Pozik eta gogotsu. Pantxika Telleria Elirale Lapurdiko dantza konpainiaren koreografoak ametsak betetzen ditu bat bestearen ondotik. Joan den astean, Artha bere sorkuntza berriaren estrenaldia burutu zuen Maitaldian, Biarritzeko nazioarteko dantza jaialdian. “Joateko eskubidea galdekatu dugu. Ez da gogoeta imigrazioari buruz baina hori ere ikus liteke”, dio Telleriak. Artha Donibane Lohizuneko dikeetako bat da Zokoa eta Santa Barbara artean eta Larrun mendia eta itsasoa lotzen ditu nolabait. “Babestokia da. Babestu, sendatu horretan gaude”.

Paxkal Irigoyenen musikarekin mugitzen diren bost dantzari daude taulen gainean kolore urdina nagusitzen delarik. Artha bi urteko lanaren fruitua da, besteak beste Asisko Urmenetarekin. Bidean heldu eta haurrekin lan egiten segitu du Elirale konpainiak publiko zabalarengana joan nahi baitute beti. Gisa horretan eskoletako 140 ikaslerekin lan egin dute aurreko hilabeteetan, besteak beste Senpere eta Gasteizko zenbait gazteekin. “Batzuk eta besteekin lan desberdina da baina lotura sakona dago ere mugimenduan fluiditatea bilatzen baitut beti” argitu du Pantxikak. Hasieran jendea hurbilaraztea zaila da baina gero denak pozik direla diote Eliralekoek.

Laborategi artistikoa Dantza eta inguruan dagoen guztia lotu nahi du Elirale konpainiak eta maiz laborategi artistikotzat jotzen dute beren burua. Artharen estreinaldia Maiataldian egin izana opari handia izan da Eliralerentzat. Izan ere, koreografoaren hitzetan “denboraldi indartsu eta ospetsua da, publiko berezi eta aditua dator, prentsa ere bai. Lapiko batean sartzen zaituzte eta ikus dezakezu hor zu nola koka- tzen zaren. Giro orokorretik kanpo edo barnean ote dauden ohar daitezke dantzariak. Interesgarria da ikusteko besteen ondoan nola zauden” argi du Lapurdiko dantzariak.

“Guk publiko guztiak hunkitu nahi ditugu eta Maitaldikoa ere bai. Beti dinamika bat dago eta jakin dezakezu zer gertatzen den dantza munduan, beste lurraldeetan, eta zeintzuk diren gorpuzkera desberdinak. Iaz ikusi nuen Siziliako koreografo baten lanak txunditu ninduen” dio Telleriak.

Artharen bidaia hasi besterik ez da egin azaroan Zornotza eta Donostian eta gero Senpere eta Bretainian aurkeztuko baitute. Taulen gainean baina maiz itsas bazterrean.

Espectáculo. La compañía de la coreógrafa labortana Pantxika Telleria ha presentado su nuevo espectáculo Artha. Se trata de uno de los diques que se puede ver desde el paseo marítimo de Donibane Lohitzune. Según Telleria el dique une el monte Larrun y el mar, y este espacio invita al viaje y a la reflexión. En el espectáculo actúan cinco bailarines.