Bilbo - Onintza Enbeitak (Muxika, 1979) pasa den larunbatean lortu zuen Bilbon Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabaztea. Aste bat igarota, oraindik finalaren irudiak ikustean negar egiten duela aitortu du bertsolariak, aitona Balendinen testigua hartu eta urte askotan zehar bertsotan ibili diren emakumeen lana sari-tzen duelako. Gainera, txapela bizitza osoan egindako lanaren emaitza da Enbeitaren aburuz.
Hainbat finaletan aritu ondoren, hau irabaztea espero zenuen?
-Ez, ez dut horrelako asmorik eduki. Urduri nengoen txapelketari begira eta neure buruari esaten nion denbora guztian: ez dut behar beste prestatu, ez dut behar beste prestatu. Baina badirudi baietz, eta zortea edo prestaketa izan ditudala, edo bien konbinaketa bat gertatu dela. Finalean sentsazio ona nuen kantuan ari nintzela, baina aurreko egunetan urduri nengoen. Hau zazpigarren finala izan da eta beste batzuetan ez naiz hain urduri ibili. Gustura kantatu nuen, neure burua gustura ikusi nuen eta lurra gogor zapaldu nuen. Burua prest ikusi nuen esan nahi nuena proiektatzeko. Baina buruz-burukora pasatzeko besteak ez ziren gaizki aritu. Zaila zen pentsatzea nor ibili zen ondoen.
Zazpigarren finala izan da jadanik. Lehenengoko eta oraingo Onintzaren artean ezberdintasunik badago?
-Bai, noski. Hamabi urte pasatu dira. 27 urte nituen eta orain, 39. Heldu egin naiz, pertsona moduan hazi egin naiz eta gauza asko ikasi ditut. Bizitzak duen gauza onenetako bat da akumulatiboa dela. Horregatik, esperientzia hartzen eta ikasten ari gara beti eta hurrengo pausoetan gugan dugu hori. Hamabi urteotan gauza asko gertatu dira nire bizitzan, asko ikasi dut eta bertsotan nire bidea definitzen ibili naiz, emozioetara, gauza txikietara begira, esateko nuen hori esateko eta beldurra kentzeko helburuz. Badirudi bide hori emaitzak ematen hasi dela.
Aste bat igaro da jadanik, asumituta izango duzu. Zer suposatu du pertsonalki zuretzat?
-Pertsonalki iruditzen zait nire buruari aitortu diodala zilegitasun bat, nire buruarengan gehiago sinesteko balio izan duela txapel honek. Gainera, nahiz eta finala arratsalde batean igarotzen den, irudipena daukat bizitza osoan egindako lanaren emaitza dela. Urte askotan amets hau betetzeko lanean aritu naiz eta aurten lortu dut.
Saioa ikusteko aukera izan duzu?
-Lehenengo 48 ordutan emozio noria batean ibili nintzen eta astelehenean irudi batzuk ikusi nituen, txapelaren eta agurraren momentua ikusi nituen. Hala ere, oraindik finala ezin dut ikusi, negarra hasten zait.
Eta nola ikusten duzu zure burua bideo zati txiki horiek ikustean?
-Oso sendo. Amak esan zidan kantuan hasi nintzenean pentsatu zuela: aurten badago zerbait ezberdina. Badirudi urteetan bila ibili naizen hori agertzen ari dela nigan.
Gainera, zure aitona Balendinen, zu bertsotan hastearen ‘errudunaren’, testigua hartu duzu. Momentua are emotiboagoa bihurtuko zuen horrek, ezta?
-Bai, gauza da nik banekiela txapela janzten zuen lehen emakumea nin- tzela, osabak jartzen zidala txapela, nire aitona izan zela txapela janzten lehenengoa... Segundu batean hori guztia prozesatzea zaila da. Oso hunkituta nago, Nerea Ibarzabalek esan zidan: historia egin duzu. Eta egia da. Hala ere, niretzat bereziena dena da Bizkaiko bertsolaritzaren historian nire aitonaren alboan geldituko naizela, ondoko lerrotxoan egotea oso gauza ederra da niretzat.
Gainera, jendearen harrera oso ona izan zen.
-Bai, eta horrek asko hunkitu nau, jendearen maitasun pila bat jasotzen ari naiz, ez bakarrik mezuak idazten dituztelako, baizik eta horietako asko oso bereziak direlako. Badakit orain arte ez naizela pertsona gorrotatua izan, baina orain maitasun hori guztia lehertu egin da eta hunkituta nago.
