: hizkuntzaren eta sexu-genero sistemaren arteko harremana ez da berariaz askorik landu. Soziolinguistikak, hizkuntza antropologiak, ikasketa feministek€ agerian utzi dute etengabe txirikorda baten egon direla hizkuntza eta generoa.

Aipatu duzue dagoeneko mundu zabalean bazirela bi ardatzak uztartzen zituzten zenbait lanketa. Zuen kasuan ohartze unea sinapsia izendatu duzue. Nola bizi zenuten momentu hori?

L.A: Gu geu konturatzen gure kezka hizkuntzaren gainean, edo gure kezka feminismoaren gainean, geure bizitzan izan ditugun esperientzietan gorputz bakarrean gertatzen direla eta ez daudela banandurik. Bestetik, genero ikasketetan edo ikasketa feministetan edo antropologia linguistikoan aspalditik ikertu den gauza bat da hau; hizkuntza praktikak genero sistemarekin harreman zuzena duela. Jakintza akademiko horrek gure errealitatearen gainean zerbait esaten digu. Bere gauza on eta txarrekin baina banatu ezin den kontu bat da. Zergatik? Gure kasu espezifikoan hizkuntzaren normalizazioa eta garrantzia emakumeei esleitu zaielako.

Euskararen kasuan, zergatik diozue hizkuntzaren normalizazioa eta transmisioa emakumeei esleitu izan zaiela?

L.A: Badaukagu tradizio oso bat, eta guk muga bezala jartzen dugu EAB (Emakume Abertzaleen Batza). EAJ-k joan den mende hasieran antolatu zuen emakumeen taldea da. Talde horri ematen zaion lanaren zati bat da ama aberriaren, ama euskararen, transmisioa bermatzea. Emakume horien lana euskararen bueltakoa izan zen, eta, aldi berean, euskara izan zen emakume horiek eremu publikora ateratzeko eduki zuten aukera bakarrenetariko bat. Neurri batean emakume bezala ahalduntzeko bidea. Horiek dira gure birramonak eta hori da euskarari lotutako protofeminismo bat. Historiak ere esaten digu harreman bat dagoela euskararen normalizazioaren eta emakumea eremu publikora ateratzearen artean.

I.E: Alde batetik dago ibilbide historikoa, kolektiboa. Eta gero gugan sinapsia horrek ekartzen digu gogoeta zehatz bat liburuan jasotzen dena: gaur eta hemen, oraindik, emakumea eta euskalduna izatea bazterrean geratzeko bideak dira.

Euskalduna eta emakumea bazterreko subjektu gisa kokatzeko hainbat estrategia zerrendatu dituzue. Nagusiena, naturalizazioa. Zertan datza?

I.E: Feminismotik hartutako tresna eta kontzeptu bat da naturalizazioa, bazterketa nondik nora gertatzen den aztertzeko. Horrek balio izan digu ondorioztatzeko euskaldun izatearen subordinazioa ere oso modu berean gertatzen dela. Naturalizazioaren estrategiak eramaten gaituela bazterreko bide horretara. Menperatzeko modu bat baino gehiago dago. Indarraren erabilera da bat, mehatxu eta zigorraren jokoa; baina, badago horrekin batera zapalkuntzek denboran iraun dezaten askoz ere premiazkoagoa den beste bide bat. Zapaldua den horri sinestaraztea berezkotasuna duela gauza batzuk egiteko, eta horregatik betetzen dituela funtzio sozial batzuk; eta, gizarteko hierarkia horretan tokatzen zaiola azpiko geruzan egotea. Feminismoak aspaldi kendu dio mozorroa naturalizazioaren estrategiari.

Euskararen feminizazioa da aztertu duzuen beste fenomenoetako bat. Eta, aldi berean,maskulinizazioaz ere mintzo zarete. Nola azaldu hori?

L.A.: Sexu-genero sistema harremanak ikertzean, ohartzen gara hizkuntza praktiketan ere eragina duela; eta eragina baino gehiago, eraiki ere egiten duela. Eta, gainera, euskarak subjektibotasun sozialak sortzen ditu; hau da, hizkuntzari ematen diogun balioak hiritar mota batzuk eraikitzen ditu. Eredu asko daude, baina guk bi hartzen ditugu, gure ikerketara ekartzeko garrantzitsuenak. Lehenengoa, euskararen feminizazioa. Nola emakume egiten garen gure gizartean, eta zer harreman duen euskarak. Datuek aditzera ematen digute hizkuntzaren erabileran, ezagutzan, atxikimenduan€ emakumeen inplikazioa askoz handiagoa dela, emakumeok askoz ardura handiagoa dugula euskararekin.

