EHUk Donostian duen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearen hirugarren solairuko liburutegi zaharra liburuz bete da urte hasieran. Kutxa Kultur Fundazioak biltegi batean gordeta zituen pentsamendu klasikoko 12.000 liburuk etxe berria dute. Ez betirako: denborak aurrera egin ahala, asmoa Fakultate honetako hemizikloa husten joatea da.

"Duela 30 urte ireki zen zikloa ixteko modua da, baita beste bat irekitzekoa ere", azaldu du Fakultateko dekanoak, Inazio Marko. 90. hamarkadaren hasieran, Kutxa, BBK, Caja Vital, BBV fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustoko Unibertsitateak filosofiako hamaika klasiko euskarara itzultzea erabaki zuten. Kutxa Kultur Fundazioko zuzendariak, Mikel Mendarte, ekimen hark izan zuen balioa azpimarratzen du: "Makroproiektu oso potentea izan zen ekoizpen guzti hori euskaratzea, eta orain hau lortzea poza sentitzeko modukoa da".

"Bere garaian egongo zen irizpideren bat liburuak merkeago ateratzeko, gero eta gehiago atera, merkeago zirelako, baina gero hori mantendu behar zen! Pozgarria da oso, bukatu behar duen tokian bukatuko duelako", dio Mendartek. Bilduma orain dagoen tokian oso ondo dagoela dio, baina "transito bat da, eta balorea emango dion jendearen eskuetan bukatuko du".Helburu hori lortzeko denbora asko beharko da. "Banan bana zenbatu gabe, 12.000 liburu daudela esango nuke", kalkulatzen du Markok. Duela 30 urte hasi zuten bildumak 130 liburu ditu, eta izenburu bakoitzeko hamaika ale daude. Balio handikoak, Mendartek nabarmentzen duenez: "Urte haietan esaten zen nola lan guzti hau ez zegoela hizkuntza askotara itzulia. Egin zen ekarpena, eragile askoren artean, oso potoloa izan zen".

Klasiko klasikoak "Denborarekin galtzen ez diren produkzioak dira. Hasi presokratikoetatik, filosofo klasikoetara, Platon, Socrates, Kant, Schopenhauer?", gehitzen du Markok. Bilduma ez da filosofiara mugatzen: "Fakultate honekin (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia) zer ikusia daukaten hainbat autore ere badaude: Levi Strauss, Unamuno, Camus, Piaget? Gizarte zien-tziekin eta pentsamendu klasikoarekin zerikusia dutenak, Tomas Moro edo Keynes?".

Guzti horiek Fakultateko hemizikloa deitzen dioten gela handian daude. Bertan liburutegi zaharra zegoen, fondo guztiak Carlos Santamaria eraikinera pasa aurretik. "Hemiziklo horretan erreferentziako materialak zeuden: hiztegiak, entziklopediak? Ikasleak hor topatzen ziren, ikasi? Zati hori bere horretan mantendu da, parlamentu txikia dirudi, egurrezkoa", Markoren hitzetan. Egun, aretoa ekitaldi berezietarako, tesien irakurketak, hitzaldiak, bilkura zientifikoak? "Masiboak ez diren ekitaldi jasoetan erabiltzen da".

Eta bizitza berriaren zain dauden 12.000 liburu hauek jasotzeko. "Liburu asko dira, baina pixkanaka atera-tzen joango dira. Denborarekin zuloak agertzen hasiko dira. Asko dira eta denbora beharko da", aitortzen du Fakultateko dekanoak. Unibertsitateak "erreferentziazko bilduma liburutegian beti edukiko du, Dekanotzan ere badugu, baina hemizikloan dagoena ateratzen joatea da asmoa".

Markoren hitzetan, liburuak atera-tzeko hiru modu egongo dira. "Ale hauek ez dira mailegu zerbitzupean egongo. Epe luzera begira banatzeko dira: irakasle batek ikusten badu libururen bat klasean lantzeko egokia dela, erabili ahal izango du; beste erabilpena kanpotik etorri daitezkeen irakasle eta adituentzako ezagutza orokor horren opari moduan emateko".

"Nahiz eta datorren horrek ez ulertu, liburu hauek estatusa dira, enbaxadoreak", azpimarratzen du Markok, liburuon hirugarren erabilpena azaldu aurretik: "Pentsatuz jaialdia ospatzen dugu Kutxarekin batera, eta institutuetako Filosofia irakasleekin elkarlanean 500 bat ikasle etortzen dira. Horien eskutan jartzea ere dugu helburu".

Liburu ahaztuak Klasikoen klasiko hauek bizitza berria dute desager-tzear egon ondoren. Marko eta Mendartek gogoan dute nola iragarri zuten Obras Completas de Círculo de Lectores bildumaren zati bat txikitu behar zutela. Euskarazko bilduma honekin ezin zer halakorik gertatu, dekanoaren hitzetan: "Aukera zegoen pentsamendu klasikoko bilduma zoragarri hori, biltegi batean jasota zegoen bilduma hori, nolabait gurera ekartzeko".

"Bizkaiko biltegi batean egon zen urteak eta urteak. Pentsa, aspaldiko gauza da, agian duela hamabost urtekoa. Biltegi hori liberatu zuten eta liburuak botatzeko prest zeuden. Kutxak erabaki zuen hori ezin zela egin. Bolumena oso handia zen, eta Kutxaren biltegi bat egokitu zen espreski hau jasotzeko", dio Mendartek. Fundazioko Gizarte Ekintzara iritsi zenean, "aurretik saio batzuk egon ziren ea liburu hauekin zer egin. Hamaika lekutara eramaten hasi ziren".

"Lortzen genuen idazle baten bitartez kopururen bat kentzea. Bere furgonetarekin etorri eta liburu mordoa bidaltzen zuen. Baina bolumena hain handia zen, ez zenuela ikusten liburu horiek nondik hartuak ziren", du gogoan Kutxa Kultur Fundazioko buruak. Arriskuetaz ere mintzo da: "Andoaingo biltegi batean egon zen eta uholde batean hainbat liburu bertan behera gelditu ziren".

Duela hilabete gutxi, Filosofia irakasle den Ekai Txapartegi agertu zen, Mendartek azaltzen duenez: "Eskerrak Ekai ezagutu nuela. Liburu bat fisikoki edukitzea? Unibertsitatean, gelatan banatzeko, azterketak egiteko? Argi genuen liburuak balorea ematen dien jendearen eskutan egon behar zirela, biltegian ez zutela ezer egiten. Zortea eduki genuen, erronka potoloa zen, baina Ekaik berak argi zuen bai ala bai egin behar genuela. Iritsi da iritsi behar zuen lekura".

Liburuen azken bidaia gabonak aldera izan zen, baina ez da hemizikloan amaituko, nahiz eta gizartea irudiaren aro digitalean murgilduta egon. Markok klasikoen bilduma honek gordetzen duen liburu fisikoen aldeko aldarriarekin amaitzen du: "Liburuaren balioa sentitzeko, liburutegian ikusita, eskuan edukita, ikutuz, azpimarratuz, zikinduz? Balio asko du. Irudiaren balioa du, hemizikloa liburuz beteta ikustearena, baina baita bizipenaren balioa, ezagutzaren balioa. Liburuak zikin-tzen edo azpimarratzen diren neurrian eta albo oharrak idazten diren neurrian, eduki hori zurea egiten duzu. Zorionez, liburuak oraindik zikintzen dira".