Donostia. Ane Artetxe harpa irakasleak garbi dauka "oso beharrezkoa" dela, abesti bat jotzen erakusterakoan, "emozio bat doinuari lotzea". Azken finean, hori baita musika: "sentipen bat". Horregatik hasi zen ikasleentzako jolasak asmatzen eta ipuinak kontatzen, harizko instrumentua jotzen errazago ikas zezaten.

Lan horren ondorioa da atzo Donostian aurkeztu zuten Harpan Airean liburuxka, marrazkien bitartez haurrei harpa jotzen ikasteko tresna berritzailea. Emaitza hortaz gainera, ikasleekin egindako grabaketez osatutako diskoa kaleratu du Artetxek, izenburu berarekin. Ilustrazioak Patxi Gallegok egin ditu eta argitalpena Gaztelupeko Hotsak zigiluaren ardura izan da.

Koadernoa bi zatitan banatzen da, irakasleak azaldu zuenez. Lehenbizikoan, harparen historiaren berri eman eta instrumentua jotzeko oinarrizko teknika lantzen du. Bigarrenean, zortzi abesti proposatzen ditu; erdiak Artetxek berak konposatutakoak dira eta gainontzekoak, bertsioak. "Melodia atseginak dira guztiak, oso erraz jotzen dituzte", azaleratu zuen.

Izan ere, Harpa Airean metodoa jada probatu du Artetxek eta "arrakasta" izan du umeen artean. "Motibazioa da inportanteena. Eta zaila da hori lortzea, harpa berez instrumentu zaila delako eta ez delako asko ikusten", sakondu zuen.

Libre Erakarpen indar handi horren arrazoietako bat Gallegoren marrazkiak dira. Ilustratzailea pozik agertu zen emaitzarekin, "enkargu bat" izanagatik ere "izugarrizko askatasunez" jokatzeko aukera eduki baitu diseinuak gauzatzerakoan.

Artetxek gehitu zuenez, "egunero-egunero" zerbait gehiago ikasten du Donostiako Kontsebatorioan ikasleekin egiten duen lanean. Hori dela eta, aurrera begira ere antzeko lan bat egiteko aukera ez du baztertzen. Kasu horretan "helduagoentzako" prestatuko luke, jakinarazi zuenez.

Oraingoz gaztelaniara itzuli dute Harpa Airean liburuxka eta baliteke etorkizunean ingelesez ere argitaratzea. "Instrumentu honen kasuan ez dago horrelako metodorik, marrazkietan oinarritutako irakaskuntza modurik", argitu zuen.

Liburuxkarekin batera, 29 kanturekin osatutako diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Guztiak 6 eta 16 urte bitarteko ikasleek jo dituzte, Ane Artetxeren zuzendaritzapean. Bihar bi kontzertu eskainiko dituzte Donostian: Alderdi Ederreko Liburutegian (12.00etan) eta Elkarren Alde Zaharreko dendan (19.00etan).