50.535 forma, 68.198 adiera, 111.193 adibide eta 519 esaera zahar biltzen ditu egun Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Azken sei hilabeteotan 1.103 forma berri jaso ditu bere hiztegian (386 sarrera, 434 azpisarrera eta 283 ohiko lexia), eta beste 2.524 forma moldatu edo findu ditu

Euskararen Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, “etengabe” osatzen eta berrikusten dute hiztegia, urtean bitan berrikuntzak sareratuz. Horrela egiten dute 2016an bigarren argitalpena paperean atera zenetik, eta 2024ko lehen sei hilabeteetan egindako lanaren emaitzak jasotzen ditu ostiral honetan sareratu den eguneratzeak. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin zuten 2023an: batetik, bilatzaile berria garatu zuten, funtzionalagoa, bilaketa aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago eskaintzen ditu orain bilatzaileak, askoz zehatzagoa delarik. Forma berriak landu arren, hiztegiko arduradunek sarritan azpimarratzen dutenez, bestelako lanek ere “garrantzia handia” dute, besteak beste, lehendik dagoena txukuntzea edo eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea, “hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko ezinbesteko lana”. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak azaldu duenez, “egiten dugun lanak argi erakusten du, hiztegia ez dela hitz bat behin jaso eta aurrera: etengabe berrikusten da. Forma berriak jaso-tzen dira, eta hala behar du; gainera horien erabilerari erreparatzeko garaia ere bada: hitzen konbinazioak, testuan nola erabili erakusten dutenak, adiera berriak, egungo beharrei erantzuten dieten adibideak, hiztegi egokia eta beharrei egokitua izatea, hau da, kalitatezkoa izatea, kantitatea baino garrantzitsuagoa baita”.

Euskaraz, alegia, euskal hizkun-tzaz arduratzen den erakunde ofiziala da Euskaltzaindia (1919). Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du xedetzat, eta Euskaltzaindiak ematen ditu hizkuntzaren normalkuntzarako arauak. Hizkuntza akademiaren euskal izena Euskaltzaindia da. “Indoeuroparra ez den hizkuntza da euskara, eta euskal hiztun gehienak Euskal Herrian bizi dira (Estatu frantsesaren eta espainolaren arteko mugaldean, Bizkaiko Golkoko barne-txokoan). Hizkuntzaren lurraldea hiru eremu administratibotan hedatzen da: Espainiako erresumako Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, eta Frantziako Errepublikako Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren zati batean. Euskaltzaindiak ezagutza ofizial osoa du; Espainian Errege Akademia da (1976), eta Frantziako Errepublikan onura publikoko erakundea (1995). Herritarren artean aitormen sozial zabala bereganatua du, eta lan handia egin du araugintzan Euskaltzaindiak, betiere euskaldunen hizkuntzaren batasuna eta eguneratzea gidatuz, 1968tik hona, batez ere” azaldu zuten, erakundearen inguruko informazioa eskaintzeko orduan.

Eusko Pizkundearen baitan (1876-1936) eta testuinguru jakin hartan (Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Ba-tzarreko egunetan) sortu zen Euskaltzaindia, euskara goreneko kultur balio-tzat harturik, berori babestu eta sustatu nahi zen unean.

19. mendeko hainbat euskaltzalek jada azpimarratua zuten, baita lehenagotik ere, hizkuntzaren defentsarako Akademia baten premia (Ulibarri, 1832; Aizkibel, 1856; Abadia eta Duvoisin, 1862; Manterola, 1880; Artiñano, 1886), eta, 20. mendeko lehen hamarkadetan jakitun eta herritarren elkarte batzuek ere eskatu zuten halako erakunde bat lehenbailehen eratzea.

Azkenik, atzerriko (Bonaparte, Van Eys, Schuchardt, Dodgson, Gavel, etab.) eta geure herriko ikertzaileek (Campion, Azkue, Urkixo, etab.) bultzatu egin zuten asmo hura, baita, aldi berean, garaiko herritarren elkarte euskaltzaleek ere (Euskal Esnaleak, adibidez). “Horiek guztiak bat eginda piztutako giro egokitik eratorri zen, hizkuntzaren Herrialde Historikoetako Herri Erakundeek Akademiaren Hizkuntza Erakundea sortzea. Horretarako lehen ekimena Bizkaiko Foru Aldundian sortu zen, eta ondoren atxiki zitzaizkion asmo horri penintsulako beste lurraldeetako hiru aldundiak (1918). Horfrela onartu zen lehenengo Arautegia eta Euskaltzaindia juridikoki eratu (1919ko urrian). Urtebete geroago hasi zen bere bidea egiten Akademiaren buletin ofiziala den Euskera agerkaria, Erakundearen arauak eta ikerlanak jaso izan dituena”, nabarmendu zuten. l

Xehetasunez

  • Informazioa. Euskararen Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, “etengabe” osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sarera-tzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2024ko lehen erdian egindako lanaren emaitzak jasotzen ditu ostiral honetan sareratu den eguneratzeak. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin zen 2023an: batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da.
  • Balorazioa. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak adierazi duenez, “egiten dugun lanak erakusten du hiztegia ez dela hitz bat behin jaso eta aurrera: etengabe berrikusten da. Forma berriak jasotzen dira, eta hala behar du, baina horien erabilerari erreparatzeko garaia ere bada: hitzen konbinazioak, testuan nola erabili erakusten dutenak, adiera berriak, egungo beharrei erantzuten dieten adibideak, hiztegi egokia eta beharrei egokitua izatea, hau da, kalitatezkoa izatea, kantitatea baino garrantzitsuagoa baita”.
  • Lana. Euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da Euskaltzaindia (1919). Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du xedetzat, eta Euskaltzaindiak ematen ditu hizkuntzaren normalkuntzarako arauak. Hizkuntza akademia honen izena Euskaltzaindia da.