Síguenos en redes sociales:

Bera Berak hiru goleko errentari buelta eman behar dio Alemanian

Bera Berak hiru goleko errentari buelta eman behar dio AlemanianARNAITZ RUBIO

European Leagueko final-laurdenetako itzulerako norgehiagokan, Super Amara Bera Berak hiru goleko errentari buelta eman nahi dio gaur (16.00etan) Blomberg Lippe talde alemaniarraren etxean, txapelketaren azken-aurreko kanporaketara iritsi eta bere historiako lorpenik handiena erdiesteko.

Ez da erronka makala izango, eta germaniarrak dira faborito nagusi emakumezkoen eskubaloiko Europako bigarren lehiaketa onenaren lauko finalera sailkatzeko. Donostiarrak, ordea, ez daude amore emateko; izan ere, joan den astean Gascan jokatutako joaneko neurketan galdu arren (25-28), partidaren emaitza bestelakoa izan zitekeenaren sentsazioarekin geratu baitziren, hamar minuturen faltan norgehiagoka berdinduta zegoela kontuan izanda.

Sei golerainokoa izan zen tartea irauli eta orain astebete 45 minutuan arerioari nagusitu izana, estimulu positibotzat ondo gogoan hartu beharko ditu Imanol Alvarezen taldeak; eta aukerarik izatekotan, atepean Lucia Pradesen ekarpen bikainari eutsi beharko dio, bai eta erasoan Esther Ogonovszky hungariarrak erakutsitako eraginkortasunari ere.

Lemgoko Phoenix Contact Arenan kanporaketari buelta ematea “posible dela” esan zuen entrenatzaileak, hori bai, joaneko neurketa gogora ekarriz, “Gascan baino zailagoa izango dela” gaineratu zuen.

Nolanahi ere, garrantzitsuena lehiaketaren kanporaketa honetaraino iritsi izanaz “gozatzea” dela esan zuen: “Ez jokalariek ez nik neuk ere ez baitakigu honelako egoera batean berriz noiz egongo garen”.

Bera Berak aurrera egitekotan, arreta handiz zaindu beharko ditu aurreko partidan zazpi gol sartu zituen Laetitia Quist, eta hegaleko Ona Vegué (8) espainiarra, jokalari horiek biek zapuztu baitzituzten joanekoan talde gipuzkoarraren ahalegin guztiak.