donostia- Aurtengoa urte oparoa izan da Donostiako Orfeoiarentzat. Guztira, 34 kontzertu programatu ditu Euskal Herrian eta nazioartean. Abesbatzaren erronkarik handiena aurten egingo duten Europako bira musikala da; besteak beste, Amsterdam, Eindhoven, Colonia, Hamburgo, Luxenburgo, Paris edo Rotterdamera bidaiatuko du.

"Krisi garaian gaude kontzertu sinfoniko-koralen antolakuntzari dagokionez; Estatu mailan, batez ere. Azkenaldian, kontzertu internazionalak dira, nolabait, aurrera egitea posible egiten digutenak", azaldu zuen atzo José Maria Echarri Orfeoiaren zuzendariak aurtengo kontzertuen aurkezpenean.

Nazioarteko emanaldiekin hasteko, larunbatean Orfeoiak Gustav Mahlerren 2. Sinfonia eskainiko du Toulouseko Halle Aux Grains aretoan Orchestre National du Capitule de Toulouserekin batera, Tugan Sokhiev zuzendari dutela. Ondoren, abesba-tza eta orkestra Parisera abiatuko dira, datorren asteartean programa bera eskaintzeko Phillarmonie aretoan.

Martxoan, Donostiako Orfeoiko emakumeek berriro bisitatuko dute Toulouseko Halle Aux Grains aretoa eta bi kontzertu eskainiko dituzte. Lehenengoa martxoaren 30ean izango da eta eliza kontzertua emango dute, Sainz Alfarok zuzenduta. 31n berriz, Sokhieven batutapean Claude Debussyren Nocturnes pieza interpretatuko dute Frantziar-Errusiar Festibalaren bigarren edizioan.

Europako bira Gainerako Europako bira Daniel Hardingen gidaritzapean egingo du abesbatza donostiarrak eta Gustav Mahler Jugendorchester orkestrarekin batera Austria, Txekiar Errepublika, Herbehereak, Alemania eta Luxenburgo bisitatuko ditu. Gainera, irailean taldea Montecarlon eta Aix-en-Provencen izango da, eta abenduan aldiz, Rotterdamen eta Eindhovenen. "Orfeoiak urtero jokatzen du Europa Leaguen; urte askotan zehar Championsean, gainera. Baina autofinantzatze bidez egiten ditugu bidaia horiek eta daukaguna baino babes handiagoa behar dugu", aitortu zuen Echarrik.

Biran Mahlerren 8. Sinfonia eskainiko dute, abesbatzaren berezitasunetako bat. Orfeoiak honako hirietan kantatuko du maiatzean: Grafenegg (Austria«); Praga (Txekiar Errepublika), Amsterdam (Herbehereak), Hamburgo eta Kolonia (Alemania) eta Luxenburgo. "Gurea bezalako musika publikoari behar bezala iristeko, areto oso zehatz batzuk behar dira eta zorte handia dugu gu agertoki onetan mugitzen garelako", azaldu zuen Sainz Alfaro zuzendariak.

bertako kontzertuak Donostiako aretoetan Orfeoiak sei kontzertu eskainiko ditu, oraingoz. Besteak beste, otsailaren 28an Caritasen aldeko emanaldi solidarioan parte hartuko du Santa Maria Basilikan. Uztailaren 18an Beethovenen Fantasia korala eta Carl Orffen Carmina Burana eskainiko dituzte Kursaalean eta, ohi bezala, abuztuan Musika Hamabostaldian hartuko du parte. Urriaren 23an Kursaalera bueltatuko da Donostiako Orfeoiko Adiskideen aldeko kontzertua eskaintzeko. Eta abenduan, urteari amaiera emateko ere han izango da Oronak antolatutako kontzertuan parte hartzeko.

Otsaila. Toulouse (8); Paris (11); Donostia (28).

Martxoa. Toulouse (31).

Apirila. Madril (2); Torrelavega (4).

Maiatza (Europako bira). Grafennegg (13); Praga (14); Amsterdam (15, 16); Hanburgo (18, 19); Kolonia (21); Luxenburgo (24).

Ekaina. Donostia (1), Iruña (2); Bilbo (3); Gasteiz (4).

Uztaila. Granada (12); Donostia (18).

Abuztua. Santander (3); Donostia (24).

Iraila. Zaragoza (19); Montecarlo (20); Aix-en-Provence (22); Irun (26).

Urria. Donostia (23).

Azaroa. Donostia (8).

Abendua. Donostia (11); Rotterdam (18, 20); Eindhoven (19).