Disney taldearen plataformak proiektu berria iragarri du. Behin-behineko izenburua A Thousand Blows izango du, eta hamabi kapitulu izango dituen seriea, 1880ko hamarkadako Londres Victoriarreko legez kanpoko boxeoaren mundu arriskutsuan girotuta egongo da.

Steven Knight gidoilariak (Peaky Blinders, Spencer, Taboo) ekarriko du bizitara telesaila, eta protagonista eta ekoizle, berriz, Stephen Graham izango da (Help, Time, Irlandarra, Peaky Blinders).

Ekoizpen berri honek Hezekiah eta Alec lagun jamaikarren istorioa kontatuko du, biak iritsiko baitira industria iraultzaren ondorengo Londresko East End anitz, kitzikagarri eta arriskutsura.

Boxeoaren azpi-munduak erakarrita, Mary Carr ezagutuko du Hezekiahk; emakume horri Lapurren Erregina deitzen zioten eta The Forty Elephants taldeko liderra ere bazen, Londresko lapurrik onenak omen ziren emakume talde ezaguna, hain zuzen ere.

Diotenez, Carrek izen ezberdinak erabiltzen omen zituen bere nortasuna ezkutuan mantentzeko, eta bere taldea Peaky Blindersen garaikidea izan zen.

Arropa dotoreak janzten zituzten, britaniar gizarte maila handiko emakumeen itxurak hartuta; halaxe sartzen ziren establezimendu guztietan, inolako arretarik erakarri gabe, eta eskura zuten guztia lapurtzen zuten inork erreparatu gabe. Soinekoetan ezkutuko poltsikoak izaten zituzten lapurtutako gauzak gordetzeko, eta beso faltsuak ere erabiltzen omen zituzten.

Alec eta Hezekiah Ingalaterrako hiriburuko kale arriskutsuetan bizirauteko borrokan dabiltzala, Hezekiah-k boxeolari ofizioa ikasiko du, eta Grahamek antzezten duen Sugar Goodson boxeolari arriskutsu eta eskarmentuduna izango du arerio borrokaldi batean. Halaxe piztuko da bien artean, ringetik haratago hedatuko zen lehiakortasuna.

Sekulako istorioa Steven Knight sortzaile, gidoilari, eta ekoizle exekutiboak hauxe adierazi du: “Egitasmo honetan Stephenekin lan egiteko irrikatzen nago, baita ekoizpen eta gidoilari talde zoragarriarekin ere. Beti gustatu izan zait kontatu gabe dauden eta publikoak ezagutu beharreko iruditzen zaizkidan istorioetan murgiltzea. Mundu sinestezin bat birsor-tzen ari gara eta ohiz kanpoko historia erreal bat kontatzen”.

Stephen Graham bera ere bat dator irudipen horrekin: “Zoragarria da berriro ere Stevenekin eta proiektu honetarako bildu dugun gidoilari talde bikainarekin lan egitea; gainera, benetako plazerra da, Londresko historiaren une jakin horretan pertsonaia harrigarri horien istorioa kontatzea”.

Grahamek, gainera, pribilegiotzat jotzen du Sugar Goodson pertsonaiari bizia eman ahal izatea, eta harrotasunez aipatu du: “Pozik nago emaztearekin batera daukadan Matriarch Productions ekoiztetxeak serie hau koproduzitzearekin ere. Jende askori aukera eskaintzen diogu bai kameren aurrean zein atzealdean, ekoizpenaren esparruan ere heziketa eskaintzeko modua baita, bestelakoan askok nekez izango luketelako horretarako betarik”.

Lee Mason, Disney Emeako Eduki Gidatuen zuzendariak ere bat egin du aurreko biek esandakoekin, eta zera aipatu du: “Pribilegio ederra da gure sortzaile Steven Knightek gidatzen duen talentuz jositako talde bikain honekin lanean jardutea. A Thousand Blowsek kontatzen duen istorioaren antzekoak nekez ikusi ohi dira pantailetan, eta zorionez, Stephen Graham paregabea eta Tinge Krishnan ameslaria (zuzendaria) lagun izango ditugu ikaragarri anitzak diren pertsonaia sinestezinez jositako mundu hori bizitara ekartzerako orduan.

Disney+ek jakitera eman duenez, 60 ekoizpen lokal sortzen jarraituko omen dute 2024ra bitartean, eta konpainiak Europan bertako saioak garatzen eta ekoizteko konpromisoari eutsiko omen dio, sortzaile eta ekoizleekin lanean jarraituz.

Ekoizpenaren ardura The Story Collectivek izango du, Matriarch eta Water & Power Productionsekin koprodukzioan. A Thousand Blows Disney+ plataforman estreinatuko da mundu mailan, Star+ Latinoamerikan Star+-n eta AEBetan Hulun.