ormaiztegi - Mendia, kirola eta abentura batuko ditu aurtengo Ormaiztegiko kirol asteak. Atzo arratsaldean hasi zen ekitaldi sorta Jon Sasigain, Aitor Zabarte eta Ai-tzol Mendizabal bergararren hitzaldiarekin. Bertan, Argentina, Japonia eta Auñamendietako eski eremuen berri eman zuten, hainbat lekuren nondik norakoak azalduz eta haien esperientzi eta bizipenak elkarbanatuz. Gaur, berriz, Joseba Iztueta gabiriarraren txanda izango da. Mendizale eta abenturazale amorratua da Iztueta eta aurten Kirgizistanera bidaiatu du, Lenin (7.134 m) eta Khan Tengri (7.010m) mendiak igotzeko helburua errealitate bihurtuz. Bakarkako saioan igo ditu biak, eta bidaia horretan bizitako gogoetak, sentsazioak eta irudiak jasotzen ditu Denbora izeneko leku bat ikus-entzunezkoak. Emanaldiak zuzeneko musika eta narrazioa eskainiko ditu.
Mendia ez ezik, ibilbide zikloturistek ere izango dute lekua. Bihar, Yolanda Muñozen eskutik, bizikleta gainean Europa, Rusia, China eta Asia zeharkatu baititu ia bi urtean. Denbora tarte horretan izandako sentsazioak, beldur, eroriko, bakardade eta indarren berri emango du Muñozek.
Ostiralean, Arkaitz Yurrita eskalatzailearen Sokaren beste muturrean ikus-entzunezkoa eskainiko da, non Pirineoetako pareta ezberdinetan buruturiko eskaladak jaso-tzen diren. Saioak 19.00etan hasiko dira, Zumalakarregi Museoan.
Igandean amaituko da Ormaiztegiko aurtengo mendi astea, 9.00-etan abiatuko den mendi ibilaldiarekin. Udaletxe paretik irtengo dira eta bi orduko ibilaldia egingo da. Izen-ematea zabalik dago hilaren 16a arte, eta larunbat arratsaldean, 18.00etan, gaztaina jana egingo da Eliza atarian. - M.A.