Kontrakoa pentsa zitekeen arren, Japonia eta Euskal Herria ez daude hain urrun. Hangoak hona, eta hemengoak hara, harremana estutzen ari da azken urteotan. Horren adibide dira Euskal Herriko hamaika musika talde, idazle zein artisten esperientziak. Gure begietan Japoniak ekialdea izaten jarraitzen badu ere, bitarteko muga guztien gainetik pasa da euskal kultura eta Asiako herrialdean bere tokia egin du urteotako ibilbideari esker. Lan horren fruitu da, gainera, bi herrialdeen artean sorturiko harremana. Esperientzia guzti horien ondorioz, bi herriak inoiz baino gertuago daudela esan daiteke, Euskal Herria eta Japoniaren arteko sarea zabalduz.
Bi aldiz bidaiatu dute Oreka TX-ko kideek Japoniara, eta martxoan berriro egingo dute egonaldia bertan. Hango dantza konpainia batek proposamena luzatu eta elkarlanean Hibrido ikuskizuna prestatzen ari dira. “Japoniako lehenengo etniari -ainu- erreferentzia eginez, hemengo eta hango musika tradizionalaren arteko lotura bilatu dugu obran”, azaldu du Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartariak. “Han izan garen guztietan arreta deitu digu gurekiko eta euskal kulturarekiko japoniarrek duten interesak”, aitortu du. Adibidea jarri du Martinez de San Vicentek, eta hainbat diskoetxetan euskal musikak atal berezia duela azaldu du. “Euskal kulturara gerturatzen dira japoniarrak, eta errespetuzko interesa da; beti sakontzen dute, haien izaera horrelakoa baita”.
Desberdintasuna da gakoa, bere ustez: “Desberdinak izateak gehiago gerturatzen gaitu. Desberdintasun horretan datza interesa”, gehitu du. Miresten du Martinez de San Vicentek haien interesa eta jarrera. Bertan egindako egonaldietan, “gertu eta eroso” sentitu direla adierazi du. Izan ere,“esker onekoak dira beti”. Orain dela 16 urte egin zuten lehenengo bidaia Japoniara Kepa Junkerarekin batera eta ordutik hona txalaparta doinuak gero eta ezagunagoak direla nabaritu du. Ez hori bakarrik: han txalaparta eskola bat muntatzea ez litzatekeela zaila izango uste du Martinez de San Vicentek: “Behin utzi genizkion hango talde bati makilak eta tresnak txalaparta bat egiteko. Ikastaroak ere eman izan ditugu, eta horretan sakontzeko grina erakutsi dute”, kontatu du.
Akordeoiaren doinuak eraman ditu Ander Telleriak Japoniaraino. Euskal Herriko eta Japoniako konpositoreen lanak eskusoinuarekin jo zituen Tokion emandako hiru kontzertuetan. “Kultura desberdinak izan arren, batera ongi moldatzen dira. Aztarnak eta tradizioak, adibidez, bi herrialdeetako musikan aurkitu ditut”, dio Telleriak. Haren ustetan, Euskal Herriko konpositore askoren lanak ezagutzen dituzte japoniarrek, eta baita erabili ere. “Euskal kulturak arrakasta du. Japoniarrak beti daude prest euskaldunak ezagutzeko eta gure kulturarekiko miresmena azaldu dute”, iritzi dio. Azaroan egon zen Telleria Japoniako hiriburuan, eta esperientzia oso aberasgarria izan zela iritzi dio. Bertan emandako kontzertuetan “bereziki” Antonio Lauzirika gasteiztarraren Trama de aire y de sombras obrak arrakasta izan zuela azaldu du. “Japoniar ikusle batek hunkitzeko modu berriak sentitu zituela esan zidan; harrigarria izan zen”.
SENTIMENTUEN BILA Euskal konpositore entzutetsua da Xabier Sarasola. Enkarguz, azken bi urteetan euskarazko bi pieza -Ama Zera Lur eta Udazkena- egin ditu Japoniako Otawara hiriko abesbatzarako. Konpositore gisa ibilbide luzea du beasaindarrak eta nazioartean gero eta oihartzun gehiago eskuratu du. “Japonian oso ospetsua da Tolosan urtero antolatzen den abesbatzen lehiaketa; hori dela eta ezagutzen dute hemengo musika. Euskal musikari begirune handia diote”, azaldu du. Gainera, japoniarren profesionaltasuna eta diziplina goraipatu ditu, han izan den guztietan ezin hobeto aritu baitira haien zereginean. Euskara ahoskatzeko batere arazorik ez, eta partiturak buruz ikasita zituzten Sarasola iritsi orduko. Hori bai, lan gehiago egin behar izan du japoniarrek abestiak sentitu ditzaten: “Konturatu nintzen ez dutela ohiturarik sentimenduak adierazteko, nahi duten arren. Guk oso azalean sentitzen ditugu eta horren bila dabiltza. Agian horregatik miresten dute gurea”.