Gure hipotesietako bat da emakumearen eraikuntzan, naturalizazio prozesu horretan, funtsezko funtzioa dela zaintza. Emakumeok, oro har, zaintzaile izateko jaio garenaren ideia dago indarrean. Euskararen gainean indarra hartu duen diskurtsoetako bat da euskara zaindu egin behar da; euskara artatu egin behar da, gaixo dago. Ez da borroka politikora eraman behar, ez da konfrontaziora eraman behar. Zaintzari lotutako edozein elementuk, noski, emakumeak interpelatzen gaitu, gizonezkoak ez.

Horren beste aldean beste paradigma bat dago. Maskulinitate bat eraikitzen dena euskara zentroan jarrita. Oso maskulinitate normatiboa da, gizartean gizonak zer izan behar duen oso modu tradizional edo hegemonikoan erantzuten diotena: goitik beherako gizona, aktiboa, plazaren erdian egongo dena, indarrarekin harremana izango duena€ gizontasunaren eredu hori ardazten duena. Gizontasun horren eraikuntzan euskarak garrantzia du. Hori da arnasguneetako euskalduntasun mota bat, bertako gizon izatean eraikitzen dena. Gure tesietako bat da euskarak izan behar duela askabide bat edo jabekuntza bide bat, ez justu sexu-genero sistema indartu duen hizkuntza izatea. Hori da gure jarrera politikoa.

I.E: Arnasgune horiek zenbaitentzat deseroso bihurtzen ditumaskulinitatearen eraikuntza horrek. Gipuzkoako herri txikien despopulatzearen inguruan egin diren zenbait azterketetan ikusten da herri txiki horietan euren burua etorkizunean ikusten ez dutenak direla neska gazteak eta maskulinitate hegemoniko horretatik kanpo beren burua ikusten duten mutilak. Sexu genero sistema hegemonikoak oso indarrean segitzen du.

Euskalgintza eta feminismoa elkarren ondoan daudela, baina ez dutela elkar ukitu diozue liburuan. Zer dela eta gertatu da hori?

I.E.: Feminismoa bera orokorrean gure jendartean ez zen ardatzeko pentsamendutzat hartzen. Euskal Herrian 50eko hamarkadaren bukaeratik gaur egunera arte asko pentsatu da marxismoa ardatz hartuta. Marxismoaren ikuspegia oinarrian jarrita aztertu dira arlo materiala, arlo ekonomikoa; eta, baita ere nazioa eta kultura. Azken urteetan paradigma politiko oso bezala kontenplatzen hasi da; hau da, munduak dauzkan galdera, arazo eta krisiei erantzuteko paradigma politiko erantzule oso moduan. Dena den, duela bost urte gu hau jorratzen hasi ginenetik, nolabait bide bat egin da.

Zapalkuntzak eta bidegurutzeak aztertu ez ezik, askapen bide bat ere proposatzen duzue. Intersekzionalitatearen ideia. Zertan datza?

L.A.: 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran abiatzen den teoria bat da. Estatu Batuetako feminista afroamerikarrek abiatu zuten Europako feminismo zuria interpelatuz. Esan zieten: "Feministak gara, baina beltzak; beraz antiarrazistak izan behar dugu guztiok".

Zergatik da baliagarria?

L.A:Intersekzionalitateak esaten dizkigu hainbat gauza. Bat da feminismoaren subjektua zabalagoa dela eta ezaugarri gehiago dituela, ez dela bakarrik emakume izatea eta zuria izatea. Bigarrena, menderakuntzen modu edo ezaugarri diferenteak lotuta daudela eta zapalkuntzak eta menderakuntza sistemak indartu egiten direla. Hirugarrena: beraz, askapen borrokak kontuan hartu beharko ditu menderakuntza guztiak eta elkarrekin landu. Azken honen aplikazioetako bat izango litzateke eremu publiko politikora borroka guztiak plano berera ekartzea.

Arriskua, hain justu, zapalkuntzen arteko hierarkiak sortzea izan daiteke. Nola saihestu hori?

I.E: Ez da mirari bat, baina ideia bera presente edukitzea da garrantzitsuena, detektagailua etengabe piztuta edukitzea. Beti berrikuspen horretarako prest egotea. Erortzen ari ote gara?

L.A: Intersekzionalitateak azpimarratzen du bereziki interesgarria dela praktika mistoak antolatzea. Biltzea, norberak bizi duen hori elkarri esatea eta horren aurrean zer egingo dugun elkarrekin ikustea. Guk hitzaldi asko eman ditugu eta askotan euskara taldeek eta talde feministek antolatuak izan dira. Batzuen kasuan lehen aldia zen elkarrekin zerbait antolatzen zutena, elkar errekonozitzen zirela borroka kide gisa. Gauzak konplexuagoak dira horrela, baina ematen diren urratsak askoz ere sendoagoak dira.