Bidasoa Irunek denboraldi honetan azkenekoz jokatuko du Artalekun. Hori dela eta, partidaren inguruan hainbat ekimen antolatu dira; besteak beste, jokalari bidasoarrek azken partida hau jokatzeko erabiliko duten elastiko bereziaren enkante publikoa. Irungo taldearen eta Puente Genilen arteko partidarako sarrerak klubaren webgunean eta Artalekuko bulegoan salgai daude dagoeneko.

Abiatu berri den aste honetan 13 zenbakia gailenduko da. Dortsal hori bizkarrean eraman duen jokalari bidasoar handienetako bat Fernando Bolea izan da; tamalez, endekapenezko gaixotasun batek harrapatu du, eta eskubaloiaren familia guztiaren babesa jasoko du datorren larunbateko elastiko bereziaren enkantearekin.

Kamisetan 13 zenbakia izango da protagonista, Julen Aginagaldek eskubaloi jokalaritzat jokatuko duen azken partidako elastikoa izango delako. Kamiseta estilo lisokoa eta kolore bakarrekoa izango da, eta xehetasun txiki batzuk gehitu zaizkio aurrealdean, armarriaren ondoan, jokalari irundarra omentzeko: debutatu zuen urtea, bere izena eta bi abizen agertuko dira, eta bere lehen eta azken partiden urteak (Julen Aginagalde Akizu, 1999-2023); eta mahuketan 13 zenbakia agertuko da. Atzealdean, berriz, jokalariaren aurpegiaren irudi bat agertuko da ezkutu bidasoarraren barruan, eta dortsalak eta jokalari bakoitzaren izenak ukitu retroa izango dute.

Bidasoaren webgunean eta sare sozialetan eskuragarri dagoen enkanteak, orain hiru urte Minbiziaren Aurkako Elkartearen mesedetan antolatutako kamiseta arrosa bereziaren eskema bera jarraituko du. Kasu honetan, Bidasoako jokalari eta entrenatzaile ohiak ezinbesteko duen tratamendua ordaintzeko erabiliko da lortutako diru guztia, azken urte honetan Zaragozan, Valladoliden eta Hondarribian garatu diren ekimenen lekukoa hartuz.

Agurra

Puente Genilen aurkako partida amaitu bezain pronto egingo da Artalekuko ohiko denboraldiaren agurra, zaleak, erakundeak, babesleak eta lehen taldeko kide guztiak bat eginda.