Donostia – Game of Thrones delakoaren prekuela, "La Casa del Dragón", joan den abuztuaren 21ean Estatu Batuetan eta hurrengo egunean Europan estreinatu ondoren, bigarren denboraldi bat izango du plataformatik jakinarazi dutenez.

Dragoiaren Etxea seriearen lehen atalak HBOren historiako telesail original baten estreinaldiko audientziarik handiena biltzea lortu zuen Estatu Batuetan eta, dagoeneko, 20 milioi ikuslek baino gehiagok ikusia dute lehen atala.

Espainian ere, plataformaren streaming zerbitzuko telesail edo film berri baten ikusle kopururik handiena lortu zuen dramak.

George R.R. Martinen Sua eta odola eleberrian oinarritua, datozen bederatzi astelehenetan estreinatuko den hamar kapituluko telesaila, Game of Thrones baino 200 urte lehenago girotuta dago eta Targaryen Etxearen historia kontatzen du.

Eskari ikaragarria

Lehen atala HBO Maxen estreinatu zen Europako 21 herrialdetan, joan den asteleheneko goizaldeko hiruretan, eta, HBOk berak ohar batean adierazi zuenez, plataformak inoizko eskari mailarik handiena izan zuen goizaldeaz geroztik, astelehen gauean goia jo zuelarik.

Francesca Orsik, HBOko Programazioko presidenteorde exekutiboak nabarmendu zuenez, taldearen lanari esker, lehen denboraldiarekin “ezinbesteko bihurtu den telesaila sortzea lortu dute”, eta oso gogotsu agertu zen “bigarren denboraldian Targaryen Etxeko saga epikoaren kontaketarekin jarraitzeko”.

“Oso harro gaude Dragoiaren Etxeko taldeak lehen denboraldiarekin lortutakoarekin. Talde artistiko eta tekniko bikainak erronka ikaragarri handi bati egin behar izan zion aurre, eta erronka hori aise gainditu dute, ezinbesteko bihurtu den telesaila sortuz” adierazi zuen Orsik, eta eskerrak eman nahi izan zizkien George R.R. Martini, Ryan Condali eta Miguel Sapochniki, “bidaia honetan izandako lidertzagatik”.

Dragoiaren Etxeak hiru mende inguru egiten ditu atzera Tronuen Jokoan gertatutako garaietatik; orduan Targaryenak eser-tzen ziren Burdinazko Tronuan eta herensugeak lagun ia erabat menperatzen zituzten Zazpi Erreinuak, Dorne salbuetsita, harik eta erregealdi osoa izateko grinak eragindako familiarteko liskarrak odolez eta suz bete zuen mendebalde guztia. Targaryenen zuhaitz genealogikoa ikusita, zortzi belaunaldi daude Rhaenyra, Dragoiaren Etxeko protagonista, eta Daenerys ikonikoaren artean.

Fikzioaren protagonista nagusiak honako hauek dira: Paddy Considine, Matt Smith, Olivia Cooke, Emma D ‘Arcy, Steve Toussaint, Eve Best, Sonoya Mizuno, Fabien Frankel eta Rhys Ifans. – M. Tolosa