Euskal ikus-entzunezkoen alorrak ere geroz eta presentzia handiagoa du Japonian. Estreinatu zutenetik, bertako jaialdi askotan izan da Oskar Alegria zinemagile iruindarraren Emak Bakia Baita filma. Urrian, Japoniako Yamagata Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdian erakutsi zuen bere lehenengo film luzea. “Ikaragarrizko esperientzia izan zen, zentzu guztietan: solasaldia filma bera baino luzeagoa izan zen”, gogoratu du Alegriak. Inoiz ez zaiola hori gertatu eta Japoniako ikusleak “biziki kuriosoak eta kanpokoari irekiak” direla gaineratu du. “Areto erdia Man Ray edo surrealismoarekin interesatua zegoen, bertze erdia euskara eta euskal kulturarekin; pentsa, hiru pertsonek euskaraz egin zizkidaten galderak eta japoniarrak ziren!”, aitortu du.
Agerikoa da japoniarren interesa euskal kulturarekiko, baina, oro har, kanpoko gauza guztiekin “kartsuki” maitemintzen direla dio zuzendariak: “Errespetuz eta miresmenez, gure kultura gurtzen dute, ziurrenik zaharra eta misteriotsua delako beraientzat”. Behin baino gehiagotan galdetu diote Alegriari ea euskal kultura eta ainu etniaren artean zubirik dagoen ala ez, baina berak ez du bat egiten pentsamendu horrekin. “Badira mintza koin-tzidentziak, baina nik uste dut kasualitate hutsa dela, ez da teoria trinkorik frogatu horren inguruan. Ni gehiago nago gu menditik gatozela eta japoniarrak itsasotik», iritzi dio.
Kirmen Uribe idazlea ere edozenbat biderrez egona da Japonian. Bilbao-New York-Bilbao eta Mussche eleberriek harrera bikaina izan dute han. Bere azken eleberria, gainera, liburu onenen zerrendan bosgarren postuan sartu du Ho non Zasshi aldizkari japoniarrak. “Irakurleek esan didatenez, lehen nobelaren konta-tzeko modua izan zuten gustuko, nola hitz egiten dudan itsasoarekin lotutako bizitzaren galerari buruz, bertan ere gertatzen ari dena, bide batez esateko, baina era garaikide batean”, azaldu du Uribek. “Eta Mussche-ren kasuan, memoria historikoa egiteko era izan dute gustuko -gehitu du Ondarroako idazleak-, nola pertsona baten bizitza kontatuta konta daitekeen II. Mundu Gerrako triskantza hura guztia”.
Alegriarekin bat egiten du Uribek, eta japoniarrek munduan gertatzen ari denaz jakin-min handia dutela ohartu da: “Horregatik, gurea bezalako herri txikiekin arduratzen dira. Euskal Herria beraientzat borrokan ari den herri txiki bat da, oso kultura bizia daukana eta hori oso interesgarria egiten zaie, gure bizitasun hori”, agertu du Uribek. Besteak beste, Okinawa uhartea ezagutzeko parada izan zuen Uribek. Bertan badute hizkuntza gutxitu bat eta euskara “eredu gisa” ikusten dutela adierazi du idazleak. “Hezkuntzan ez du tokirik hango hizkuntzak, eta, horregatik, euskara jarraibide baten gisa ikusten dute; nola eutsi diogun hizkuntzari eta nola hazi den azken urteetan, horrek arreta deitzen die”. Gertu sentitu ditu Uribek japoniarrak han izan den aldi oro. “Apalak eta kulturzaleak dira, eta entzuteko prest daude beti”, gaineratu du.
BI KULTURAK UZTARTUZ
Txikitatik maite izan du Judas Arrieta artista plastikoak Japoniako kultura, eta “bere ametsa” bete zuen 2002. urtean. “Niretzat artea jasotakoa itzultzea da; horregatik, nire lana japoniarrei erakutsi nahi nien eta haien erantzuna ikusi nahi nuen”, azaldu du. Tokiora joan eta bi erakusketa egin zituen Arrietak. Horietan, artea, sukaldaritza eta euskal musika nahastu zituen. “Nire marrazkiak eta nik prestatutako menu bat eskaintzen genituen. Bitartean, euskal musikak girotzen zuen erakusketa. Harrigarria eta oso aberasgarria izan zen”, oroitu du. 2007an, beste egonaldi bat egiteko aukera izan zuen artistak.
