Arkitekturaren oinarrizko definiziora joko bagenu, babesleku bat irudikatuko genuke. Arkitekturak barnealde bat sortzen du kanpoko eragileetatik gorde-tzen gaituenean, horregatik barnea eta kanpoa mugatzen duen elementuak lanketa eta gogoeta berezia jaso du beti arkitektoaren partetik. Historikoki elementu hau horma bat izan da: sendoa, solidoa eta itxitasun sentsazioa eskura-tzeko gai dena.

Eraikinaren oskol honek, gainera, beste funtzio inportante bat du: gizakiak eraikina identifikagarria egiteko aurpegia dela, hortik bere izena: fatxada. Hau da, arkitekturaren irudia oskol honen estetikak osatzen du. Hori dela eta, horma-fatxada hau konposaketa lan sakonaren bidez diseinatua izan ohi da, eraikinaren edertasuna bertan irudikatua gelditzeko helburuaz. Eraikin bat polita denentz galdetzerakoan (arkitektoen artean debekatua dagoen galdera bada ere), gure erantzuna fatxada-oskol horren presentziarekin baldintzatua egongo da. Arkitektura modaren lengoaiaren bidez ikusteko ahalegina egiten badugu, berriz, fatxadan historikoki egin den lan estilistikoak eraldaketa sakona jasatzen du. Oskol ikuspegitik azal edo jantzi ideiara salto egingo dugu. Epidermis textilak barne eta kanpoaren arteko elkatrukaketa funtzioa du, hots, nolabait esatearren, jantziak mugatzen dituen bi munduen arteko negoziaketa konstante baten erregulazio lanean dihardu.

Euskal Herrian bada arkitekto talde bat lan lerro bat bideratu duena modaren inguruan eta hartueman horren ondorioak fatxada-azalean islatzen dituena. Iruñeko Vaillo+Irigaray arkitekto talde aski ezagunaz ari gara. Iruindarrak sarituak izan dira gure artean eta baita nazioarte mailan ere, eta horregatik aldizkari preziatuetan beraien artelanak argitaraturik ikus ditzakegu. Beraien lanaren berezitasuna beren-beregi fatxaden materialitatean dago, proiektu arkitektonikoaren esfortzu nagusi bat bertan kontzentra-tzen baitute, laborategi alkimista baten emaitza bezala ulertu daitekeena.

Esan bezala, modak arkitekturan eragiten duen eraldaketa estrukturaletako bat fatxada lan estilistiko bat izatetik geruzen gainjarketa izatera igaro-tzean datza. Modaren bigarren ekarpen bat da, materia ehundura bat bezala pentsatzera bultzatzen gaituela. Ehundura batean ukimenak garrantzi handia du eta gainazal baten lanketarekin bolumetria bat osatu behar da. Fatxadaren tratamendua ez da mihise baten gainean margotzearen ariketa bat, baizik eta materialaren izaera eta propietateen arabera azal bat eratzea. Geometria eta materialaren lege eta mugek marraztuko dute kanpo azala, eragiketa estilistikoa baino areago doan lana izanik.

Vaillo+Irigaray taldeak Alvarno moda-diseinatzailearekin egindako elkarlana seguraski ongi mintzo da modak arkitekturari eskain dakiokeenari buruz. Teknologiaren abantailak lagun, metakrilato plastiko zurrunarekin soinekoak sortu dituzte eraikuntza eta ehundura ezaugarrien konbinaketa txundigarria eginaz. Vaillo+Irigaray taldearen webgunetik bidaiatzean material zerrenda bat ikusiko dugu, eta bakoitzarekin aplikazio posible bat aditzera ematen da. Eraikuntzan ohikoak ez diren belakiak, botilak, pneumatikoak, inprimatutako egurrak eta plastikoak, aluminio eta metalezko geometria jolasak eta abar luze batekin arkitekturarako balizko material berritzaileak izan daitezkeela frogatu nahi dute. Material hauek industria prozesu baten emaitza dira, urik erabiltzen ez dutenak eta tailerrean ekoizten direnak. Fatxada abstraktua eta zehaztu gabeko tamainako gainazal bat bezala irudikatuko da hemendik aurrera.

Ezin ahantz, garaikidetasuna diziplinen arteko hibridotasunean murgildurik dela. Baina ez dezagun esaldi hau hartu modan dagoen eragiketa bat bezala, baizik eta nahaste egoera horretatik irekitzen den aurreikusi gabekoaren ate bat bezala.