donostia - Guerra, Violencia y Derechos Humanos zikloa apirilaren 26tik 28ra izango da San Telmo museoan eta bertan ondorengo hiru adituen konferentzia publiko bana ikusteko aukera izango da: Sami Naïr politologoa, Jutta Weber komunikabide ikertzailea eta Sophie Bessis historialaria.
Hiru saiotan zehar, Waste lands erakusketan lantzen diren gaiei buruz hitz egingo dute gonbidatuek, hala nola, gatazkak, indarkeria, emigrazioa, espoliazio poskoloniala, etab.
Lehenengo saioan Jutta Weber-ek Big Data War konferentzia eskainiko du eta CIAko bideoak, Al Qaeda, bideo-jokoen industria eta interneteko programetan oinarrituko da. Toki birtualak eta informazioaren kontrola aztertuko ditu.
Hurrengo egunean Sophie Bossis-ek hartuko du parte. Modernitatea eraikitzeko Mendebaldeko modeloa ez dela baliozko bakarra azalduko du eta globalizazio ekonomikoa Ekialde Ertaineko herrialdeetako eskaera identitarioetara nola moldatu den ere esplikatuko du.
Azkenik, 28an, Sami Nair-ek kontraesan ekonomikoak, demografikoak eta politikoak aztertuko ditu ardatz mediterraneoan, planetako haustura eta kontraesan guztiak biltzen diren lekua, Refugiados entseguan azaltzen duen eran.
Konferentzia guztiak 19:30etan izango dira. N.G.