Eleberri beltzaren elementuak ondo txertatu ditu Jon Arretxek (Basauri, 1963) beste behin ere. Toure detektibearen sagako hirugarren eleberria argitaratu du: Hutsaren Itzalak. Sagako beste eleberriekin alderatuz gero (19 kamera eta 612 euro), nobela gogorrago bat aurkituko du irakurleak honetan. Toure detektibearen ildo nagusiari heltzen dio berriz ere, Bilboko San Frantzisko auzoko errealitatean kokatuz. Umorea dosi txikiagoan jasoko du, gordintasunaren alde apustua egin baitu idazleak. Hortaz, kontakizun gogorragoa izango du publikoak irakurgai: “Saga bat da baina hirurak oso desberdinak egin nahi izan ditut”, adierazi du Jon Arretxek.

Nobela beltz interesgarri bat egitea izan du helburu idazleak. “Fikzioa da eta irakurleari istorio interesgarri bat eskaintzea bilatu dut; harrapatzen duena, harritzen duena, batzuetan barre eragiten diona ere bai”. Bide batez, bere asmoa San Frantzisko auzoa nolakoa den erakustea izan da: “Euren bizitzen gogortasun hori islatu dut; kritika soziala oso klasikoa da nobela beltzean”.

Oro har, sagak bi berezitasun nagusi ditu: alde batetik, pertsonaia nagusia, Toure, gainontzeko detektibeekin alderatuz gero, “nahiko desberdina” delako. Protagonistak arazo larriak gainditu behar ditu lehenengo nobelatik, baina idazleak dio oztopo horiek guztiak gainditzen dituela bere afrikartasunari, positibotasunari eta umoreari esker. Baina Arretxek argitzen du azken honetan gainezka eginda dagoela protagonista: “Alde guztietatik hartzen ditu ostiak, krisi hirukoitza dauka: denon krisia, San Frantzisko auzoko krisia eta berea pertsonala”. Toure detektibearen figura azpimarratu nahi izan du: “Ez da ohikoa”.

Bestetik, kokagunea ere bada sagaren berezitasunetako bat, hots, San Frantzisko auzoa. Idazlearen esanetan, Bilboko jende askok ez du ezagutzen eta eleberriak berak, fikzioaren bidez, ezagutzeko aukera eman die: “Euskaldun askok ez dauka ideiarik ere horrelako gune bat dagoenik eta harritzen dira horrekin”. Aurreko nobela beltz guztiak atzerrian kokatu dituela azaldu du; hala nola, Paris, Lisboa, Istanbul, Tanger? eta Arretxeren esanetan, bazen ordua Euskal Herrira etortzeko.

Beste desberdintasun bat aipatzen du tartean. Pertsonaia berarekin saga bat sortu izana, hain zuzen: “Lehenengo liburua idatzi nuenean banekien saga bat izango zela, bestela Toure hilko nuen. Aurreko nobeletan denak hiltzen nituen, eta hau saga klabean idatzita dago. Ez da hain beharrezkoa hasiera eta amaierak hain markatuak izatea”.

Toure estimatua Saga honetan narratzailearen ikuspegia aldatu du, idatzitako aurreko nobeletan hirugarren pertsona erabili baitzuen. Hasieran zalantza planteatu zitzaion baina azkenean narratzaile-pertsonaiarekin probatzeari iritzi zion eta “oso pozik” dago emaitzarekin. “Konturatu naiz jendeak estimua hartu diola Toureri. Lehenengo pertsonan kontatze horrek sinesgarriago egiten ditu gauzak”. Dena dela, aipatzen du askoz erosoagoa dela hirugarren pertsonan kontatzea: “Nik kriston arazoak izan ditut horrexegatik. Orojakilea baldin bada, berak ikusten duena eta ikusten ez duena konta dezakezu. Lehenengo pertsonan kontatzen baduzu, nola sartu nobelan berak ikusten ez duena?”.Pertsonaiei dagokienez, argitzen du liburutik liburura pertsonaiak gehi-tzen joan dela eta batzuek garran-tzi gehiago hartu dutela hirugarren eleberrian (alabaren kasua aipatu du adibide gisa).

Ildo horretatik, pertsonaiek garapen bat izan dute eta zera dio horiek narrazio batean maneiatzeaz: “Pertsonaiak sartzea ez da arazoa, kontua da horiek ondo funtzionatu behar dutela narrazioan”. Tentuz ibili behar izan duela aitortu du, pertsonaia asko dituen nobela bat nahasia suerta daitekeelako: “Nik irakurle moduan pentsatzen dut eta gauza gehiegi daudenean, galdu egiten naiz”. Aldi berean, gutxiegi sar-tzeak ere gatzgabea bihur dezake narrazioa: “Istorioa sendotzeko interesgarriena dena bilatu behar duzu”.

