ORIO. Aurtengo udan oriotarrek ez dute aspertzeko astirik izango, izan ere, ekitaldi ugari antolatu dira. Horrela adierazi zuten asteartean Orioko Udalak eta Enbor Akzio Kulturaleko Makalak Antilla hondartzan. Udalak eta Enbor Akzio Kulturalak elkarlanean, kultura jaialdi berria antolatu dute abuztuan zehar “udan musika kalera eta txoko berriagoetara ateratzeko asmoz”.
Orioko Udalak eta Enbor Akzio Kulturaleko Makalak adierazi duenez, “abuztuaren 2a, 11, 16a eta 25a gorriz markatu beharreko egunak izango dira oriotar eta inguruko musikazale guztientzat, aurrenekoz Ziaboga musika zikloak hartuko duelako Orio”.
“Ohiko eszenatokietatik kanpo, udan musika kalera eta txoko berriagoetara ateratzeko asmoz sortu da Ziaboga musikaldia”, jakinarazi zuen asteartean Xabier Ibarguren Kultura zinegotziak. Hala, plazan eta hondartza gunean eskainiko dituzte saioak. Guztiak ordu berean hasiko dira: 19.30ean. Zehazki, lau kontzertu izango dira herritarren gozagarri abuztuan zehar, Broken Brothers brass band, Paul San Martin & Denis Agenet, Sambastian eta Korrontzi musika-taldeak.
Horien inguruko xehetasun guztiak eman zituen Mikel Unzurrunzaga, Makala, musikari zarauztarrak. Enbor Akzio Kulturala elkarteko kidea da, eta elkarte horrek antolatu du musika zikloa, udalaren laguntzarekin.
Abuztuaren 2an hasiko da musika zikloa, eta Makalak azaldu zuenez, jazz eta swing estiloak ekarriko ditu Broken Brothers Brass Band taldeak. Iruindarrak dira, eta kontzertuaren aurretik kalejira egingo dute.
Abuztuaren 11n, berriz, doinu brasildarrak entzun ahal izango dira hondartza gunean. Sambastian taldea ariko da. Hain zuzen, talde horretako Hugo Silveira izan zen asteartean prentsaurrekoan eta hondar-tzan bertan egingo dutenaren aurrerapena eskaini zuen Sambastian taldeko musikari brasildarrak.
Hugo Silveiraren taldekideek “Roda do samba egingo dute, hau da, mahai baten bueltan esertzen dira, eta jotzen dute perkusioa, kitarra? Giro berezia sortzen dute, jendeak beraien alboan egiten baitu dantza. Gauza oso berezia eta polita da, oso interesgarria”, zehaztu zuen Makalak.
Abuztuaren 16an izango da hirugarren kontzertua, plazan. Blues musika joko dute Paul San Martin eta Denis Agenet musikariek. “San Martinek Donostiako Jazzaldian ere joko du aste honetan, eta ibilbide oparoa du. Frantzia aldean ibiltzen da asko, eta Orion A French Session izeneko disko berria aurkeztuko du”.
Abuztuaren 25ean, azkenik, Korrontzi taldearen emankizuna izango da plazan. “Euskal musika tradizionalarekin amaituko dugu zikloa. Musika eta dantza nahasten ditu, eta aski ezagunak dira Euskal Herrian eta mundu mailan, beraiek direlako euskal musikaren enbaxadoreak”.
Ziaboga musika-zikloaz gain, Euskal Herrian horren entzutetsu bihurtu den Gure Zirkua ere izango da Orion abuztuaren 1etik 18ra. “Sarrerak dagoeneko salgai daude www.gurezirkua.eus eta www.ticketea.com webguneetan eta “interesa izanez gero, asti ibili, lehen astekoak dagoeneko ahitu dira-eta”, adierazi zuen Ibargurenek.
Horrrez gain, zineak ere bere lekua izango du eta hiru film proiektatuko dira kalean, hondar-tzan zein ikastola aurrean. Udako ekitaldi guztietara animatzeko eta bertaratzeko gonbita eginez amaitu zuen prentsaurrekoa Kultura zinegotziak.
Abuztuaren 2an. Jazz eta swing estiloko musikarekin, Broken Brothers Brass Bandek irekiko du zikloa herriko plazan abuztuaren 2an.
Abuztuaren 11n. Sambastian brasildar musikariek eta doinuek girotuko dute iluntzea, Antilla hondartzan.
Abuztuaren 16an. Paul San Martin & Denis Ageneten blues musikak izango dira entzungai herriko plazan.
Abuztuaren 25ean. Euskal musikarekin itxiko da aurtengo musika-zikloa, Korrontzi musika talde ezagunaren emanaldiarekin (herriko plazan).
Abuztuaren 1etik 18ra. Gure Zirkua Orion izango da.
Uztailaren 27an. Urrezko Iparrorratza filma ikastola aurreko plazan, 22.00etan.
Abuztuak 10ean. Artetarrak filma hondartzan, 22.00etan hasita.
Abuztuak 24an. Aquaman filma ikastola aurreko plazan, 22.00etan.