Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izen zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz itzuli behar dela garai haietara. Hau da: gure gazteak soldaduzkan ikusi nahi dituzte, beraien arma, balore ustel, matxista eta inperialistekin. Orain neskak ere sartu nahi omen dituzte inpernuan, berdintasun faltsuaren izenean.
Zenbat zigor, epaiketa, espetxe, une txarrak, politak ere bai batzuetan, manifa... Denok elkartuta abesten, atzera eta aurrera. Ez ziren bakarrik egon. Han ginen lagunak eta etxekoak, denok azaltzen guk ere ez genuela soldaduska nahi, ezta armadarik ere. Gizartearen zati nagusia beraiekin zegoen, NATOaren aurka agertu zen herri hau urte ba-tzuk lehenago, eta oihu horren oihar-tzunak gazte hauetan aurkitu zuen segida. Golkoko gerra edo balkanetako gerraren aurkakoa zen gure herria. Gazte utopikoak militarrak txikitu ez baina txiki egin zituzten.
20 urte inguru zituztenean dena utzi egin behar izaten zuten eta kuartel batera joan. Planto egin zuten arte, planto egin genuen arte. Eta ez zen soldaduzkaren aurkako borroka hutsa, beste mundu bat zuten bihotzean, armada zapaltzailerik gabekoa. Gehienak gaur egun 50 urte inguruan ibiliko dira gutxi gora behera.
Eta orain gai honi buruz gaurko gazteekin hasten bagara? Intsumisio garaiari buruz oso gutxi dakite. Eskaera bat luzatzera ausartzen naiz intsumitsu izandakoei; Lanbide eskoletan, institutoetan, edo unibertsitateetan adostu Historiako irakaslearekin, joan eta kontatu bakoitzak bere historia, kontatu Nafarroan ze gogorra izan zen , kontatu espetxeak Unai erahil zuela, kontatu dispertsioa… eta kontatu ere planteak, epaiketak entregak eta zenuten alaitasun eta irudimena. Orain. Beranduegi izan baino lehen
Txikitu ez baina txiki egin genituen armadak bueltan datoz, beldurra eta nazka ematen, suntsitzen eta hiltzen. Atzerakada faxistari aurre egitea dagokigu, egun bat jarri eta bakoitzaren herriko plazan bildu. Hitz egin. Gure esku dago transmisio hori era serio eta arduratsuan egitea.
Eta, gazte: irakurri, zuen herriko Kultur etxera joan eta eskatu filma bat jar-tzea garai hari buruz, 2 urte, 4 hilabete filma eskatu. Edo dokumentalen bat edo bi… Garai hartako abestiak entzun... makina bat gauzatxo egin daitezke orain dela 30 urte ispiritu berbera eskura-tzeko.
Orain gure agintariei zoritxarrez hau entzuten hasi gara: guk ez dugu nahi “baina” ez badago beste erremediorik…! Erremedioa zein da? Armak erosi, diru publikoarekin noski, eta armak erabiltzeko soldaduskara deitu neska eta mutilei.
ETBn ikusi eta entzun ditugun inkestetan beste hainbeste. Batzuk inola ere ez, baina beste askok “bueno ba joan beharko balitz joango nintzateke”. Zer aldatu da ba orain beste modu batean pentsatzeko?
Hau entzutean ze mina hartu nuen! A ze nolako zaplastada sentitu nuen biho-tzaren erdi erdian. Mesedez, pentsatu, hausnartu, eta gero esan armarik ez, armak egiteko lantegirik ez, soldaduskarik ez, gerrarik ez! Batu gaitezen lehen batu ginen bezala. Lagunen artean, etxeetan hitz egin honetaz. Transmisioa inoiz baino beharrezkoagoa da