Síguenos en redes sociales:

Historiako defentsarik onena

Hegoafrikan Munduko Kopari hasiera eman zaio. Honen ondorioz milioika pertsona super-heroi modernoei edo futboleko izarrei begira egongo dira. Momentu hauetan hain zuzen ere galdetzen diot nire buruari zergatik ote den dena hain bidegabekoa eta zeinek erabakitzen duen zeintzuk diren gure lehentasunak. Pentsamendu hauetan murgilduta, deigarria gertatu zait Amnesty Internationalen kanpaina berri bat: historiako defentsarik onena. Messi, Xavi, Ronaldo, Casillas edo Robinho alde batera utzita, beste izen batzuk ere badaude: Joel Nana, Claudia Lema, Amina Janjua, Mukhmed Gazdiev edo Shadi Sadr, beste askoren artean, publikoarentzat ezezagunak direnak eta beraien herrialdeetako agintariek alde batera uzten saia-tzen direnak edo are okerrago, erreprimitu edo desagertu arazten dituztenak. Giza eskubideen hamaika defendatzaile dira, inoiz ezkutatzen ez direnak, laguntza eskain-tzen dutenak beti, eta kamiseta izerditzen dutenak ere, edozein izar handi bezalaxe. Baina diferentzia nabarmena da: aktibistentzat gola sartzea bizi bat salbatzea da, batzutan norberaren bisitza. Adierazpen askatasuna edo desagertutako senideak aurkitzeko eskubidea defendatzen dute, Hiesaren aurka borrokatzen dute, baita konpainia handien gehiegikerien aurka eta gerra krimenen zigorgabetasunaren aurka ere. Emakumeek erditzeko unean asistentzia sanitariorako eskubidea izan dezaten lan egiten dute. Hauek dira niretzat benetako heroiak, nahiz eta beraien saria ez den kopa bat jasotzea jendetzaren aurrean uztailean, baizik eta burua altxatzea egunero duintasun hitzak zer esan nahi duen erakusteko. Eskerrik asko, giza eskubideen defendatzaileak, zuek egiten baituzue defentsarik onena eta zuek zaretelako benetako txapeldunak.

Iñaki Hernando Larrañaga