donostia - Aita Gurea izena duen arren, Iñaki Irasizabalen (Durango, 1969) nobela berriak ez du erlijioaz edo mezaz hitz egiten. Eta familiak garrantzia du, baina ez da gai nagusia. Idazle bizkaitarrak argitaratu berri duen eleberria thriller bat da, industrian eta fabriketan girotua. “Normalean, literaturan ez da gai hau asko agertzen, baina lantegia testuinguru bezala oso egokia iruditzen zait”, adierazi zuen Irasizabalek.
Elkar argitaletxearekin plazaratutako liburuko protagonista emakume gazte bat da, 26-27 urtekoa, yonkia izan zena. Bere aita istripu batean hilko da, eta bere fabrika jasoko du. Hasiera batean, saldu nahiko du, baina azkenean, aurrera ateratzeko erabakia hartzen du. Aldi berean, bi enpresariren arteko tentsioa nabari da, biek gauza berdinak lortzeko ahaleginak egiten baitituzte, baina ezinezkoa da. Bestalde, drogen salerosketa eta lapurreta bezalako gaiak ere ageri dira liburuan. “Nobela korala da, protagonista bat duen arren, pertsonaia garrantzitsu asko baititu, nahiko bitxiak”, azaldu zuen Irasizabalek. Pertsonaiek hartutako erabakiak, askotan ez dira oso logikoak, baina beren izakerarekin koherenteak dira betiere.
“Estilo aldetik, ez dakit nola deskribatuko nukeen Aita Gurea; alde batetik, nobela beltzaren elementu batzuk ditu, baina drama bat ere bada”, azaldu zuen egileak, eta seguruenik mugako estilo bat duela gaineratu zuen. “Hala ere, ez dut informaziorik ezkutatu istorioan zehar, irakurleak pasatako guztia ezagutuko du”, adierazi zuen. Bestalde, eleberriaren helburuetako bat gizarte kritika egitea da, eta “krisi egoera ageri da ate joka”.
Baina Irasizabalek ez du industriaren mundua leku txarrean utzi nahi, ezta idealizatu ere. “Ondo ezagutzen dudan mundua da, eta gauza asko nik ikusi ditut”, gaineratu zuen.