Zumaiako Lubaki kiroldegian jokatuko da, 20.00etan hasita, iazko denboraldiari dagokion emakumezkoen eskubaloiko Euskal Kopako finala, Super Amara eta Barakaldoko Zuazo taldeen artean. Gipuzkoarrek San Adrian gainditu zuten Bilbon joan den apirilean, eta bizkaitarrek beste hainbeste egin zuten Aiala Zarautz taldearekin.

Beraz, donostiarrek eta barakaldarrek neurtuko dituzte indarrak Zumaiako Lubaki kiroldegiko zoru berrituan jokatuko den norgehiagoka erabakigarrian.

Bera Berak baja ugari ditu: Maitane Etxeberria, azaroaren 24, 25 eta 26an Santanderren jokatuko den Espainiako Nazioarteko Txapelketan Estatuko selekzio absolutuarekin jokatuko duelako; Carmen Arroyo eta Lyndie Tchaptchet, Mantxako ezker hegaleko atzelariak eta euskarri nafarrak, Aiala Zarautzi utzitako Eider Tapia pibote irundarrarekin batera, Espainiako selekzioarekin jokatuko dutelako Junior Munduko Txapelketa gaurtik igandera bitartean Belgraden; eta Mariane Fernandes brasildarra ere bere selekzioarekin kontzentratuta egongo da. Elke Karsten, aldiz, minez dagoelako egin berri dioten ekografiaren emaitzen zain dago

Horiek guztiak kontuan izanda, Imanol Alvarez entrenatzaileak harrobiko hiru jokalari deitu ditu: June Ruiz de Gauna eskuin hegalekoa, Irati Azkue pibotea eta lehen-lerroko Elene Vazquez, talde nagusiarekin arituko dira gaur Euskal Kopako txapelduna erabakiko duen euskal derbian.

Zuazok berriz, ez du jokatzeko moduan izango Maialen Orbañanos. Gaur egun, aurreko denboraldian jaitsi ondoren, Urrezko Mailan, emakumezkoen Estatuko eskubaloiko bigarren mailan, talde bizkaitarra laugarren da –gogoan izan, Bera Bera dagoen Guerreras Liga nagusira hiru talde igoko direla–, eta Kopari dagokionean, Lanzaroten jokatu zuen lehen kanporaketa ongi gainditu zuen.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Lubaki kiroldegia lepo beteko omen da gaur arratsaldean, emakumezkoen mailako euskal eskubaloirik onena bilduko duen partida handi hori ikusteko.

Euskal Selekzioa

Bestalde, emakumezkoen eskubaloiko Euskal Selekzioak nazioarteko hiruko txapelketa jokatuko du Txile eta Lituaniarekin azaroaren 24, 25 eta 26an. Danimarka, Norvegia eta Suediako Munduko Txapelketaren aurretik egingo den etenaldia baliatuz, euskal konbinatuak etxean jokatuko du Basque International Handball Cup txapelketaren hirugarren edizioa. Talde guztiek elkarren kontra jokatuko dute, eta Euskal Selekzioak eta Txilek jokatuko dute lehen norgehiagoka ostiralean, hilak 24, 18.15ean, Berangoko Kulturgunean. Larunbatean, hilak 25, 18.00etan, Txile eta Lituania izango dira aurrez aurre Gasteizko Zabalgana kiroldegian. Biharamunean, igandean, hilak 26, 18.15ean, Euskal Selekzioa eta Lituaniaren artekoarekin amaituko da aurtengo Basque International Handball Cup txapelketa Deustuko kiroldegian.