Iparraldeko haizea
Bidasoaz gaindiko kantagintzaren fruitu ezagunenetako batzuk bildu ditu elkarrek 'baionatik bilbora' bilduman
"GUZTIOK barnean daramatzagun kantak berriz ezagutzeko aukera" eman asmoz, Elkar argitaletxeak eta Euskadi Irratiak ekimen berri bat jarri dute abian, Baionatik Bilbora izenburupean -Imanol Larzabalen kanta ezagunaren titulu bera-. Iparraldeko kantagintzak azken hamarkadetan eskainitako fruitu emblematiko eta ezagunenetako batzuk bildu eta disko batean jaso dituzte, sustatzaileak bat etorriz zirenez, Bidasoaren bi aldeen arteko "zubi" izan dadin.
Baina ekimena ez da bilduma horretan amaituko. Proiektuan parte hartu duten abeslari eta musikariek kontzertua eskainiko dute abenduaren 20an, Bilboko Euskaldunan (datorren urtean Donostian ere bai, ziur asko). Hi-tzorduaren dizdira areagotzeko, Errobi taldea eszenatokira igoko da berriro ere, 1980ko hamarkadan banatu zirenetik estraineko aldiz.
"Bai? Lortu duzue?". Kalakan talde gazteko kide Jamixel Bereauk modu horretan erakutsi zuen bere harridura, atzo Donostian egindako aurkezpenean, Mixel Ducau eta Anje Duhalderen taldea berriro elkartzeak suposatzen duen lorpena nabarmenduz. Euskal musikagintzaren bilakaeran oinarrizko proposamenak plazaratu zituen formazio lapurtarrak, euskarazko rockaren lehen mugarriak jarri baitzituen 1970ko hamarkadan. Errobiren Ez deat erranen kanta ere jaso dute diskoan.
Jamixel Bereau eta Kalakan (Xori Erresiñula, Kantuz) belaunaldi berri baten erakusle diren bezala, badira Baionatik Bilbora bilduman Iparraldeko eszenan ibilbide luzea duten izenak ere. Bertan aurkituko baititu entzuleak euskal kantagin-tza modernoaren aitatzat jo izan den Mixel Labegueri (Aurtxo aurtxoa), Beñat Achiary polifazetikoa (Maitia nun zira), Niko Etxarten sormena (Jaun baruak), Anje Duhalderen ahots sentikorra (Gaztetasuna bai nerabila), Pantxoa eta Peioren kantu politikoa (Askatasuna), eta Etxamendi eta Larralde, Erramun Martikorena eta Maddi Oihenarten kantakera ederra.
'euskadi irratian'
Zerrenda bat astero
"Oraina, geroa eta etorkizuna" biltzen ditu disko honek, Anjel Valdesen esanetan. Gogoratu zuenez, "Iparraldeko ereduetan oinarritu" ziren Mikel Laboa eta Benito Lertxundi bezalako autoreak, beren errepertorioa osatzen joateko. "Bada sekretu bat Bidasoaz gaindiko kantuetan oraindik bizirik jarraitzen duena", gaineratu zuen.
Sekretu horien inguruan mintzatu ziren atzoko aurkezpenean, Bereauz gain, Naia Robles kantaria eta Daniel Landart idazle ezaguna (berak egin zituen Errobiren abestientzako letra gehienak) eta Euskararen Kultur Erakundeko lehendakaria. Euskadi Irratiko zuzendari Felipe Juaristik, berriz, Baionatik Bilbora proiektuaren "hirugarren hanka" aurkeztu zuen. Astero-astero Iparraldeko musikariek sortutako abesti zerrenda ezberdin osatuko du irrati publikoak eta, modu horretan, 800 bat kanta ezagutzera emango dituzte.
Más en Cultura
-
“Me parece un milagro que los gaztetxes sigan existiendo”
-
Adrenalized dice adiós después de casi 25 años
-
La carta con la que Buñuel declinó asistir al Zinemaldia de 1960 y otras joyas del archivo del Festival
-
La Diputación estudia reforzar la cubierta de la Universidad de Oñati, tras el impacto de un rayo