rain arte, musika-interpretazio eskoletan presente izatea "ezinbestekoa" zen edozein kontserbatoriotan. Koronabirusaren pandemiak Johann Sebastian Bach edo Ludwig Van Beethoven irakasteko modua ere aldatu du, aldi baterako bederen, eta WhatsApp edo YouTube biolina eta pianoa bezalaxe ezinbesteko instrumentu bilakatu dira.

Maila guztietako ikasleek eta irakasleek pandemiak ezarritako konfinamendura egokitu behar izan dute, eta kontserbatorio eta musika-eskola askok aukera ematen dute irakaskuntza etxetik jarraitzeko bideo-deien edota YouTuben egindako grabazioen bitartez, normaltasunera itzultzerakoan hatzak lo ez harrapatzearren.

Aldaketa goi-mailako ikastetxeetara ere heldu da, hala nola Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegira, bertako eskakizun maila altuak egoera zaildu arren.

Donostiako ikastetxe honetako ikasleek, etxean daudela jasotzen dituzte beren maisu-maistren aholkuak, kontzertista profesionaletarako izangai diren horiek eskatzen zaien interpretazio ia perfektua lor dezaten.

Musikak zailtasun erantsia du metodo telematikoetara egokitzerako orduan; izan ere, ohiko plataformak oso egokiak izan daitezke ikasgai teorikoetarako, baina ez daude behar bezala prestatuta soinua goi mailako ikasle batek behar duen zehaztasun mailan lantzeko.

"Skypera jo genuen aurrena, baina batzuetan ongi funtzionatzen du eta beste batzuetan ez; eta, azkenean, ikasleek eurek erabaki dute sakelako telefonoarekin edo YouTubeko kanal partikular batean grabatzea", azaldu du Marta Zabaleta piano-jotzaile eta Musikeneko irakasleak, eta eredu hori erabiltzen du bere graduko eta espezialitateko ikasleekin.

Izan ere, batzuek aitortzen dutenez "zortzi proba arteraino" egiten omen dituzte behin betikoa irakasleari bidali aurretik. Maistrak dioenez "batzuk oso perfekzionistak dira, eta oraindik ez dut haiengandik ezer jaso".

"Oso onuragarria da, elkar ikusi behar dutelako eta autokritikoak izaten laguntzen dielako. Elkartu egiten dira, elkarri entzun, eta horrela konturatzen dira beren burua zuzentzeko gai ere badirela", adierazi du Zabaletak, nahiz eta onartu salbuespen egoera honetarako irtenbidea baino ez dela.

Materialak, gehienez bost minutuko grabazio txikiak, irakasleak entzuten ditu.

Honek, gero, dagozkion oharrak egingo ditu bere liburutegiko partituretan, eta ikasleari helarazten dizkio, bideo-dei bidez, hobetu daitezkeen xehetasunak azalduz.

"Erreberberazioarekin asko zailtzen da. Tenpoak, keinuak, ideia musikala€ horiek landu daitezke, ez ordea soinuaren edertasuna ", dio Zabaletak.

Inolaz ere, ohiko klaseen ordezko formulak bilatzerako orduan, teknologiak eta irudimenak ez diote konponbiderik topatu goi mailako musikari gazte hauek duten arazo handienetako bati: egunero lauzpabost entsegu ordu egin behar izatea.

Koronabirusak kontserbatorioetako ikasgeletan jarduteko aukera ostu die; bertako espazio intsonorizatuetan musikari gazte hauek bizilagunak nekarazi gabe errepikatu ditzakete konpasak behar adina aldiz.

Piano-joleen kasuan, arazoa areagotu egiten da, oso gutxik baitute etxean ikasketa-zentroetan eskura duten bezalako isats-piano bat.

Gehienek piano bertikal "oso zaratatsuak" dituzte, askotan etxeko egongelan egoten direnak, eta zaila izaten da ikasketa orduak familiako gainerakoen telebistarekin uztartzea, "are zailago denak giltzapetuta gaudenean", dio Zabaletak.

Gainera, horri guztiari azterketen inguruko ziurgabetasuna ere gehitu behar zaio; printzipioz maiatzaren amaierarako edo ekainaren hasierarako aurreikusita baitaude, batik bat graduaren azken mailan daudenentzat.

Horietako bat dugu Maite Saiz. Ikasturtea nola amaituko ote den beldur omen da, eta gertatuko denari buruzko batere informaziorik ez dutela esan digu.

"Denbora gutxi daramagu grabazio bidezko klase-sistemarekin, eta agian ohitu egin beharko dugu", aipatu du.

Baina "irakasleak ez badu soinu-iturri fidagarririk jasotzen, kalitatea ez da behar bezain ona", dio penatuta ikasle honek, eta normaltasunera lehenbailehen itzultzea espero du, musikaren arloan aurrez aurreko eskolen tradizioa baita beti aukerarik onena.

Musikeneko ikasleek sakelako telefonoa edo YouTube erabiltzen dute irakasleei euren lana erakusteko