Imanol Alvarez: “Uste baino zailagoa izango da”
Bihar Kanariar Uharteetan Zonzamasen aurkako ligako konpromisoak izango dituen zailtasunak nabarmendu ditu
Imanol Alvarezek oso argi dauka. Super Amara Bera Berak bihar (21:00etan) Kanariar Uharteetan Zonzamas Lanzaroteren aurka jokatu behar duen ligako konpromisoa ez da batere erraza izango, txapelketan jokatutako bost jardunaldietan garaipen bakarra lortu ondoren talde kanariarra sailkapenaren behealdean egon arren. “Itxuraz ematen duena baino partida zailagoa izango da”, ohartarazi du.
Juan Miguel Perez Zonzamaseko entrenatzailea kargutik kendu arren, gaurko aurkariarekin bereziki kezkatuta agertu da entrenatzaile ermuarra. “Talde arriskutsua da, oso jokalari onak dituelako; fitxaketa onak egin dituzte eta maila handiko taldea daukate” eta, entrenatzailea kargutik kendu dutela aipatzerakoan, “ez da mesederako izaten kanpoko taldearentzat”, aipatu du. Kargutik kentzeari dagokionez, “oso goiz” dela irudi-tzen zaio, baina, aldi berean, “egon daitezkeen barne inguruabarrak ez omen ditu ezagutzen”.
Nahiz eta partida bakarra irabazi, etxean jokatutako azkena Granollersen aurka (33-27), Zonzamas Plus Car Lanzarotek Liga Guerreras-en egonkortzeko apustua egin du aurten, eta horretarako lehiaketa honetan esperientzia duten jokalari ugari fitxatu ditu, besteak beste, Melida Louis Bera Berako jokalari ohia. Frantziar hegalekoak dotore hasi du denboraldia, eta ligako goleatzaile nagusia da oraingoz, partidako zazpi gol sartuta.
Zonzamaseko jokalariak
Super Amarako jokalari ohiaren ondoan, Atletico Guardesetik etorritako Pauli Fernandez paraguaitarrak gidatzen du taldea, Paula Garcia bizkaitarrarekin batera. Horiez gain, Gijondik etorritako Lorena Zarco ezkerra eta Daniela Jerónimo dauzkate lehen lerroan. Alboetan, Claudia Kaulback ekarri dute Porriñotik (taldeko bigarren golegilea), eta Puerto del Carmenetik berriz, Masseu. Atepean Aula Valladolideko Alicia Robles daukate, uhartean bigarren denboraldia duen Menucci argentinarrarekin batera.
Oraindik eliteko mailari neurria nahi bezala hartu ez arren, Zonzamasen oso garrantzitsuak dira Roger, Ingrid eta Brenda jokalariak. Aldiz, maila onean jarraitzen dute Gleins Reyesek –laugarren denboraldia–, Irene Botellak pibotean Volcina esloveniarrarekin batera, eta taldean bigarren urtea duen Agustina Lopez alboko uruguaitarrak.
Azken garaipena Morvedreren aurka lortutako azken garaipena ere hizpide izan zuen Imanol Alvarezek atzoko agerraldian. Talde donostiarreko entrenatzaileak iritziz, “partida ona jokatu genuen, aldez aurretik ezarritako helburuak ondo bete genituen, nahiz eta bigarren zatiaren hasiera ez zen guk nahi bezalakoa izan”.
Hori dela eta, Super Amara Bera Beraren prestatzaileak “hasieratik erregularrago eta sutsuago aritzea” nahiko luke. “Gauzak ongi eginez gero, emaitza ere gure alde izango dugu”, gaineratu zuen.