Donostia. Hustubetehustu izenpean aurkeztu zuten atzo larunbateko 41. Bertso Eguna jaialdia. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea eta Donostiako Festak antola-tzaileek, jardunaldia Jorge Oteiza eskultore eta pentsalariaren inguruan egitea erabaki dute. "Ez dugu planteatu omenaldi gisara, bere ekarpen filosofikoak eta artistikoak bertsogintzan nola txertatu litezkeen froga egiteko eguna izango da", azaldu zuen Andoni Egaña bertsolariak.
Oteizak bertsolaritzarekin izan zuen harremana aitzakia hartuta, artistaren inguruan izango da ekimena. "Bertsolaritzaz dezente idatzi zuen bere liburuetan eta horretaz gain, Bertsozale elkarteko logotipoa hark egindako irudi batean oinarrituta dago, berak eman egin zigun", adierazi zuen Egañak. Badira ere, Zarauzko Iñurritza hezegunean Bertsolariari omenaldia eskultura eta Euskaltzaindiak txapeldunari ematen zion artistaren Xenpelar saria. "Izan dugu harremana eta orain, bere ideietan oinarrituz, gurean zertan hobetu gintezkeen frogatu nahi dugu", aipatu zuen.
Egitasmoak ez du "ardatz hartuko Oteizak bertsolaritza nola ikusten zuen", argitu zuen Egañak. "Bere ideia artistikoak interesatzen zaizkigu, eskultura edo bizitzaren inguruan egin zituen gogoetak", aurreratu zuen. Hustubetehustu saioan Oteizaren kon-tzeptuak "guk egunero egiten dugu horretara gerturatzen saituko gara", gehitu zuen. Ekitaldian artistaren bideoak, irudiak eta esaldiak erabiliko dituzte bertsoetarako gai gisara.
Jaialdia goizeko 12.00etan hasiko da Bulevarrean eta Alde Zaharreko kaleetan zehar. "Hiru bertsolari bikote izango dira, egunak Donostiari berari ere, kalean eman diezaion bere kolorea", argitu zuen Egañak. "Gainera bertsolariak ere bagara tabernatan edo kalean jardutekoak ere", aitortu zuen.
Arratsaldean, Hustebetehustu ekitaldia Kursaaleko Areto Nagusian izango da 18.00etan. Egañak eta Unai Elizasuk gidatuko dute saioa: "Nik Oteizaren aitzakia kokatuko dut, hau da, nik motiboa azaldu eta Elizasuk gaia konkretua jarriko du", aipatu zuen. Guztira 19 bertsolarik hartuko dute parte, besteak beste: Igor Elorzak, Iñaki Gurrutxagak, Uxue Alberdik, Xabier Silveirak, Jon Maiak, Jokin Sorozabalek, Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok.
Bi ordu inguru iraungo du ekimenak. Gero, afaria, festa eta sorpresa berriak egongo dira Kursaal jatetxean. "Gauean betikoa, afaldu eta ondorenean ere izango dira bertso jarriak eta bat-batekoak", aurreratu zuen Egañak.
Jaialdiaren historia Bertso Eguna 1968. urtean sortu zen eta hasiera batean, Donostiako San Sebastian jai egitarauaren barruan antolatzen zen ekitaldi berezia zen. Lehenengo urtean, Manuel Olaizola Uztapide omendu zuten eta arrakasta izan zuenez, Bertsolari eguna izena hartu zuen. "20 urtez omenaldi gisa planteatu izan zen baina garai batean, erabakia hala hartuta, omenaldiak eten eta bertso egun gisa planteatzen hasi zen", azaldu zuen Egañak.
Duela hamabost urte, Bertso Eguna jaio eta bideari ekin zion. Helburu berriak ere sortu ziren etapa berri honetan: Garaiko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea edo kanpoko esperientziak ezagutaraztea. Horrela, hainbat saiakera egin ziren hamaika ekitaldiei lekua eginez: Udarregiren mendeurrena (1995), Mende bi tarte (1999), Bertso Egunak...Bere Bidean (2001), Lehengo Lepotik (2006), Bertso-Bertsioa (2008) eta Joan-etorrian (2009).
Mikel Irizar Kutxako ordezkariak "itxaropena" sentitzen duela aitortu zuen. "Bertso zaletasunak agian euskaraz ongi hitz egiteko eta hizkuntzaz goza-tzeko joera bat eragin dezake", adierazi zuen. "Zoriontzekoa da bertsolariak egiten ari diren lana, eta bertso egun honetara hurbiltzera animatzen zaituztet", gehitu zuen.