Sasoi ilun baten osteko argitasuna irudikatu nahi izan du Gaizka Salazarrek bere proiektu pertsonalaren bidez. Bilboko musikariak duela bi urte ekin zion, bere kabuz, kantuen zirriborroak egiteari. Pieza horiek itxura ona zeukatela ikusi zuenean, hainbat musikarirekin harremanetan jartzen hasi zen, eta horrela sortu zen EraBatera taldea. Egitasmo honen inguruan eskarmentu handiko musikariak biltzea lortu du Salazarrek: Gatibun taldekide duen Mikel Caballero baxu-jotzailea, Ken Zazpiko Beñat Serna gitarra-jotzailea eta Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza abeslaria. Bederatzi kantuz osatutako Antipodetan euren lehen diskoa aurkezteko kontzertuekin ari dira orain.
Kontatu duzunez, sentimendu mingarri batetik sortu zen EraBatera proiektua. Zentzu horretan, nola lagundu dizu?
Bai, aita hil zitzaigun eta denbora pixka bat pasatu ostean eta min hori bideratzeko asmoz, gitarra soinean jarrita, letra batzuk idazten hasi nintzen nire etxean. Hori izan zen denaren abiapuntua.
Esan daiteke, beraz, terapia moduan hasi zinela zure kabuz kantuak sortzen.
Bai, beharrizana izan zen eta horrela atera zitzaidan, egia da beste batek agian urte sabatiko bat hartuko lukeela, kanpora joateko adibidez, baina niri horrela atera zitzaidan.
Gatibu taldean bateria jotzera ohituta, nola izan da bat-batean gitarra bat hartu eta konposatzen jartzea?
Aurretik ere beti saltseatzen ibili izan naiz; etxean gitarra bat daukat, baina jolas bat izango balitz moduan hartu izan dut. Kantu ba-tzuen ideiak buruan edukitzen hasi nintzenean, berriz, kontua serioago hartu nuen; beno, gaur egun ere ez dut ondo jotzen, baina tira, gitarrarekin denbora gehiago pasatu dudanez, trebezia pixka bat hartu dut azkenean.
Bateriarekin konposatzetik gitarrarekin egitera, zenbaterainoko aldea egon daiteke?
Konposatzerako orduan nik jotzen dudan minimoarekin nahikoa izan dela uste dut; beste gauza bat izango litzateke zerbait berezia bilatzea, horrelakoetan lagunei deitu izan diet laguntzeko, baina tira, orokorrean nik behar nuena egiteko nahikoa izan da.
Zuk sortu dituzu kantu guztiak?
Abesti guztiak nireak dira, bai, baina Antipodetan eta Oinak kantuen letra gehiena Iker Olabarrietak idatzi du, nahiz eta bi abesti hauen ideia nirea izan zen hasieran. Olabarrieta laguna dut, bertsolaria da eta gaztetan nirekin hainbat musika taldetan aritutakoa da, horregatik eskatu nion laguntza.
‘Antipodetan’ kantua aipatu duzu. Diskoaren izena ere horixe da. Zergatik aukeratu duzu?
Antipodak abestietako baten izena da; esan bezala, Ikerrek idatzi zuen eta bikote baten erlazioari buruz hitz egiten du, bata bestearen antipodetan daudela kontatzen du, alegia. Zentzu horretan, diskoari ere horrela dei-tzeko modu egokiena iruditu zitzaidan, izan ere, garai hartan ni nintzenaren antipodetan nengoelako. Pertsona alaia eta dinamikoa naiz orokorrean, baina sasoi horretan ez nengoen batere ondo eta nire burua antipodetan zegoela sentitzen nuen. Kantuak egoera horretan nengoela sortu nituen. Diskoaren azalean, gainera, gora eta gero behera doan zuhaitzak ageri dira eta hori da, hain zuzen ere, diskoaren izenarekin adierazten saiatu naizena.
Zentzu horretan, beraz, nola deskribatuko zenituzke diskoko kantuen hitzak?
Askotan pasatzen den bezala, nire bizipenak, nire munduak egunero bizi dituen gaiak jorratu ditut. Lagunei buruz hitz egiten dut, maitemintzeaz, errefuxiatuez, nire aitari buruz? sentimendu sakonei buruz orokorrean.
Zurekin batera, Mikel Caballero (baxua, Gatibu), Beñat Serna (gitarra, Ken Zazpi) eta Jurgi Ekiza (ahotsa, Willis Drummond) ari dira taldean. Nola aukeratu zenituen?
Mikel niretzako anai baten modukoa da, berarekin urte askoan aritu izan naiz jotzen; gainera, kantuak ezagutu gabe berehala baiezkoa eman zidan. Beste alde batetik, nire kantuak modu desberdin batean janzteko gai zen pertsona bat behar nuen eta horretarako Beñat oso trebea da, gustu handia dauka, aspalditik ezagutzen dut gainera, Gernikako laguna da. Kantuak euren artean orain, oso desberdinak dira. Eskertzekoa da baita ere kantuak entzun gabe proiektuan parte har-tzeko erabakia hartu zuela.
