Aitaren heriotza izan zuen abiapuntu Edu Zelaietak Ispilu biluziak laneko poemak idazterakoan. Nolabait, dolua egiten lagundu diote horiek. “Libururik gabe ere dolua egingo nuen, noski; alabaina, literaturak -poesiak, kasu honetan- balio izan dit neure barrenean sentitzen eta pentsatzen nituenak arakatzeko eta adierazteko”, dio egileak. Dena dela, berea ez da “dolu tipikoa” izan. “Ni neu ere harritu nintzen aita hil eta gutxira modu naturalean idatzitako testu batzuekin. Negarra, tristura edota galera bezalako elementuak agertzen dira liburuko zenbait poematan, baina batzuetan umorearekin, auto-ironiarekin edota harridurarekin batera ageri dira”. Presio sozialaren aurrean, “nork bere dolua egiteko askatasuna” aldarrikatzen du Zelaietak. Liburuko Askatasunaren jantzia izeneko poema dakar gogora: “Aitak ez zuen gezurrik merezi, baina. Bai, artean, maitasuna”.

Heriotza ez da poemetan landu duen gai bakarra ordea. Aitatasuna, mugi-tzen eta mugatzen gaituzten kontraesanak, pertsonen arteko harremanen mundua, bikote-harremanak, denboraren iragatea, gai sozial edo politikoak? Hainbat dira poema liburuko orrialdeetan agertzen diren protagonistak, eta Zelaieta bera ere badago, jakina. Batzuetan “zuzenean eta gardenago”, beste batzuetan, “zeharka eta gordeago”.

Simetriaren jokoa

Ispilu biluziak jarri dio izena bere laugarren poema liburuari, “denok islatzeko metafora unibertsal” bat baliatu nahi zuelako; azken batean, ispilu biluzien atzean zein aurrean pertsonak gaudela uste du berak, “gu guztiok”. Aldi berean, kontraesanarekin jokatu nahi izan du Zelaietak: “pertsonok jantzita ematen dugu ia egun osoa, baina funtsean biluzik bizi gara, eta ispiluei biluziaren deitura jartzeak esentzia humanora jotzeko aukera eman dit”, dio. Simetria eta ispiluen jokoarekin jarraituz, horien ezaugarriak ekarri nahi izan ditu liburura. Azaleko izenburua ispiluan islatuta egongo balitz bezala dago idatzita. Forma aldetik ere badago simetria: atal bakoitzak poema kopuru bera eta poema bakoitzak bertso-lerro kopuru bera, baita pertsonen eta poemen artean ere. Lotura simetriko/asimetriko horiek esplizituagoak dira batzuetan, eta inplizituagoak beste ba-tzuetan. Dena dela, “karikatura” egitea ez da bere asmoa izan, eta, umore zipriztinak nabariak badira ere, “liburuko ispiluek ez dute irudi sobera distortsionaturik itzultzen”, egilearen esanetan.

Zu, hura eta ni, hiru ataletan dago banatuta liburua. Horietako bakoi-tzak pertsona-izenordain bat darama, eta bakoitzari dagokion gramatika-pertsonan idatzita dago; hau da, zu-ren ataleko poemak bigarren pertsonan daude, hura-ren atalekoak hirugarrenean eta ni-ren atalekoak lehenengoan. “Horretan ere nabarmena da ispilu jokoa: zu, hura eta ni elkarren ispilu gara. Elkarren ispilu biluzi”. Atalen arteko lotura agerian geratzen da liburua irekitzen duen poeman: “Ni biluztean / zu biluzten zara. / Eta hura. / Zu, hura eta ni: / soin jantziak diren / hiru ispilu biluzi”. Azken finean, lotura “gu guztiok” garela dio Zabaletak. “Pertsona bakoitza eta mundu osoa. Giza baldintza, geure izatea. Hartara, nire biluziak biluzten du mundua, biluzten zaitu zu, biluzten du hura: gizakiok biziaren (eta heriotzaren) aurrean uste baino antzerago jokatzen dugu”, uste du egileak.

Lan hau Zelaietak orain arte idatzi duen liburu narratiboena dela uste du Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editore eta poetak, hau da, gero eta gehiago hurbiltzen dela ahozko kodera. Pozik hartu ditu hi-tzok berak, izan ere, bizitzaren eta “literaturaren etengabeko bilakaeran, tonu narratiboago edo ahozkoago baten bila” ibili da idazlea azken urteotan, “betiere sinplekerian erori gabe”, azpimarratu du. “Estetika kontzientea dago hor. Estilo hori gustagarria den edo ez irakurle bakoi-tzaren esku dago”.