Oholtza gainean, finala lagunez inguratuta egin zenuen.
-Bai, oholtzan geundenak talde bat ginen: izan ere, han egon zirenak oso maiteak ditut. Gainera, Etxahun Lekuerekin buruz burukoa jokatzea polita izan zen, biok adin berekoak garelako eta gutxi gorabehera bertsotan aldi berean hasitakoak garelako. Oso polita izan zen. Beste alde batetik, txapela irabazi dudan urte honetan lau emakume izan gara oholtzan... Ingrediente asko izan ziren festa oso polita izateko.
Zenbateko garrantzia dauka zure- tzat txapela janzten duen lehen emakumea izatea?
-Oso garrantzitsua da. Ez ni naizelako, baizik eta urteetan egin dugun lan isila saritzen duelako. Bertsotan hasi ginenetik urte batzuk pasa dira eta plazan egotea ez da beti erraza izan. Plazara etorri ginen eta bertan gure lekua markatu behar izan dugu. Orain Bizkaian ere txapela eta aginte makila dauzkagu eta hori bada zerbaiten sinbolo, plazari hemen gaudela esateko modu bat da. Eta aldi berean gure aurretik izan zirenentzat omenaldi bat ere badela uste dut, haiek hasi baitziren bertsotan eta guk jarraitu egin dugu, ez dugu amorerik eman eta emai-tzak onak izaten ari dira. Historiak arrazoia eman digu. Txapel hau Bizkaiko bertsolari guztiena da, izan zirenena, garenona eta bidean datozenena.
Nola ikusten duzu emakume bertsolarien egoera?
-Egoera hobetu dela dudarik ez dago; bestela, akabo. Duela 20 urte baino askoz hobeagoa da, emakume gehiago daude, baina ezin dugu gure burua engainatu: bertsolarien %20 besterik ez gara emakumezkoak. Eskoletan gehiago gara baina plazarako salto horretan zenbakia asko jaisten da, oraindik ere emakumea izanda agertokira joatea, gizarte matxista eta patriarkal honetan, oso zaila da, kuestionatu egiten zaituzte... Eta azkenean zure buruari ez diozu zilegitasuna onar-tzen zauden lekuan egoteko. Horregatik, oraindik lan asko daukagu egiteko bertso eskoletan, udalekuetan... Eta lan asko daukagu egiteko emakume horiek plazara salto egiteko momentua heltzen denean etxera ez itzultzeko.
Irabazi izanak oholtza gainean jarraitzeko indartu zaitu?
-Bai, txapela motibazioa da gara- tzen jarraitzeko eta ikasten jarrai-tzeko. Azkenean, gizakiok akomodatzeko joera daukagu eta behin txapela irabazita, plazetan duintasunez defendatzea eskatzen du horrek. Horregatik, hobetu eta guardia ez jaistea ekarriko du. Asko pozten nau arrazoi horregatik ere, lanean jarrai-tzeko animatzen nauelako.
Bertsolaritzan izandako arrakastaz gain, beste lanetan ere ari zara, ‘Gure doinuak’ programan esate baterako. Momentu profesional onean zaudela esan genezake?
-Bai, urte ona izaten ari da niretzat eta Gure doinuak programan nire lekua aurkitu dut. Kontatzen ditugun istorioak gustatu egiten zaizkit eta ezagutzen dudan jendea miresgarria iruditzen zait. Gainera, oso talde ona daukagu eta guztion artean kalitatezko zerbait egiten ari garela uste dut, eta harro egotekoa da hori.
Alderdi asko dituzula esan genezake: bertsolari, kazetari, politikari? zelan definituko zenuke zure burua?
-Politikaria jada ez naiz, baina badakit marka utzi nuela eta jendeak esan nituen gauza asko gogoratzen dituela . Hala ere, onartzen dut bizi-tzan egiten dugun ia guztia politika dela. Ez dakit nola definituko nukeen neure burua; hala ere, batez ere bertsolaria naizela, bertsotan egiten dudala esango nuke. Nahiz eta bizi-tzan zehar gauza asko egin ditudan beti jarraitu dut bertsotan. Horregatik nik neure buruari bertsolari naizela esaten diot. Kazetaria naiz, kuriositateak katua hil bazuen kuriositateak Onintza Enbeita hilko duelako. Gauzak jakiteko grin handia izaten dut eta galdetzea gustatzen zait, horregatik kazetari ere senti-tzen naiz.