Bere Nantes hirugarrenez doa Koloniara, eskubaloiaren Mekara. Han jokatzen da Txapeldunen Ligako Lauko Finala urtero 20.000 zaleren aurrean. Lehen arerioa, agian gogorrena, Füchse Berlin izango dute (15:00etan). Kauldi Odriozola zumaiarra ilusioz dago.
HBC Nantes Lauko Finalean dagoela entzutean, zer datorkizu burura?
–Kristoren gogoa, amets bat bezalakoa da, eskubaloian maila handieneko hitzordua da, klub mailan behintzat, eta sekulako gogoak ditugu bertara joan eta gure onena emateko.
Agian zale moduan egona izango zara, baina zer izan daiteke jokatzera joatea?
–Bertan ez naiz sekula egon, baina urtero ikusi dut. Gogoan dut gol gogoangarriena, adibidez, Julen Aginagalderen (egun, CD Bidasoako kirol zuzendari) penalti hura, Kielcerekin irabazi zuen hura bederatzi gol azpitik galtzen joan eta gero. Aurten zaletu gisa joateko asmoa nuen, horrela hitz eginda geunden, aukerarik onenean ezingo ginela joan jokatzera joan beharko genuelako. Jokalari batentzat horixe da hitzordurik handiena, selekzioak kenduta. Talde handienak, Lanxess Arena mitikoan, 20.000 pertsona, kristoren eskubaloi-giroa, eskubaloi jokalari ohiak, baita sailkatzen ez diren asko ere… Hitzordu oso berezia da eta urte guzti hauetako lanari esker bertan egon ahal izatea sekulako harrotasuna da
Bidaia prest zenuten?
–Ez, ez, zain geunden ea zer txapelketan zer nolako papera egiten genuen. Taldeko pare batekin, Valero Riverarekin eta Nacho Bioscarekin, eta beste lagun batzuekin ere hitz eginda genuen. Nolanahi ere, jokatzera joatea tokatu eta, askoz hobeto!
Denboraldia Olinpiar Jokoetan hasi eta oraindaino, nola ikusi duzu zeure burua?
–Oso ondo. Denboraldia luze samarra egin zait, Jokoak erdian zirela ia bi urte jarraian izan baitira, baina sinatuko nukeen gauzak horrela bukatzea. Pentsatzen genuen soilik Ligako neurketak kontuan hartuta luze egin zitekeela, bigarren postua nahiko seguru lotuta genuen baina lehena oso zail; halere, Final Four-a datorrela jakinda, asteburu honetarako topera entrenatzen jarraitzen duzu. Zentzu horretan eramangarriagoa izan da, motibazio hori presente dugulako.
Denboraldia gogorra izan duzue, lesioak medio. Nola dago taldea?
–Gogo askorekin eta oso motibatuta. Edozeinek galdetu izan baligu ea Lauko Finalera sailkatzea sinatuko genukeen, denok prest egongo ginateke. Egia esan, gu ez geunden bertara sailkatzeko lau faborito nagusien artean. Presio gutxirekin iritsiko gara, baina lan ona egiteko gogotsu. Ez dugu zer galdu, jende askok esan digu bertan egotea jadanik nahikoa sari badela, eta halaxe da, baina ez goaz Koloniara oporretan. Lehiatzera goaz: bi neurketa dira, bakoitza 60 minutukoa, eta sorpresa ematea sekulakoa litzateke. Ahalik eta ondoen lehiatzeko asmoarekin goaz.
Asteak aurrera joan ahala etengabe hazten joan da zuen taldea. Zer punturaino izan da zuen denboraldian mugarri, Lisboan final laurdenetako itzulerako neurketan zutik mantentzea, giro eta presio aldrebes haren aurrean?
–Nik uste oso-oso garrantzitsua izan zela. Taldean denon artean hitz egin dugu, partida hartan heldutasuna erakutsi genuela. Oso une txarrak pasa genituen: Nantesen gol bateko errenta lortuta, bi-hiru gol azpitik joan ginen, eta beraiek euren kantxan, sekulako giroarekin, asko bultzatu zuten. Une horiei buelta azkar eman genion: jokalari dezente ditugu dagoeneko maila horretan urteak daramatzatenak, neurketa horiek jokatzen, heldutasun puntu horrekin, eta nabaritu egin zen. Eurek oso jokalari onak dituzte, Costa anaiak, Salvador… Aurrerago aukera ugari izango dituzte horrelako neurketak jokatzeko, baina guk heldutasun puntu hori eduki genuen.
