Donostia – Super Amara Bera Berak denboraldi-aurreko partidarik gogorrena jokatuko du gaur. Frantziako Celles sur Belle herrian jokatuko den Belles de Deux-Sèvreseko Torneoan lehen partida izango du talde donostiarrak, Danimarkako Ikast Handball taldearen aurka. Aurreko denboraldian hirugarren geratu zen talde hori, bai European Leaguen, baita bere herrialdeko ligan ere. Lagunarteko txapelketa horretan bertan, Imanol Alvarezen taldeak Frantziako maila goreneko Celles sur Belle talde anfitrioia izango du arerio bihar, eta Alemaniako Bayer Leverkusen ostiralean.

Alvarezen iritziz bere jokalarientzat oso komenigarria da Ikast bezalako taldeekin jokatzea, eskubaloian joka-tzeko beste modu batzuk ezagutzeko. Danimarkako taldeak azken urteetan lortutako emaitzei esker, ziurtatuta dauka European Leagueko multzoen fasean parte hartzea.

Ermuko entrenatzaileak ez ditu jokatzeko moduan izango lesionatuta dauden Malena Cavo eta Sara Gil, eta harrobiko Eider Tapia, Oihane Bautista eta Haizea Urretabizkaia deitu ditu. –M. Tolosa

partidak

Bera Bera-Ikast Gaur, 18.15

Bera Bera-Celles Sur Belle Bihar, 20.15

Bera Bera-Bayer Lerverkusen Ostirala, 17.15