Donostia - Normalean helduentzako thrillerrak idazten baditu ere, oraingoan beste era bateko liburua aurkeztu du Alberto Ladron Arana idazle iruindarrak. Itzalak bizi diren lurraldea haur eta gazte literaturan kokatu du, eta fantasiazko liburu bat da. “Gogo izugarria neukan horrelako eleberri bat idazteko, aspalditik nuen arantza bat kentzeko balio izan dit”, adierazi zuen atzo egileak, liburuaren aurkezpenean. Duela 20 bat urte, istorio bat sortu zuen, eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak animaturik, lehiaketa batera aurkeztu zen. “Irabazi egin nuen, baina iruditzen zitzaidan ez nuela behar bezala kontatu”, onartu zuen Ladron Aranak. Horregatik, iaz istorioa berridazteari ekin zion, azkenean ia guztia aldatu badu ere. “Arantza hori atera dut”, esan zuen.

Orain, Itzalak bizi diren lurraldeak Jon izeneko mutiko bat du protagonista, 11 urte dituena. Arkania urrunean matxinada-hotsak dabiltza, baita istorio izugarriak ere, aspaldi debekatutako magiaren berpizteaz hitz egiten dutenak. Testuinguru horretan, gazte beldurti bat, agure jakintsu bat eta matxino ausart bat bidaia harrigarri batean murgilduko dira.

“Beti gustatu izan zait genero hau”, adierazi zuen Arotzaren eskuak eta Zer barkaturik ez liburuen egileak. Kasu honetan, deskribapen gehiago erabili ditu -mapa eta hiztegi batez gain-, mundu bat asmatu behar izan du, Erdi Arokoa, baina fantasiazkoa. “Era honetako liburuetan, gauza paranormalak normaltzat hartzen dituzte; nik sortutako munduan, aldiz, magia debekaturik dago, eta jendeak ez du sinesten”, azaldu zuen, jendearen erreakzioak islatu nahi izan dituela gaineratuz.

Bestalde, nobela hau parentesi bat izan dela aipatu zuen: “Ez dakit liburu honek jarraipenik izango duen, baina orain thriller bat idazten ari naiz”. Bere hitzetan, “thrillerra lana da, eta fantasia, hobbya”. Bi genero hauen arteko desberdintasunei buruz ere mintzatu zen. “Fantasian, oso garrantzitsua da sinesgarritasuna mantentzea, baina askatasun handia eskaintzen du estilo aldetik”, esan zuen, eta thrillerraren estiloa estuagoa dela gaineratu zuen. Hala ere, bere hurrengo liburua nobela beltza izango da, eta ez du genero hori uzteko intentziorik erakutsi.