Jurgiri dagokionean, aspalditik gustuko izan dut bere ahotsa, nire tesitura berdina dauka, hau da, ahoskera berdina daukagu; hori bai, nik txarra, horregatik abesten du berak... Baina kolore nahiko antzekoa dugunez, deitzea erabaki nuen eta berak demoa bidaltzeko eskatu zidan. Handik denbora batera baiezkoa eman zidan.
Egia esan, luxu bat izan da beraiekin kontatu ahal izatea. Eskerrak eman nahi dizkiet taldekideei egindako ahaleginagatik eta euren talentua jartzeagatik. Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke proiektu hau aurrera eramatea.
Taldekideek abestiak grabatu ostean elkar ezagutu dutela irakurri dut. Nola egin duzue hori?
Etxean dudan estudio txiki batean landu ditut piezak beraiekin, baina bakarka, batez ere Beñatekin eta Jurgirekin. Hasiera batean nik grabatu nuen bateria, gero Mikelek baxua, Beñatek gitarra eta azkenik Jurgik ahotsa. Grabaketetan, beraz, ez zuten kointziditu, horregatik behin diskoa bukatuta geneukanean afari bat egitea erabaki genuen, eta elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Prozesua, beraz, ez zen ohikoa izan, alderantzizkoa izan zela esan daiteke, normalean lokalean lan-tzen dituzu abestiak eta estudiora joaten zara grabatzera. Kasu honetan, hastapenetik ez da proiektu “normala” izan, nahiko proiektu pertsonala denez, denek parte hartu nahi izan dute nik kontatu diedanagatik eta azkenean, musikagatik ere bai.
Kolaborazioak ere badira diskoan.
Bai, Juan Alberto Batizek Oinak abestirako gitarra jo du eta abesti bererako hari boskote batekin grabatu dugu. Eñaut Gaztañagak sekuentziak sartu ditu, Akatz taldeko haize atala Paktua abestirako grabatu dugu eta Ander Erzillaren saxofoia ere entzun daiteke.
Sonoritate aldetik zer dakar lan honek?
Nahiko disko heterogeneoa edo anitza dela esan daiteke. Kantu batzuek pop kutsua daukate, beste batzuk rockeroagoak dira, indie rock estilotik ere baduela aipatu izan digute... Betiko musika da, baina beste era batean egina; era original batean edo gure erara egindako musika horrek hainbat kolore ditu, intentsitateak landu ditugu eta sonoritate aldetik ere beste kutsu batzuk bilatu ditugu.
Orain kontzertuak eskaintzen hasi zarete. Grabaketa prozesu ezohiko baten ostean, nola moldatu zarete elkarrekin entseatzeko?
Orain dela aste batzuk egin genuen entsegu orokorra eta oso ondo joan zen. Esan beharra dago, taldean orain sei garela, Josu Aginaga gitarra-jotzailea eta Miguel Moyano sintetizadore, teklatu eta gitarra akustiko-jotzailea ere gurekin ari direlako zuzenekoetan.
Zure kasuan, suposatzen dut bateria joko duzula zuzenekoetan, ezta?
Bai, hasieran publikoaren aurrean gitarra jo-tzeko ilusioa neukan, nire papera musikalki pixka bat aldatzeko gogoa nuen, baina konturatu naiz zuzeneko batean gitarra jotzen oso trebea izan behar zarela kantuak defendatzeko, eta horregatik erabaki nuen ondoen egiten dakidana bateria jotzea dela, atzean jarraitzen dut, beraz.
Nolakoak izaten ari dira kontzertuak?
Diskoaz gain, beste bost kantu konposatu ditut azkenaldi honetan eta beraz, hamalau abesti jotzen gabiltza zuzenekoetan, denak nireak eta originalak. Soinuaz Iñigo Etxebarrieta Pitu arduratzen ari da, berarekin grabatu genuen diskoa Mungiako Muxikon estudioetan eta bere jarduna nabarmendu nahiko nuke, lan oso berezia egin duelako eta zuzenekoetara bera ere etortzen delako. Argiztapen berezi bat erabiltzen ari gara baita. Soinu eta argiztapen aldetik nahiko potentea izaten ari da, gainera. Ez dugu ezer berezirik eskainiko, hau da, gure kantuak joko ditugu, ez dago besterik.
Denboraldi intentsua duzu aurretik, Gatiburekin ere diskoa kaleratuko duzue laster. Gainerako taldekideak beste proiektu batzuetan murgilduta daude. Nola moldatuko zarete hori guztia uztartzeko?
Printzipioz aurkezpen bira hau egingo dugu, baina beste proposamen batzuk ere jaso ditugu. Ikusi beharko dugu agenda nola daukagun, beste talde potente batzuetan gaudelako denok, beraz, posible direnak egingo ditugu, ez gehiago. Proiektua naturaltasunez hartu nahi dugu, aparteko ahaleginik egin gabe. Hala ere, proiektuarekin jarraitzeko oso gogotsu eta ilusionatuta gaude. EraBatera ez da bost kontzertu hauetara mugatuko den zerbait izango.