Betti Gotti Elkarteak ekainaren 21ean egingo den Irungo Herri Bazkarirako sarreren salmenta igande honetan hasiko dela jakinarazi du gaur. Joxeja Zabalok, elkarteko ordezkariak, adierazi duenez, pasa den urtean webgunearen bidez egindako salmentak arazoa eragin zituen, eta horregatik, aurten, bestelako salmenta-bide bat bilatu nahi izan dute.
Aurtengo salmenta emailaren bidez egingo da. Datorren igandetik aurrera, hilak 11, koadrila bakoitzeko arduradun batek mezu bat bidali behar izango du Betti Gottiko sare sozialetan aurkituko duen helbide elektroniko batera. Horretan, hurrengo datu hauek adierazi beharko ditu: izen-abizenak; NAN zenbakia; bere adina eta jaiotza data; mugikor zenbakia; udalerria; emaila; behar dituzten sarrera kopurua; koadrilak adostutako izen labur bat eta dieta berezirik behar duten.
Zabalok eskatu du koadrila bakoitzak posta elektroniko bat bakarrik bidaltzea, eta ohartarazi du igande honetako 12.00ak baino lehen jasotako mezuak ez direla kontuan hartuko. Horrez gain, posta elektronikoak bidaltzen dituzten pertsonek erantzun bat jasoko dutela azaldu du, eskaera jaso dela berresteko. Beranduago, interesadunek mezu elektroniko bat jasoko dute ordainketa nola egin adieraziko duten argibideekin. Ordainketa Betti Gottiren webgunean egongo den ordainketa-pasabide baten bidez egingo da, eta posta elektronikoa jaso eta 48 orduko epean burutu beharko da.
Aurten ere, sarreren prezioa 20 eurokoa izango da, eta edizio honetako zapiaren kolorea berdea izango da. Horrez gain, bi pabiloi egongo dira berriz ere, bat 18 eta 22 urte bitarteko gazteentzat eta bestea 23 urtetik gorakoentzat.
Kamiseta eta goitibera lehiaketak
Bestalde, Antxeta Irratiko Asier Arbelaitzek azaldu du aurten ere Herri Bazkarian kamiseta lehiaketa egingo dela, pasa den urtean Antxetaren eskutik berreskuratu zena. Horregatik, koardilak animatu nahi izan ditu diseinuak pentsatzen hasteko, eta lehiaketaren xehetasunak aurrerago jakinaraziko direla adierazi du. Horrez gain, goizean goitibera lehiaketa ere egongo dela aurreratu du.
Bukateko, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak Herri Bazkariaren antolaketa ahalbidetzen duen elkarlanari balioan jarri du, eta hori babesten jarraitzeko deia egin du.