Donostia. Oskorri taldea sortu aurretik ere, bere kide fundatzaileek aspaldiko harreman sakona zuten Gabriel Aresti poeta handiarekin. Beren artean zeukaten harreman horretan ohikoa zen abesti berriak prestatzea eta Natxo de Felipe eta Arestiren artean bilduma handia sortu zuten. Poeta hil geroztik, kantu horiek hainbat diskotan plazaratu ziren.
Hiru hamarkada luze pasa dira ordutik, eta oraingoan Oskorrik bere lana berriro landu eta eszenatokira aterako du Gabriel Aresti bizsitan izeneko kontzertuarekin. Hogei abesti inguruz gozatzeko aukera izango da hilaren 29an arratsaldeko 19.00etan Victoria Eugenia antzokian eskainiko duten emanaldian.
"Denbora hau guztia eta gero, aurten berriro abesti hauek entzun eta jotzea oso ona izan da guretzat", adierazi zuen atzo Bixente Martinezek ekitaldiko aurkezpenean. "Abestiak jotzeaz gain, Nachok aurkezpenak egingo ditu, eta Arestirekin zuen harremanaz, bere izakeraz, diktadura garaian euskaraz idazteaz... hitz egingo du", gehitu zuen.
Xabier Zeberio, berriz, orain dela 18 bat urte sartu zen taldean, eta gazteagoa izanik, ez zuen besteek bizitakoa ezagutu. "Txikitan en-tzutzen nituen abesti hauek eta hori guztia gogoratu dut orain", zioen, esperientzia oso aberasgarria izan dela azpimarratuz, Arestiren figura askoz ere hobeto ezagutu baitu.
Musikalki ere proiektu atsegina izan da Oskorrirentzat, formazio akustikoa erabiltzen dute eta. "Eszenatoki handietatik esentzia horretara joateak badu plus bat, publikoari modu zuzenagoan iristen baitzaio musika", adierazi zuen Zeberiok, giro intimo bat sortuko dela aurreratu zuelarik.
gaurkotasuna kantuetan Arestik sortutako letrek bi eragin izango dituzte Oskorriko bi taldekideen ustez. Alde batetik, garai horietara bidaia bat izan daiteke baina, aldi berean, gaurkotasuna ere badute abestiek. Horregatik, "abestiek esaten dutena lehen planoan utzi nahi dugu", azaldu zuen Martinezek.
Krisia, langileak, euskararen egoera eta abortua bezalako gaiak ageri dira abestietan. "Zoritxarrez, urte asko pasa diren arren, kantu hauek ez dute gaurkotasuna galdu", onartu zuen Martinezek. "Letrak gaur egun idatzitakoak izan litezke, eta gainera, modu ulerterraz batean eginak daude", gaineratu zuen Zeberiok.
Kontzertua Tolosan estreinatu zuten otsailean, baina ez da Donostia ingurura gerturatu gehiago. Ziur asko, irian entzuteko aukera bakarra izango da 29koa. Bertarako sarrerak 15 euro balio dute.