Síguenos en redes sociales:

Eibar, ipuin harrigarrien trukerako txanpona

Ezagutzen dut gizon bat kale kantoian jarrita ipuin harrigarriak kontatzen dituena txanpon baten truke. Ipuin harrigarri bat gertatu berri da gure herrian, eta herria bera izan da trukerako txanpona. Ez da lehen aldia. 2007-2011 agintaldian (PSEk gehiengo absolutua zuenean), EAJk bere burua saldu zuen liberazio batzuen eta presidentzia batzuen truke. Orain, PSE gutxiengoan dagoenean, proiektuak aurrera eramateko gehiengoa behar duenean, aber-tzaleen arteko batasunak gehiengo absolutua ematen duenean, EH Bilduk sakrifikatu egin gaitu. Merezi du patxadazko gogoeta. Jendea presaka dabil, ordea entzuteko astirik ez dauka, aspaldiko garaietan, urrutiko lurraldeetan gertatutako istorioak! Tristea da, baina luze darama gure herriak truke-txanpon izaten. PSEk bereak eta bi egingo ditu geratzen zaizkion alkatetza apurrak mantentzeko: Eibar, Irun eta Zumarraga. Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik. Sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik. Edozerrek balio dio bere gotorlekuei eusteko. Gainontzeko alderdiek ez lukete gure etorkizuna PSEren interesen menpe utzi beharko. Politika pertsonek egiten dute. Emandako hitza bete egin behar dugu, guzti-guztiok. Ostiralera arte, udal gehiengoa (EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos) Barakaldo kaleko etxeak trenbide gainetik estaltzearen kontra zeuden. Bizilagunei ohartarazi nahi diet: hasi aurrekontuak eskatzen leihoetan kristal hirukoitza jar-tzeko, bistan baita proiektu hori irentsi beharko duzuela. Mingarria zait hau esatea, baina EH Bildu poliki-poliki sinesgarritasuna galtzen joan da. Azken erabaki honekin, geratzen zitzaion apurra pikutara joan da. EH Bilduri eskatuko nioke, behintzat, eibartarrekiko errespetuz eta gutxieneko duintasun bat mantenduz, ez dadila saiatu paktu honen ontasunak saltzen. Nire esperantza bakarra militanteengan dago: espero dut bere exekutibaren erabaki honen aurka egin eta barne eztabaida piztu dezaten. Badakit askok eta askok ez zeukatela paktu honen berri, eta ez zaiela batere gustatu. Urte luzez Eibarko ekialdearen (beheko aldea) utzikeria ekarri du Iñaki Arriolaren PSEk. Bera dago honen atzean. Bera dago Txontaren atzean. Bera zegoen Errebalen atzean. Zaldibarren atzean. Bere herentzia dira Barrena, Matsaria... eta orain azeria jartzen digute oiloen predikari. Txano Gorritxoren dibortzioa, otsoaren suizidioa, ipuin harrigarriak txanpon baten truke.