Donostia. "Ez da hegazti bat, ez da hegazkin bat... Xabinaitor da!". Pentsatzen jarrita, ez litzateke harritzekoa asteburu honetan Donostian antzeko harridura espresioren bat entzutea. Gaur hasi eta igandera arte euskal superheroia protagonista duen antzezlana hartuko baitu hiriburuko Antzoki Zaharrak. Emanaldiak 20.00etan izango dira egunero; larunbaterako sesio berezia ere antolatu dute, 22.30ean.
Xabinaitor aurkezteko Anjel Alkain eta bere lagunek erabilitako hitzek erakusten dute obraren tonua. Izan ere, "zortzi urtetik 158 urte bitartekoentzako" ikuskizuna prestatu dute Wazemank telebista saioan famatutako aktoreek. Izatez, Patxi Gallego marrazkilariaren komiki trilogian oinarritutako umorezko antzezlana da eta egokitzapena Nagore Aranburuk egin du.
Asier Sota, Mikel Pagadizabal, Anjel Alkain, Egoitz Lasa, Ainere Tolosa, Mikel Laskurain eta Ixabel Agirresarobek osatzen dute aktore taldea, Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean. Orain dela urtebete, Villabonako estreinaldiaren aurretik esan bezala, "jendeak ondo pasatzea" beste asmorik ez daukate egitasmoaren bultzatzaileek. "Antzokira etorri, barre egin, eta kitto", luzatu ohi dute gonbitea.
korapiloa Helburu horrekin, Mikel Pagadizabal aktoreak interpretatzen du Xabinaitor edo Xabi Lizuniaga. Arazoak dituen gazte bat da eta horiei aurre egiteko superbotereak eskuratuko ditu. Protagonistak bere atzetik komisario bat du eta honen laguntzailea, Kortajarena izeneko euskaldun berria. Azken finean, ertzainen istorio bat da, abentura poliziakoa, alegia.
Gallegoren komikia trilogia bat bada ere, antzezlana, batik bat, lehenengo alean oinarrituta dago, nahiz eta bigarrenetik ere baduen. Wazemankeko kideek esan dutenez, "nahiko librea" izan da, baina "fideltasuna galdu gabe". Sarrerak, 18 eta 15eurotan, salgai daude Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita Kutxaren ohiko kanaletan ere (Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net webgunean).