Bera Berak Norvegiako Sola HK kanporatu beharko du Q3-an, European Leagueko multzoen fasea jokatu ahal izateko. Super Amarak ez du zorte onik izan EHFren Vienako egoitzan egindako Europako lehiaketaren zozketan. Aurkari gogorra izango da, joan den denboraldian Estatuko ligako Rocasa Gran Canaria kanporatu bai- tzuen, eta Camila Herrem dute erreferentziazko jokalaria. Joanekoa Norvegian izango da azaroaren 12an, eta itzulerakoa Donostian, azaroaren 19an.

Sola hirugarren izan zen Norvegiako liga erregularrean eta Storhamarrek kanporatu zuen play-offetako finalerdietan. Norvegiar txapelketaren mailaz jabetzeko esan, txapelduna Vipers taldea dela, Txapeldunen Ligako egungo txapelduna, Lysa Tchaptcheten taldea, eta Paula Arcos Bera Berako jokalari ohia ere hara joan dela.

Bera Berako neskak zaleak agurtzen Gascan Iker Azurmendi

Europan, Solak bi partidak irabazi zizkion Rocasari, 29-32 Telden eta 34-28 Norvegian. Herria estatuko hego-mendebaldean dago, Stavangerretik gertu, eta Solak igande arratsaldeetan jokatzeko ohitura izaten du. Bigarren lehiaketa kontinentaleko multzoen fasean bi partida baino ez zituen galdu; eta final-laurdenetan, joanekoan etxean berdindu egin zuen (35-35) Thuringerren aurka, eta itzulikoan 27-24 galdu.

Denboraldi honetan Champions jokatzeko asmoa izan arren, EHFk ez zion wild card gonbidapenik luzatu.

Jokalari aipagarrienen artean, Camila Herrem-ez aparte (35 urterekin, selekziotik erretiratuta), Kristina Novak eskuin hegalekoa nabarmendu behar da, abuztuan 23 urte beteko dituenez oraindik nahiko gaztea izan arren, Norvegiak Danimarkari 2022ko azaroan Ljubljanan (Eslovenia) irabazi zion Europako Txapelketan bi partida jokatu baitzituen. Horiez gain, Live Rushfeldt Deila izan zen taldeko golegile nagusia Europan (49 gol, hamar partidatan), ondoren Maja Magnussen (44), Kristiane Knutsen erdikoa (41) eta Novak izan zen hurrengoa (39 gol, zazpi partidatan).

Solak abuztuaren 30ean egingo du debuta Norvegiako Liga Rema 1000n, Follo HK igo berriaren aurka. Gero, 1.200 ikusle sar daitezkeen Asenhallen pabiloian Fana hartuko du, eta Bera Beraren aurretik Storhamar taldeari bisita egin beharko dio.