Bistakoa da Japoniako kulturak Arrietaren lanean duen eragina; bere sustrai euskaldunak ahaztu gabe, bi errealitateen uztarketa da bere obra. “Nire lanetan beti erabili izan dut kultur desberdinen nahasketa, baina nahasketa hori beti era harmoniatsuan islatuz. Desberdintasunak aberastasunak dira”, adierazi du. Bere ustez, euskaldunen sorkuntzek “sakonki” eragiten dute hango ikusleengan. “Gure egoera, hizkuntza eta historia berezia da; hori aurkezten dugu eta gustatzen zaie”. Egun, Txina eta Hondarribia artean bizi da Arrieta.
Musikaren esparrura itzuliz, Glaukoma talde gipuzkoarrak 2013an zapaldu zituen Japoniako lurrak lehenbizikoz. Bira “motza baina bizia” egin zuten, Juantxo Arakama taldeko abeslariaren esanetan. Egonaldi laburra izan bazen ere, hango kultura ezagutzeko tartea izan zuten, gainera. “Munduko beste puntan jotzea ez da gauza makala, eta hain pertsona desberdinekin harreman zuzena izatea oso aberasgarria izan zen”, oroitu du. Astebetean, sei kontzertu eman zituen taldeak Japonian, eta guztietan harrera “beroa eta gertukoa” jaso zuten entzuleen partetik. “Txundituta utzi gintuen Japoniako ikuslegoaren jarrerak; miresmen handia erakutsi zuten uneoro, oso esker onekoak dira”. Arakamak gogora ekarri du kontzertua hasi zutenetik bukatu zen arte dantzan gelditu gabe aritu zela publikoa. “Ezagutzen ez bazaituzte ere, konfiantza osoa dute eta horrela adierazten dute kontzertuetan”. Urte askotan burututako lanaren fruitua da Japonia eta Euskal Herriaren arteko harreman estua, Arakamaren iritziz. “Azken 18 urteetan Japoniako ia hogei talde etorri dira Tolosako Bonberenea Gaztetxera”, jakinarazi du Glaukomako kideak. Gainera, elkartruke honek jarraipena izango du, Bi Bala taldeak hartuko duelako lekukoa aurki, martxoan Japonian astebeteko biratxoa egingo duelarik.
EUSKAL KULTURA, IKERGAI
Euskara eta euskal gaiekiko interesaren adibide dugu Sho Hagio japoniarra. “Kasualitatez eta jakin-min intelektualagatik” hasi zen euskara ikasten, orain dela 30 urte. Ordutik ez du atsedenik hartu. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko interes akademikoa nabarmena da harengan, eta euskal gaietan aditua da. Bernart Etxeparek 1545ean argitaratu zuen Linguae Vasconum Primitiae itzuli berri du japonierara, Hiromi Yoshida irakaslearekin batera, eta egun, euskara ikertzen jarraitzen du: “Euskal hizkuntza eta kultura mugaz gaindi zabaltzeko ekintzak, eta kulturaren arteko muga nola jaio, mantendu eta aldatzen den dira nire ikergaiak”, dio. Bi herrialdeen arteko harremanaz galdetzean, argi du Hagiok: “Azalean, bi kulturen artean desberdintasun asko daudela dirudi. Baina, sakonean, bi kulturen artean arketipo edo ezaugarri komunak badira”. Horren adibide dira, bere esanetan, Japoniako eta Euskal Herriko ohitura zaharrak: uraren erritoa urte zaharra eta berria ospatzeko, etxe-izenen erabilera eta auzolana, besteak beste.
Hagioren ustez, egun, eta bereziki interneten bidez, euskal kulturarekiko interesa gero eta gehiago hedatu da. “Fenomeno horrek, dena den, bi alde ditu: euskal kultura lehen baino askoz sakonago dastatzeko aukera dugun bitartean, euskararekiko begirunea pixkanaka gutxitzen ari da. Adibidez, hemengo hedabideek gaztelaniaren bidez, eta ez euskararen bidez, aurkezten digutelako euskal kultura”, agertu du bere kezka. Lanean ari da Hagio horri aurre egiteko eta, Yoshidarekin batera, Gaur egungo euskal gizartea eta kultura ezagutzeko eta ulertzeko 50 kapitulu izeneko liburua argitaratu zuen, 2002an, japonieraz. “Lan hau euskaldunen eta japoniarren arteko auzolanaren emaitza dela esan daiteke”, dio. Tokioko Euskal Etxea sor-tzeko lanetan ere parte hartu zuen bere garaian Hagiok, euskal kultura japoniarrei gerturatzeko ahalegin etengabean.