Pertsonaian sinetsi Etorkizunean liburu gehiago egiteko asmoa badauka basauritarrak: “Trilogiei mania hartu diet, kokoteraino nago”. Horrela utzi zezakeela aitortzen du, hiru nobelak desberdinak direlako eta trilogia moduan “ondo” funtziona dezaketelako, baina argi dauka idazten jarraituko duela: “Nik pertsonaia honengan (Toure) eta auzo honetan sinesten dut; ziur honekin jarraituko dudala. Lehenengoa kristoren porrota izan balitz, ez nuen jarraituko, baina arrakastatsua izan denez gero, horrek animatu egin nau”.

Halaber, Arretxek dio publikoaren onespen hori jaso duela eta feedback positibo hori jasotzea garrantzitsua izan dela. Publikoaren harrerari jarraiki, gehienek diote hiru liburuetatik Hutsaren Itzalak dela onena: “Oraintxe konforme nago, baina ez naiz gehiegi fidatzen nire buruaz, nobela bat amaitzen dudan bakoi-tzean idatzi dudan gauzarik onena dela pentsatzen dudalako”.

Saga hau idazteak “asko” eman dio idazleari: “Auzo hau barrutik ezagutzeak, errealitatea gertutik ezagutzeak. Sentiberago nago jendeen arazoekin, orokorrean behartsuekin: afrikarrak, bertakoak. Egoera barrutik ezagutzen duzunean, beste modu batean ikusten dira gauzak”. Sagako hurrengo liburuaren ideia edo eskema badauka buruan Arretxek, edo behintzat nondik norakoa zehazten ari dela esan du, barrez: “Ideia batzuk izan ditut eta ikusten dut nondik joango den, baina ezin dut esan”.

Emakumeak, protagonista Saga honetan zehar, eta batez ere hirugarren eleberrian, emakumeak narrazioaren erdigune bilakatu dira: “Beti eduki dut gogoa emakume gehiago sartzeko baina orain arte ez naiz ausartu, hanka sartzearen beldur handia neukan eta”. Emakumeen sentimenduak ondoen islatu dezakeena emakumezko bat delaz konbentzituta, Arretxe ez zen ausartzen protagonismo gehiegi ematen hauei: “Gutxinaka eman diet, azken nobela honetan emakumeak dira nagusi: badaude lau emakume nobelan inportanteenak direnak: alaba, Uwa prostituta gaztea, Kristina -bera da ikerketaren pisua daramana- eta gero Toureren emaztea, Afrikan dagoena”.

Gai delikatuak Prostituzioa, droga trafikoa, bahiketak, hilketak, etorkinen egoera latzak? elementu horiek guztiak txertatu ditu Arretxek saga honetan. Gai delikatuak paperean islatzeko: “Tentuz ibili behar da, hori egia da, baina kontatu behar da gertatzen den moduan, nahiz eta fikzioa izan”, baieztatu du. Horretarako, dokumentazio-lana funtsezkoa izan zaio: “Hanka ez sartzearren, onena da benetan dakien jendearekin hitz egitea”. San Frantzisko auzoan, informazioa jasotzeko trabarik ez du izan idazleak, alderantziz: “Laguntzaile itzelak topatu ditut; prostitutak izandakoak, yonkiak eta trafikatzaile izandakoak orain laguntzen ari direnak? Mila gauza kontatu didate eta horri esker istorio sinesgarriak idazteko gai izan naiz gero”. Informazioa jasotzeko pazientziaz egon eta “en-tzun, entzun, entzun” behar dela dio: “Askotan egon naiz Askabiden, pixkanaka beraiekin hitz egiten hasten zara, ezin dituzu interrogatu, errespetuz jokatu behar duzu. En-tzutearekin bakarrik ateratzen dira gauzak. Baina presarik gabe”.

Horren harira, etorkinen egoerari buruz hausnartzen du: “Jende askok pentsatzen du etorkina izanda eta erroldan apuntatzeagatik dirua jasotzen dutela eta hori gezurra da. Diru hori lortzeko tramite pila bat daude”. Hasteko, erroldan hiru urte eraman behar dituzte dirua kobratzeko eta pisu bakoi-tzean bi pertsona bakarrik egon daitezke erroldatuta: “Patera pisuan dauden hamaika horiek ezin dute denek kobratu. Bik bakarrik kobratu ahal dute, eta ez da hain erraza”. Hori dela eta, bestelako “lantxoak” egin behar dituzte dirua ateratzeko. Nobelan hori agertu nahi izan duela azpimarratzen du: “Tourek horrela egiten du eta behintzat umorez hartzen du”.