Hamabost urteko bilakaera

23.03.2020 | 20:23
Argazkian, En Tol Sarmiento taldeko bost kideak.

En Tol Sarmiento Iekoran (Arabar Errioxa) sortu zen 2005ean. Hasierako egituran bi gitarrista, Iñigo Etxezarreta eta Ruben Campinun, eta bateria zeuden, Floren Diaz. Dena den, Campinun-ek gitarra albo batera utzi eta baxua hartu zuen, taldeari musikaltasun hobea emanez. Hirukotea, punk-rock abestien bertsioak egiten hasi zen. Hilabete gutxiren ostean, abesti propioak konposatzen hasi ziren.

2006 eta 2007 urteeen artean Arabar Errioxan kontzertuak eskaintzen hasi ziren, Bujo tronpeta-jolea ezagutu arte. Geroztik, ETS-k etorkizunean jorratuko zuen estilo berri bat hasi zen jotzen: ska estiloa. 2008an, taldeak berak ekoiztu zuen Vendimia Seleccionada, sei abestiz osatutako maketa-diskoa kaleratu zuten.

2009an Lucas sartu zen taldean, tronboiaz, taldeak gaur egun mantentzen duen egitura finkatuz: gitarra, bateria, baxua, tronboia eta tronpeta. Arrazoi profesionalengatik, 2011n Bujok taldea utzi eta Rubén Terreros tronpetajoleak hartu zuen bere lekua.

2012an Hacia la Luna diskoa grabatu zuten Logroñoko Sonovision Rock Lab estudioetan. Orduan hasi zen taldea Baga-Biga diskoetxearekin lanean. Bi urte geroago, Zure mundua izeneko hirugarren lana grabatu zuten Usurbilgo Higain Estudioetan.

2015ean, Araba Euskaraz egunerako abestia konposatu zuen taldeak. Urte berean, Beldurrik ez laugarren lana grabatu zuen Sonido XXI estudioan. Durangoko Azokan aurkeztu eta lehenengo hamar salduenen artean sartu zen.

Bi urteetako bira eskaini ostean, 2017an Ametsetan lana argitaratu zuen taldeak, BagaBiga diskoetxearekin. Proiektu horrek bi atal ditu. Alde batetik, 2017ko Gasteizko jaietan 10.000 pertsonen aurrean grabatutako zuzeneko disko bat eta DVDa. Bestetik, taldearen bizitza azaltzen duen 55 minutuko dokumentala. Orduan, taldeak erronka musikal berrietan murgiltzeko asmoa erakutsi zuen. 

Urte bat beranduago, ETS-k 2019ko Herri Urratseko kantua konposatu zuen. Taldea Pello Reparaz produktorearekin lanean hasi zen, eta 2019ko abenduan bere seigarren lana aurkeztu zuen, Aukera berriak. Lan honekin taldeak bi urte lehenago iragarritako aldaketa gauzatu du.