Alemaniako Liga lehenengoz irabazi berri duen eta agian faborito nagusi izan daitekeen Füchse Berlin lehen arerio. Iaz euren ‘erruz’ geratu zineten EHF European League-ko Lauko Finaletik kanpo. Errebantxa gogoz?
–Oraintxe bertan eurak izango dira sasoi onenean dagoen taldea. Bartzelona beti dago hor, baina hauek ere sekulako denboraldia egitetik datoz munduko Ligarik indartsuenean, eta Championsen txapelketa ikaragarria egin dute. Gainera, oso jokalari onak dituzte, munduko jokalaririk erabakigarriena den Mathias Gidsel kasu. Hala ere, 60 minututan edozer gauza gerta liteke, gu horretarako ari gara lanean, ea aurre egiten diegun. Oso zaila izango da, Koloniara talderik onenak iristen direlako, baina gure aurkakoan eurak izango dira faborito, eta ikusi egin behar horrek mesede ala kalte egiten dien.
Nantesen aldetik, defentsan sendo aritzea al da klabe nagusia?
–Hori da, gogor defenditzea, batez ere Gidsel. Euren partidak ikusiz gero, jokalari erabakigarria da: erasoan, kontraerasoan, kanpotik defenditzen duenean… Füchsek sartzen dituen gol asko, berak bat baten kontra sortutako abantailetatik etortzen dira. Oso jokalari ona da. Klabeetako bat bera ahalik eta ondoen defenditzea izango da. Hortik aurrera, atezainak ere garrantzitsuak izango dira: ea gureek egun ona izaten duten, horrelako momentuetan diferentziak markatzen dituztelako. Horrela bada, seinale ona izango da.
Nola gelditu Mathias Gidsel?
–(Barre egiten du) Hori jakin nahiko genuke guk geuk ere! Euren aurka jokatzen dugun talde guztiok galdera berdina dugu… Maila eta sasoi oso-oso onean dago. Bundesligan 300 gol inguru sartu dituela esango nuke, penaltirik bota gabe, azken urtetako markarik onena. Hiru egunez behin partidak jokatzen, 60 minutu korrika atsedenik gabe, bat baten aurkakoak egiten… Txalotzekoa da egin duen denboraldia. Nola gelditu? Gogor defenditu, baina ez zait iruditzen modu bakarra dagoenik. Jakingo bagenu, lanaren zati handia eginda edukiko genuke!
Zure lehenengo Final Four-a da eta klubarentzat hirugarrena. Zer sumatzen duzu inguruan?
–Nahiko jarduera normalari eutsi diogu, neurketetan kontzentratuta. Egia da taldekako eskubaloian hitzordurik garrantzitsuena dela, baina guretzat bi neurketa dira, oso bereziak; ahalik eta ondoen prestatu, bertara joan eta ahalik eta ondoen jokatu, horixe da helburua. Klubeko langileak, zaleak eta denak oso ilusionatuta daude, joateko gogoz, lehiatzeko eta disfrutatzeko. Uste dut 700 bat sarrera zeudela hartzeko moduan, eta hiru minututan agortu ziren. Jende asko gelditu zen joateko aukerarik gabe; gainera, gure kantxan pantaila handi bat jarriko dute eta ez dakit zenbat mila pertsona apuntatu omen dira! Jendea ilusionatuta dago eta horrek guri indarra ematen digu.
Nanteseko ehunka zale joan ohi da taldearekin Koloniara eta beti dira kolore eta giro berme. Zure kasuan, Gipuzkoatik zalerik joatea espero duzu?
–Bai, senideak etortzekoak dira, noski, sailkatu ginenean ni bezainbeste hunkitu baitziren. Garbi esan didate ezin zutela horrelako aukera bat galdu. Lagun batzuk ere bai, batez ere eskubaloi jarraitzaileak. Iaz nahikoa lagun joan ziren Koloniara, eta hantxe ibili ziren. Pila bat gustatu zitzaien eta aurten, nahiz eta hasiera batean joateko asmorik ez eduki, ni sailkatu nintzela ikustean, bidaia prestatu eta hantxe izango dira. Niretzat beti da pozgarria herriko jendea ikustea, lagunak, familia… Oso garrantzitsua da.