Donostia. Peio Ramirez akordeoiaren doinuarekin, Harkaitz Canoren testu labur baten irakurketarekin eta Andoni Egañak egindako bertso estrofa batekin hasi zen atzoko prentsaurrekoa. Lanku Bertso Zerbitzu elkartekoek San Jeronimoko sotoan zehaztu zuten Kafkaren aulkia proposamen berria, literatura, bertsogintza eta musika uztartzen dituen ekimena hain zuzen ere.
Lanku, sortzaileen ekintzak aurrera ateratzeko plataforma bihurtu da azken denboraldian, Mikel Mariskal koordinatzailearen esanetan, krisiaren egoeran "sorkuntza areagotu" egin baita.
altzaria "Noizbait arreta jarri al duzue nola esertzen den bertsolari bat bertso saio batean?", galdetu zuen Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak. Inoiz ez dute aulkian bizkarra guztiz ezartzen, beti punta batean esertzen dira, "erosoegi ez sentitzeko ", azaldu zuen elgoibartarrak.
Ildo honetatik dator Kafkaren aulkiaren izenburuaren zergatia. Pragako idazlearen antzera, eserlekua hainbat ordu pasatzeko tresna da eta geroz eta deserosoago izan orduan eta hobeto ateratzen baitira lanak eta ideiak.
Horregatik emanaldian deserosotasuna "akuilu" bihurtu nahi izan dute, ezohiko lurretan barneratu edo behintzat ezohiko eremuetan sartuko baitira.
Idazlea 30 minutuz arituko da testua irakurtzen, poema-errezitaldiak, ipuinak, hitzaldi literarioak nobela bateko pasarte hautatuak, batik bat, eta Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein haien ahots propiotik kantatuko dute.
Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko kontaketan txertatuko da hark agindu ahala. Haiekin batera Ramirez arituko da emanaldia girotzen eskusoinuarekin nahiz txeloarekin, eta bestetik, idazleen testua jantziko ditu eta bertsoak lagunduko ditu musikaz.
Hala ere, bertsolariek hainbat doinu adostu dituzte Ramirezekin, besteak beste, narraziorako, elkarrizketarako, gogoetarako edo umore momentuentzako.
Zati hori prestatuta dago baina saio bakoitzean gertatuko dena haiek ere ez dakite, hari muturraren arabera momentuan erabakiko baitituzte doinuak.
emanaldiak Hamabi idazlek hartuko dute parte ekintza honetan: Anjel Lertxundik, Eider Rodriguezek, Harkaitz Canok, Oier Guillanek, Arantxa Urretabizkaiak, Unai Elorriagak, Miren Agur Meabek, Lander Garrok, Itxaro Bordak, Jon Sarasuak, Iratxe Esnaolak eta Xabier Mendigurenek. Emanaldi bakoitzean idazle bat egongo da eta nahiz eta oraingoz lau saio baino ez dituzte hitzartu, espero dute hamabitara iristea gutxienez, horien artean: urriaren 17an Bilboko Bidebarrietako liburutegian izango dira Miren Agur Meaberekin, azaroak 3an Ondarroan, Kofradia Zaharrean Eider Rodriguezekin, azaroaren 27an Donostian Casares kultur etxean Arantxa Urretabizkaiarekin eta azkenik, abenduaren 11n Bilboko Deustuko udaltegian Harkaitz Canorekin.
Ekitaldi "inperfektuak" izango dira, beti izango baitira desberdinak eta batzuetan hobeto edota okerrago aterako dira baina hori da proposamen honek duen "xarma eta grazia", Alberdiren aburuz.
Gaineratu zuenez, ekimenaren helburuetako bat entzuleen artean bi zaletasun hauek nahastea da, bai bertsozaleak eta bai literaturzaleak ere.