Duela urte dezente (20 bat urte, adibidez), ohikoena etxean momentuko bideo-joko bat edo bi eduki-tzea izaten zen, ez gehiago. Nire inguruan, lehengusuek eta lagunek kontsolak zituzten, batez ere; nik, PC bat nuen. Baina guztiok genituen hiruzpalau joko plataforma bakoitzean erabili ahal izateko. Orain retro liratekeen jokoak, bere garaian maitale “zailak” bezala sentitzen genituenak, eta orain berriz -nostalgiaren poderioz- maitale perfektuak bihurtu direnak, norberaren buruan.

Nintendoren Mario -NES zein SNESean-, Master System II-ko Alex Kidd eta Sonic, Spectrum zaharren bat bere Livingston eta guzti eta batez ere nire 80486 PC zaharra. Bertan hasi eta bukatu egin nituen joko mitiko batzuk: D/Generation (Mindscape), Doom II, Duke Nukem 3D, Commander Keen, Prince of Persia (Broderbund Software), Indiana Jones and the fate of Atlantis (Lucasarts), etab.

Zerrenda horretako joko gehienak -denak ez esatearren- ez ziren errazak 10 urteko gaztetxo batentzat, baina oso joko gutxi genituen aukeran, eta ez zegoen aldatzeko aukera handirik. Horregatik, pazientzia landuz, behin eta berriz saiatzen ginen hobetzen. Joko gutxi genituenez, horietan behin da berriz jokatzen genuen, ondo trebatu arte. Azkenean, bideo-jokoen esperientzia beste modu batean bizi-tzera iristen ginela esango nuke, bai behin-tzat gaur egungoarekin alderatuta.

Ordutik bideo-jokoetan jokatzen jarraitu dugunok, urteetan zehar jokoek eta jokatzeko erak berak jasan dituzten fase eta aldaketak bizi izan ditugu. Internetek aldaketa handia ekarri du bideo-jokoen esparruan ere, joko guztietarako ematen digun irisgarritasuna dela eta.

Horri lotuta, jokalariaren profil orokorra eta jolasteko modua erabat aldatu dira. Gaur egun, jokoetan traba bat aurkitzen dugunean, hiruzpalau aldiz saiatu eta aurrera egitea lor-tzen ez baldin badugu, ziurrenik beste joko batera pasatuko gara. Agian, aurreko joko hori beste momentu baterako utziko dugu, baina, baliteke berriro inoiz ez hartzea. Aisialdiko jarduera bat den heinean, ikasketetatik, eskolaz kanpoko jardueretatik, lanetik edo bestelako betebeharretatikkanpo daukagun denbora hori inbertitzen dugunez, normala da joko esperientzia hori ahalik eta atsegin eta probetxuzkoena izan dadila bilatzea.

Gaur egun bada joko indie-n eskaintza oso merke bat, eta baita AAA motako jokoen eskaintza garestia ere. Badaude internet bidez saltzen diren joko “paketeak” ere, non euro bat baino gutxiagogatik 5-6 bat joko -nahiko ezezagunak- lortu daitezkeen, eta badira baita 60€ eta 80€ artean ordaintzen diren joko famatuak ere. Aukera, beraz, ikaragarri zabala da.

Aipatu ditugun azken horietako joko asko atera dira azken hilabetean: Call of Duty - Black Ops 4 (Treyarch), Red Dead Redemption II (Rockstar), Fallout 76 (Bethesda), Assassin’s Creed - Odyssey (Ubisoft) edo Spider-man (Insomniac), besteak beste. Aipatutako joko horiek guztiak erosteko 200-300€ beharko genituzke (urrian eta azaroan merkaturatu diren 5 joko berri dira). Horrek, selektiboak izatera behartzen gaitu: joko garestietako bat edo bi erostera urtean eta joko “merkeak” tartekatzera. Kontuan izan behar da, halere, joko “merkeak” sarritan AAA batzuk baino hobeak izaten direla, eta jokoz aldatzerako orduan askoz ere irisgarriagoak direla edozeinentzat.

Nire ustez, honen ironia hurrengoa da -apur bat exajeratzen uzten badidazue-: hainbeste aldatu da jokatzeko modua eta jokoen industria, nolabait buelta osoa eman eta berriz lehengo modura jolastera itzuli gara.