donostia. Iñaki Friera (Barakaldo, 1962) idazleak Zureak egin du nobela aurkeztu zuen atzo Donostian, Susa literatura argitaletxearen babespean. Egile bizkaitarrak premiazko amarru baten istorioa kontatu du, thriller gisako matazan endredatu den kazetari baten ikerketak aletuz. Zenbat eta sakonago arakatu, orduan eta bihurriago bihurtzen dira korapiloak, askatu ordez trinkotu egingo balira bezala.
Kazetariari gutun anonimoa heldu zaio egunkariko erredakziora, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko erreportajea idazteko enkargua hartu eta segituan; eta gutun anonimoan bideo-irudi hauek agertzen dira: gizonezko batek kotxe baten atea zabaldu, barruko andrea bortizki atera, ileetatik tiratuz lurrera bota du eta ostikoka hasi zaio. Isilgordeko mezu horren argudioak zein diren argitzeko gutizia piztu zaio kazetariari. Irentsi du amua!