Filosofiazale euskaldunen sarea Maiatzaren 22an, 18.30ean, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbon "Euskal Herriko filosofiazale euskaldunen sarea" proiektua autoeratzeko prozesua aurkezteko batzar irekiak egingo dira. Horiek, Txinpartaren parte dira.

Baina, zer da Txinparta? Guztia Pentsatu Jaialdian hasi zen, Agora Elkarteak urtero antolatzen duen ekitaldian, filosofia eguna dela eta. Martxoak 21ean aurkeztu eta piztu zen filosofia zaleen sarea eratzeko prozesua.

Abendu zein urtarrilean zehar oinarrizko forma eman genion, otsailean lantalde bat osatu eta martxoa amaieran Sarea eratzeko Txinparta prozesu publiko eta parte-hartzailea aurkeztu genuen urtean zehar iraun eta urtaroz urtaro ekimenak aurrera eramanez garatuko dena.

Euskal Herriko filosofiazaleen sarea sortzeko prozesua irekia eta zabala da, betiere txikitasunetik eta umiltasunetik abiatuta. Herriak berak sortu eta herriarentzat den proiektua nahi dugu, elitismo eta handiguratik urrun.

Filosofia ez da akademiko edo adituetara mugatzen den zerbait; giza guztion eskura egon behar du eta, horretarako, sarearen sorrera prozesuan parte hartzeko deia zabaltzen dugu, norberak dakien eta bizi den horretatik abiatuta parte hartu dezakeelako.

Prozesua burutzeko jendartean dauden beste eremu eta esparru sozialekin lotzeak berebiziko garrantzia du. Filosofia garatzeko gizartearen beste sektoreekin elkarrizketa irekia eta aktiboa beharrezkoa da eta, horregatik, bilatuko dugu. Filosofia eta pentsamendu kritikoa esparru guztietara zabaltzea ezinbestekoa da, ohitura kulturalak eta sozialak hobetzea edo aldatzea lortzeko.

Gure jendartean gertatzen denari buruz etengabe galdetzeko eta kolokan jartzeko gaitasuna garatu nahi dugu, erantzun errazetatik haratago joanez eta errealitatearen konplexutasuna ulertzeko filosofiak eskaintzen dituen tresnak erabiliz.

Bidali zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali

Gure helburua jendarte aktibo, bizia, konprometitua, kritiko, eraldatzaile eta eraikitzailea da, eta hori bultzatuko dugu filosofiatik eta bere pentsamendu bizitik.

Filosofia, teorikoa ez ezik, mundua ulertzeko eta eraldatzeko tresna ere bada eta, horretarako, gizartean parte-hartze aktiboa eta konprometitua beharrezkoa da. Sare honen bidez, filosofiazaleen artean elkartasuna eta lankidetza sustatu nahi ditugu, baita gizartearen beste sektoreekin harremanak ere sortuko ditugu, proiektuaren eragina handitzeko.

Esandako guztia dela eta, deia zabaltzen dugu sortzen ari den Euskal Herriko filosofiazale euskaldunen sarearen prozesuan parte hartzeko. Filosofia zale guztiak ongi etorriak dira, beren ezaguerak, esperientziak eta proiektuak partekatzeko. Ez da behar titulu akademikorik izatea; filosofiarekiko grina eta proiektu honen helburuekin bat egitearekin nahikoa da.

Sarera hurbiltzen eta zuen ekarpena egitera animatzen zaituztegu. Argibide gehiago eskuragarri web orrian (txinpartafilosofia.wordpress.com) edota instagram kontuan (@txinpartafilosofia).

Sinatzen dute*: Beñat Castorene (Lapurdi), Iñigo Korkostegi (Gasteiz), Ibai Gonzalez eta Joseba Meabebasterretxea (Nafarroa), Nerea Oliban, Inazio Narbaiza eta Xabier Galardi (Gipuzkoa), Yuko Huali Alvarez eta Saul Curto (Bizkaia)