Imanol Alvarezek adierazten duen bezala, Elxen aurka joan-etorriko kanporaketan jokatuko duen Guerreras Ligako finalera "oso punttu onean iritsi da" Super Amara Bera Bera, eta sasoia mantentzen saiatuko dira jokalariak asteazken honetan bertan, 19:30etik aurrera, Donostiako Gasca kiroldegian.

“Fisikoki suspertu egin gara, eta ea lehen partida horretan zer nolako jokoa egiteko gauza izaten garen. Taldea ondo ikusten dut. Lehen partida garrantzitsua da, zelai faktorea ez izateak abantaila txikia eskaintzen dio Elxi, baina etxean irabazten badiegu, presio bikoitza izango dute beraiek. Eta hori lagungarri izango zaigu bigarren partida jokatzeko orduan”, zehaztu zuen.

Talde donostiarrak “etxean joka-tzeko aukera aprobetxatzea” espero du Ermuko entrenatzaileak. “Nola min egin diezaiekegun badakigu. Oso talde lehiakorra dira, eta joan-etorriko norgehiagokak oso ondo prestatzen dituzte”.

Partida hasierako arazoak

Gai jakin batek kezkatzen omen du: “Partida hasieran ondo lehiatzen hastea kostatzeak ematen dit beldurrik handiena. Aurten erakutsi dugu talde fidagarria eta sendoa garela. Partidan ondo hasiz gero, lana emango dien taldea izango gara. Urte bikaina egin dugu eta titulua irabaztea denboraldia borobiltzea litzateke.

Bestalde, Esther Arrojeriak berretsi egin zituen entrenatzailearen hitzak: “Nahi genuen bezala gaude, taldea oso ondo iritsi baita denboraldiaren azken txanpara. Finalera iristea zen helburuetako bat, eta orain ahalegin guztiak egitea falta zaigu azken titulua lortzeko”.

Bera Bera, irabazitako Kopa ospatzen Arnaitz Rubio

Talde gipuzkoarraren kapitainetako bat denaren hitzetan “sekulakoa litzateke lehen partida irabaztea, eurei etxean derrigorrez irabazi beharreko presioa sartzeko, luzapenean edozer gauza gerta bailiteke. Horixe gertatu zen Malagan. Aurreko minutuetako dinamika izaten da erabakigarria luzapenetan. Gure lehen helburua, argi eta garbi, asteazkenean irabaztea izango da; gainera gure zaleen aurrean berriz jokatzeko deseatzen gaude”.

Final parekatua

Dena den, usurbildarraren ustez “oso parekatuta gaude. Talde bion indargune nagusia defentsa da, eta xehetasun txikiek erabakiko dute partida. Baloi gutxi galtzen saiatuko beharko dugu, eta horretarako erasoan tentu handiz ibiltzea garrantzitsua izango da. Oraingoz, aukerak 50-50 daude, ez dut faborito argirik ikusten”.

Liga erregularrean eta Europako hirugarren txapelketan garaile izan den gaur arratsaldeko arerioaren indarguneak argi ditu Bera Beraren lehen lerroko jokalariak: “Elx oso ondo dabil azken denboraldiotan, iaz Ligako finalerdietan kanporatu gintuzten gu baino hobeak izan zirelako. Taldearen bizkarrezurra mantendu dute eta oso ongi jokatzen ari dira. Gainera, Europako titulu bat irabaztetik datoz. Ahalegin guztiak egin beharko ditugu. Hiru tituluak lortu nahi ditugu, aspaldian inor ez baita horretarako gauza izan. Azken aste hauetan goza-tzen ari gara, joko bolada ederrean gaude”, esan zuen amaitzeko.